Dokumentuaren akzioak
Otsagabiko, Ablitasko eta Luzaideko dantzak Nafarroako dantzen atlasean
Dantza bakoitzaren deskribapen, historia, argazki, bideo, musika eta abarreko xehetasunak eskaintzen dituzten fitxak argitaratu dituzte Ortzadar Euskal Folklore Elkartekoek. Izan ere argitaratu berri dituzte Otsagabiko, Ablitasko eta Luzaideko dantzen fitxak Ortzadar Euskal Folklore Elkartea osatzen ari den Nafarroako dantzen atlasean.
Atlasaren helburua da Nafarroako dantza tradizionalaren erregistroa eta monitorizazio sistematikoa bultzatzea, eta dantzen sustapena, balorizazioa eta transmisioa indartzea.
Pixkanaka, Nafarroako hainbat dantzen inguruko informazioa osatzen ari dira. Oraindik fitxak guztiz osatu gabe badaude ere, azkenak Otsagabiko, Ablitasko eta Luzaideko dantzen xehetasunak argitaratu dituzte.
Otsagabiko dantzak
Otsagabiko dantzek irailaren 7an eta 8an herriko festetan dantzatzen den zikloa osatzen dute. Zazpi dantza dira, lau makila-dantza (enperadorea, katxutxa, dantza eta modorro), pañolo-dantza, jota eta kriskitinak joz dantzatzen den karrika-dantza.
Dantza bakoitzaren fitxa teknikoak, partiturak, audioak, bideoak, ibilbidea, argazki galeria eta datu historikoak topa ditzakegu atlasean.
Argazkia: Nafarroako dantzen atlasa
Luzaideko bolant eguneko dantzak
Aste Santuko Pazko igandean Luzaiden Bolanten Eguna ospatzen da. Antzinako inauterietako konpartsak, dantzari eta pertsonaiek goizez desfilatu eta dantza egiten dute herrian zehar eta auzo batzuetan (Pekotxeta eta Bentak) eta arratsaldez frontoian dantzatzen dute. Bolantek ematen diote izena festari, pertsonaia horiek Nafarroa Beherako inauterietakoak dira, baita dantzatzen dituzten dantzak ere.
Dantza hauen fitxa teknikoak jaso dira atlasean: antrexatak, bolant-dantza, dantza-luzea, euskaldunak, lehenbiziko kontra-dantza, bigarren kontra-dantza, hirugarren kontra-dantza, laugarren kontra-dantza, makilariena, martxa, sorginak. Baita dantza bakoitzaren bideoak, partiturak, audioak eta festa eguneko argazki sorta ere.
Argazkia: Nafarroako dantzen atlasa
Argazkia: Nafarroako dantzen atlasa
Ablitasko dantzak
Ablitasko plego-dantza eta paloteadoa arkitutuko ditugu Atlasean.
Jatorrizko "Danza del Plego" oinarri hartuta sortutako dantza berria da. Plego-dantza irri-dantza da eta bertan partaidetako batek besteak gerritik zintzilik daraman paperezko orria, erretzen saiatu behar du. Jatorrizko dantza horri gehitu zaizkio plazan sartzeko eta ateratzeko dantza eta jota. Beraz, plego-dantzaren, jotaren eta sarerako eta irteerako dantzaren fitxak jaso dira atlasean.
Argazkia: Nafarroako dantzen atlasa
Paloteadoa edo makila-dantza herri antzerkia eta dantza batzen dituen folklore adierazpena da. XIX. mendearen bukaeran galdutako paloteadoa 1996an birsortu zuten Ablitasen, horrekin batera Arrosarioko Ama Birjinaren omenezko festak ere berreskuratu zituzten. Dantza zikloan honako dantzak jaso dituzte: kortesiak, arku-dantza, makilen jota, emakumeen pasakailea, makilen paseoa, giza-dorrea eta zinta-dantza.
Argazkia: Nafarroako dantzen atlasa
Ablitasko dantza horien azalpen historikoak, bideoak, argazkiak, audioak eta partiturak jaso dira atlasean.
Informazioa: Nafarroako Dantzen Atlasa
Dokumentuaren akzioak