Dokumentuaren akzioak
Tuterako San Joango paloteadoa Nafarroako dantzen atlasean
Nafarroako Dantzen Atlasean txertatu duten azkenengoetako fitxa da Tuterako San Joango paloteadoarena; herri antzerkia eta dantzak biltzen dituen adierazpen kultural honen inguruko informazio xehea argitaratu berri du Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak. Zikloa osatzen duten dantzen inguruko azalpenak, musika, partiturak, argazkiak eta bideoak jaso dira, baita festaren testuingurua, azalpen historikoa eta dantzarien eta pertsonaien jantzien deskribapena ere.
Bi egunez dantzan
San Joango paloteadoa (edo Lourdes auzoko paloteadoa) Tuterako Lourdes auzoan ospatzen da, ekainaren 24tik hurbilen dauden ostiralean eta larunbatean. Bi egun pasatxora luzatzen dira paloteado edo dance honetako errituak eta dantzak; ostiralean bezperako kalejirarekin hasi eta igande goizaldean abesten den aurorarekin amaitzen da jaia.
Asteburuan zehar hainbat dantza plazaratzen dira, hala nola, ostiraleko kalejiran, larunbateko prozesioan eta plazako emanaldi nagusian. San Joango paloteadoari buruzko fitxa orokorrean dantza bakoitzari buruzko azpi atalak ere eskuragarri dira, bakoitzaren azalpen tekniko, bideo, argazki, audio eta partiturekin:
Urtetik urtera atlasa borobiltzen
2014. urtean jarri zen Nafarroako Dantzen Atlasa Interneten eskuragarri eta ordutik fitxak gehitzen ari dira Ortzadar Elkartekoak. Helburua da Nafarroako dantza tradizionalaren erregistroa eta monitorizazio sistematikoa bultzatzea, eta dantzen sustapena, balorizazioa eta transmisioa indartzea. Guztira 300 dantza identifikatu dira eta pixkanaka ari dira bakoitzari buruzko fitxak osatzen; berriki gehitu dutena da Tuterako San Joango paloteadoarena. Webgunea Ortzadarrek gidatzen du eta edukiak Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboan gordetzen dira.
Informazioa: Nafarroako Dantzen Atlasa
Dokumentuaren akzioak