Dokumentuaren akzioak
1936 etiketa duten bideoak
Hiru satan-dantzari 1936
Filmean Bretainiar dantzari gisa izendatuak badira ere, argi dago Zuberoako dantzariak direla irudiotakoak. Doinurik gabe ezin ziur esan, baina badirudi satan-dantza egiten ageri direla hiru dantzari zuberotarrak. Dotore ari dira dantzan, nabarmentzekoa da ze batera mugitzen diren hiru dantzariak. Ederra da ikustea nola mugitzen dituzten besoak puntu bakoitza ixterakoan, manera zaharrean.
Noizko irudiak izan zitezkeen miatzen jarri eta Jean Mixel Bedaxagarren 'Aitzina Pika' liburuan topatu dugu erantzuna. 1935eko urtea, ospakizun urtea izan zen Erresuma Batuan Jorge V. eta Edinburgoko Maria errege-erreginen zilarrezko ezteiak medio. Hori ospatzeko, Inglaterrako folklore dantza eta kantuen elkarteak (English Folk Dance and Song Society-k) nazioarteko dantzen jaialdia antolatu zuen. Violet Alford jaialdiko idazkaria, Willian Boisel Zuberoako dantzarien sustatzaile izan zenarekin harremanean jarri zen, aitzindari talde bat bertaratu zedin, baina aurrekontu arazoak tarteko, azkenean ezin izan zuten Inglaterrara bidaiatu.
Baina hortik gutxira bai, 1936ko urtarrilean, Zuberoako aitzindari talde batek Royal Alber Hall antzoki famatuan dantzatu zuen eta bidai harenak izan daitezke bideoan ikus ditzakegun irudiak. Honako honetan ingelesek hartu zituzten haien gain bidai gastuak eta hartara, honako dantzariak izan ziren Albert Hallen dantzatu zirenak:
- Zamaltzaina: Jean Harbustan (Barkoxekoa)
- Entseinaria: Pierre Harbustan (Barkoxekoa)
- Kantiniersa: Barthélémy Cachau (Barkoxekoa)
- Gateroa:Jean Pierre Karrikiri (Barkoxekoa)
- Txerreroa: Jean Copen (Irurikoa)
- Xirularia: Arnaud Laxague (Liginagakoa)
Ion C B Jamieson eskoziarrak egindako film bateko irudiak dira, beraz, goikoak. Hamar urte zituela dantza-maisu ibiltari baten klaseak jaso zituen bere familia eta auzokideekin batera. Handik urte batzuetara inguruetako lekuko dantzak jasotzen hasi zen eta bere dantza taldea ere sortu zuen. Talde horren dantzak eta beste zenbait dantza jasotzen dituen filma egin zuen eta Arkaitz Pascuasen bidez izan dugu filma horren berri. Pelikularen amaieran nazioarteko jaialdi batean eta zenbait ikuskizunen hartutako irudiak ageri dira, tartean, Zuberoako dantzarien saio hau.Pena bakarra, motz gertatzen direla irudiak. Ion C B Jamieson, hiru satan-dantzari, 1936.
Dokumentuaren akzioak