Dokumentuaren akzioak
Flores anaiak: “Jaso dugunak ondarea birsortzeko balio izatea gustatuko litzaiguke”
Mundi eta Andoni Flores, Dantzan.eus-eko erredakzioan. Argazkia: Dantzan.eus, Gari Otamendi CC BY-SA
Bat aukeratzekotan, pasioa litzateke Flores anaiak definitzeko hitza. Portugaleten jaio ziren Raimundo Mundi eta Andoni Flores anaiak. Haur zirelarik Salleko eta Eusko Lorak taldeetan aritu ziren eta nerabezaroan sartu ziren Santurtziko Mendi Alde taldean. Folklorearen munduak harrapatuta, hemezortzi urterekin hasi ziren Euskal Herriko hainbat herritara joaten, tokiko dantzak tokiko biztanleekin ikastera.
Ordutik hona, hamaika herritan izan dira. Besteak beste, aipagarriak dira Lizartzan edota Adunan egindako ekarpenak. Lizartzako dantzak ikasteko grinari esker, bertako dantzak eta taldea berpiztea, lizartzatarrek ahazturan baitzituzten beren dantzak. Hara joaten hasi zirenean, herritarrek utzitako lur-sailetan kanpina jarrita pasatzen zituzten asteburuak. Handik bi urtera, Lizartzako dantzak biziberrituta zeuden, eta herritarrek material etnografiko aberatsa uzten zieten (arropak, tresnak, etab.). Andoaingo eta Adunako axeri-dantzetan parte-hartu zuten 70eko hamarkadan, hango herritarrekin. Bilaka-bilaka, umiltasunez, asko ikasi dutela diote.
Dagoeneko lan-bizitzatik erretiroa hartuta, inoiz baino aktiboago segitzen dute. Informazio berria jasotzeari eta duela urte asko jasotakoa atontzeari ematen diote denbora gehiena. Eskuzabaltasuna dute balio nagusietako bat, eta horren erakusgarri, Otxandioko soka-dantzari eta sorgin-dantzari buruzko dokumentazio material aberatsa ekartzera etorri dira Dantzan.eus-eko erredakziora. Aurki argitaratuko dugu. Jaso dutena otxandiotarrek probestea gustatuko litzaieke, beren herriko ondarea aberasteko. Bi anaion bisita baliatu dugu, Otxandioko sorgin-dantzari eta soka-dantzari buruzko hitzaspertu bat egiteko.
Andoni eta Mundi Flores, Santurtziko folklore-zaleak
Noiz hasi zineten Euskal Herriko herrietara dantzak ikastera joaten?
Joan den mendeko 50eko hamarkada zen. Artean nerabeak ginen, eta Bizkaiko Bankuko mapa bat ikusi genuen. Dantzarien irudiz betetako mapa bat zen: Lanestosa, Zeanuriko makil-dantza bat, Gatikako arku-dantzak… Horrekin batera, Julio Caro Barojaren Los Vascos liburuan Otxandioko sorgin-dantzei buruzko pantomima bat agertzen zen. Besterik gabe, taldean komentatu, eta hara joatea erabaki genuen.
Esan eta egin, Santurtzitik Otxandiora.
Hala da. Ikaragarrizko hotza egiten zuen. Elizan sartu eta Santa Marinaren azpian, dragoia beharrean, deabrua zegoen, eta esan genuen, “hemen sorginak egon behar dira derrigor!” Otxandion bertan badago Sorgin-estrada, eta Barandiaranek eta Caro Barojak aipatzen dituzte sorginak Otxandion.
Mezatatik ateratzen ari zen jendea eta, ez geneukanez ez esperientziarik, ez metodologiarik, zuzenean jende helduari galdezka hasi ginen: “zer esan diezagukezu sorgin-dantzaren inguruan?”. Euskaraz ez genekien gainera, eta Otxandioko euskalkia oso itxia da. Nolanahi ere, harrituta geratzen ziren, oraindik ere sinismen handia dagoelako, eta erreparoa ematen zien sorgin kontuez hitz egiteak.
Bat-batean, gizon batek esan zigun gogoratzen zela sorgin-dantzaz, eta doinua ere kantatu zigun. Bilbon bizi ziren bi otxandiotarren kontaktua eman zigun. Sorgin-dantzaz apenas gogoratzen ziren, baina bietako batek burdin-olei buruzko informazio asko eman zigun, eta horrekin Otxandioko olagizonen soka-dantzaren berri ere izan genuen.
Nolakoa zen deskribatu zizueten sorgin-dantza?
Nahiko modu ludikoan egiten omen zen, gehiago zuen jolasetik dantzatik baino. Sorgin nagusia erratz batekin egoten zen plazan, eta jolaseko partaide ziren beste herritarrei, sorginei, garrasi egiten zien. Zuhaitzetan ezkutatzen ziren eta, diotenez, adar erre usaina antzeman behar zuten, bestela sorgin nagusiak jo egiten zituen. Litekeena da San Juan inguruan egin izana. Ez zegoen pausu edo musika ezagunik.
Txikitoak hartzen ari zirela, plazara atera eta erdi-ezkutaketan, jendean beldurtzeko edo isekarako egiten zuten, ez era erritualean. Otxandioko Sorgin-estradatik barna ere joaten ziren. Amaieran denak plazara itzultzen ziren.
Plazan sorgin nagusia egoten zen, kainaberazko erratz batekin, nahiz eta ez zegoen pausu edo musika ezagunik. Dirudienez hainbat kopla kantatzen omen zituen, eta guztiek kantatzen zuten halako lelo moduko bat, elkarrizketatu ditugun guztiek oroitzen dutena. Makilekin kobrezko pertzak jotzen zituzten, “katxarro lento” esaten zioten erritmoan.
Horrekin batera, gure informatzaile nagusietako batek, Gabriel Viterik, Otxandio eta Oleta bitartean dagoen Amezola-errekara eraman gintuen, ustez sorginak biltzen ziren tokira. Garatxoak kentzeko belar bat ere erakutsi zigun, eta sorginkeriari buruz zerbait ote zekien galdetuta, esan zigun horiek zirela benetako sorginkeriak, kar kar!
Eta soka-dantza?
Olariek egiten zuten, Santa Marina egunaren, uztailaren 19aren, ondorengo hirugarren egunean. Burdin-olatik ateratzen ziren, garbitu ere egin gabe, eta herrian zehar ibilbide bat egiten zuten, plazaraino, han soka-dantza egiteko. Ohiturari hainbeste eutsi zioten, ezen, burdin-olen krisiarekin eta lanaren mekanizazioarekin ere, olari izandako beharginak nahita zikintzen baitziren dantzatzeko. Emakumeek ere egiten eta gidatzen zuten soka-dantza, eta olariak ateratzen zituzten. Kontuan izan behar da XX. mende hasiera arte emakumeek gidatutako eta egindako soka-dantza bati buruz ari gara.
Dokumentazio-material hori bildu duzue orain. Zein helbururekin?
Aspaldi jaso genuen, eta atondu eta osatu egin dugu orain. Guretzat ideala litzateke soka-dantza eta sorgin-dantza egitea, Otxandiok merezi duelako ondare hori birsortzea. Dokumentazioa bilduta dago, eta Otxandion badira dantzari gazteak. Horretarako, Euskal Herrian, asko ez, baina badaude halako birsortze-lana egiteko gai direnak.
Soka-dantzaren interpretazio bat egin genuen Santurtzin, olarien jantziekin. Azken batean, guk labe garaietan egin izan dugu lan, eta badute lotura jantziek. Gure laneko hainbat material erabili genituen. Baina ez da gauza bera, eta uste dugu otxandiotarrek egitea ederra litzatekeela.
Dokumentuaren akzioak