Dokumentuaren akzioak
Nafarroako Dantzen Atlasa prestatzen ari da Ortzadar elkartea
Nafarroako Dantzaren Behatokia Proiektua: Jardunaldi hauen lehendabiziko hitzaldian azaldu zenez, 2005ean Nafarroako Ondare Kulturalaren Legea onartu zenetik, abian jarri zen Ortzadar Elkartean materiarik gabeko ondarearekin lotutako hainbat ideia eta kontzeptuekin ohitzeko prozesua. Hau 2009. urtean bukatu zen “Nafarroako Dantzaren Behatokia” proiektuaren aurkezpenarekin. Proiektua helburu zehatz eta garbia zeukan: dantza tradizionalen jarraipen hurbila egin behar zen eta ez, soilik, grabatu interneten zintzilikatzeko. Buruan geneukana zen haien gaineko monitorizazioa ezartzea beraien garapenaren nondik norakoak identifikatzeko eta erregistratzeko.
Behatokiaren proiektua aurrera eramateko Nafarroan dauden dantza tradizionalen errolda bat egitea ezinbestekoa zen. Lehendabiziko fase honi dantza bakoitzari egin beharreko fitxaren egitea gehitu behar zitzaion. Hau da Nafarroako Dantzen Atlasa izenpean ezagutarazi nahi duguna.
Ortzadar eta Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboa: Artxibo hau sortu zenetik abiatzen da Ortzadar eta bion arteko kolaborazioa. Izan ere, Alfredo Asiain Artxiboaren zuzendaria, Folklore Jardunaldietan eman zuen Artxibo honen sorreraren berri. Hasiera horietatik Ortzadar Elkartea “lehen mailako laguntzailea” izan da Antropologia eta Musikologia gaiei dagokienez, bere kide batuk laguntzaileak izanda ere bai. Baina Artxiboari Ortzadarrek egin lezakeen ekarpenik hoberena egun hauetan aurkeztu dugun dantza tradizionalaren inbentarioa da.
Errolda batetik inbentario batera: Nafarroako Dantzaren Atlasa: Iturri bibliografikoek eta bestelakoek (hemeroteka, internet etabar) dantza kopuru harrigarria eman digute : 300en bat dantza. Horietarik batzuk hilik daude jada eta beste batzuk tradizioz mantendu dira. Badira ere baik berreskuratuak, birsortuak edo ta, zuzenean berriak direnak, baina herri tradizioetan txertatzeko bokazioarekin beti ere. Errolda horrekin lan egitea eta dantzen filmazioari ekitea erabaki genezakeen. Hala ere, Ondare Ez-materialari buruzko Folklore Jardunaldietan (2002) eta Nafarroako Interes Kulturaleko Ondasunak izendatzeko egindako derrigorrezko txostenetan (Ituren, Zubieta eta Lantzeko Inauteriak (2009); Hiru Behien Tributoa (2011); Luzaideko Bolant-eguna (2012)) jasotako eskarmentuarekin asmo handiko ekimen baten alde jo genuen: orain aurkezten ari garen Atlasa, hain zuzen. Baina egitasmoa burutzeko beharrezkoa suertatzen da informazio osoa jasoko duen fitxa bat egitea eta hau Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboarekin adostu izan da.
Nafarroako Dantzaren Atlasaren helburuak: Atlasa bi xede nagusirekin jaio izan da: Alde batetik dantza tradizionalari buruzko base dokumental sakona izan nahi du, zeinean dantzaren ezagupenaren eta garapenaren intereseko izan litezkeen datu guztiak aurki daitezkeen. Bestaldetik ere, Atlasak dibulgaziozko izaera izan nahi du, dibulgazio hitza bere zentzu zabalenean hartuta ere. Hau da, ez dugu nahi dantza tradizionalaren ezagutzaren isla izan dadin. Dibulgaziozko helburu honekin kuriositatea edo interesa duen herritarrengana iritsi nahi dugu, baina baita ere zientifikorengana; badu zerikusirik baliabide grafikoen ikuspenarekin, baina baliagarria izan beharko luke dantzaren transmisiorako eta iraupenerako. Horretarako bere edukiak ondare kulturaleko heziketara edota ondare mota honi buruzko unitate didaktikoen sortze eta argitaratzera zabalduko dira.
Nafarroako Dantzaren Atlasaren ezaugarriak: Nahiz eta Atlasa Ortzadar Elkarteak gidatuko duen, bere barnean egonen diren edukiak Nafarroako Ondare Ez-materialaren Artxiboan gordeko dira, Artxiboaren gainontzeko materialen baldintza berberen azpian. Bi arrazoi daude erabaki honen atzean: Alde batetik Artxibo honekiko Ortzadar Elkarteak duen kolaborazioarengatik eta bestaldetik, Ortzadar Elkarteak nahi duelako Atlasa bere egituraren albo batean utzi. Are gehiago, konbentzituta gaude ezen aurrera joateko, adierazpen koreografikoen protagonismoa duten ekintzaileen eta adierazpenak ematen diren herrietako herritarren partaidetza lortzea biderik egokiena den. Hau da, Atlasa auzolanean, ziberauzolanean eraikitzeko borondatea badago eta horretarako Ortzadarrek www.dantzaatlasa.com webgunea sortuko du, zeina 2014ko apiriletik aurrera www.dantzaatlasa.eus izango den.
Informazioa: Nafarroako Dantzen Atlasa (Ortzadar Euskal Folklore Elkartea)
Dokumentuaren akzioak