Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Otxandioko emakumeen soka-dantza osatu eta aberastu dute

Dokumentuaren akzioak

Otxandioko emakumeen soka-dantza osatu eta aberastu dute

2021/07/21 08:00
Otxandioko emakumeen soka-dantza osatu eta aberastu dute

Soka-dantza, Otxandio. Argazkia: Urduri dantza taldea

2017an berrekuratu zuten Otxandiko emakumeek 1935etik dantzatu gabe zegoen soka-dantza, eta aurtengoan hainbat zati gehituta plazaratuko dute. Urduri dantza taldeko kideek uztailaren 22an aterako dute soka, iluntzeko 19:30ean herriko plazan.

Soka-dantza osatzen

Badira bost urte Santurtziko Mendi Alde dantza taldeko kideek Otxandioko emakumeen soka-dantza birsortzeko proposamena egin zietela otxandioarrei. Mendi Aldekoek dokumentazio lana egina zuten eta Sabina Oiangurenek ere erakutsi zizkieten hainbat urrats; Oianguren Otxandion soka-dantza modu zaharrean dantzatu zuen azken belaunaldiko emakume da. Pista horietatik abiatuta plazaratu zuten soka-dantza Otxandion 80 urteren ondoren. Orduko hartan inguruko herrietako jende asko hurbildu zela azaldu digu Ainhoa Lasuen Urduri dantza taldeko kideak, eta bat baino gehiagok aipatu zieten bazirudiela zerbait falta zela edo zenbait xehetasun ez zetozela bat Durangaldeko soka-dantzekin. Izan ere, Otxandiori geografikoki Durangaldea gertu geratzen zaio, eta zenbait dokumentutan ere jasota zegoen iurretarren tankeran dantzatzen zela garai batean.

Errementarien soka-dantza
Soka-dantza, Otxandio. Argazkia: Urduri dantza taldea

Horrela, pandemiako etena aprobetxatuta ikertzen hasi dira, "aurreko urtean pandemiarengatik ezin izan genuen dantzatu eta pentsatu genuen momentu egokia zela dokumentazioak begiratu eta ikusteko ea zerbait aurkitzen genuen". Durangaldeko soka-dantzen egitura antzekoa zuen Otxandiokoak, baina baditu berezitasun batzuk ere. Durangaldean ez bezala, atzeskuak eta aurreskuak urrats berberak egiten zituzten banakako erakustaldietan, eta jarraian zortzikoa dantzatzen zuten publikoarentzat. "2017an birsortu genuen dantza osatu dugu orain", aurrena atzeskuak eta aurreskuak erregelak egingo dituzte, ondoren kopla bat abestuko dute eta jarraian, publikotik aukeratutako gonbidatuei eskainiko diete dantza aurreskuak eta atzeskuak.

Prestaketak zail

Dokumentazioa eta testigantzak oinarri hartu eta Iurretako dantzariei eskatu diete laguntza Urduri dantza taldekoek. Horrela, denen artean moldatu eta aberastu dute 2017tik dantzatu duten soka-dantza. Ilusio eta gogo faltarik ez da izan, eta dantzariak plazan ikustea pozgarria bada ere prestaketarako baldintzak ez dira izan nahi bezalakoak, "ez zaigu erraza egin, beste hilabetetxo bat gustura hartuko genuke", dio Lasuenek. Denboraldi luzez entseatzeko berme legalik ez da egon, eta, gero, hainbat dantzari behin baino gehiagotan konfinatuta egon omen dira. Zailtasunak eta mugak egonagatik, ordea, gogotsu dira otxandioarrak ostegun honetan plazara dantzara irteteko.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.