Dokumentuaren akzioak
Maritzuliren 'Dantzaz Ele' jantzi erakusketa Donostian
Maritzuliren Dantzaz Ele jantzi erakusketa, Baiona, 2021-09-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA
Baionako katedraleko klaustroan milaka ikuslek ikusi zuten erakusketa Donostiako San Telmo museoan izango da martxoaren 28tik apirilaren 23ra. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako dantza erritutako jantziak biltzen dituen Baiona-Miarritzeko Maritzuli konpainiak sortutako Dantzaz Ele erakusketak. 2021ean Baionako katedraleko klaustroan aurkeztu zen erakusketa hau, eta Baionan hartu zuen itxura bertsua hartuko du erakusketak Donostian ere, hemen ere erakusketaren zati handi bat klaustroan izango baita eta bestea elizan. Asteartean, martxoaren 28an, San Telmo Museoan, 11:30ean, aurkeztuko dute Maritzuliko kideek ikusgai ipini duten lana eta 12:30ean inauguratuko da erakusketa. Horrela, martxoaren 28tik apirilaren 23rako tartean, asteartetik igandera, 10:00-20:00 izango da irekita.
Lau dantzari segida
Dantzaz Ele erakusketak Ipar Euskal Herriko lau dantzari segizio aurkezten ditu: Besta Berri, Uztaritzeko inauteriak, Nafarroa Behereko kabalkadak eta Zuberoako maskaradak. Maritzuliko Jon Olazkuaga Garibalek azaldu digunez, “beti ikuspegi zehatz batekin, adibidez, Besta Berriko segidan hartu dugu oinarritzat Marie Garai margolariaren 1988ko margolana, Uztaritzeko kaskarotetan XX. mende hasierako jantziak berreskuratu ditugu, Kabalkada Luzaideko modeloan eta maskaradak orain desagertuta dagoen modelo batean”.
Jantziak herriz herri
Jantzi erakusketa sortzerako, hasiera-hasieratik, ideia eta nahia zen hainbat lekutan ezartzea, beraz gustura dira Maritzuliko kideak Donostian euren lana erakusteko aukera izateaz. Erakusketa oso-osorik Baionan bakarrik izan da ikusgai orain arte. Hala ere, Confolens, Guillon eta Bretainian hainbat zati ikusgai izan dira, “erakusketaren interesa hori zen zatitzen ahal genuela eta presentatzen ahal genuela zatika. Heldu den hilabetetan ikusgai izango dira hainbat herritan zatitxo batzuk”.
Dantzaz Ele izango da ikusgai Donostian, baina ez da dantza taldeak prestatu duen jantzi erakusketa bakarra. 2020an Euskal herriko Jantziak lana aurkeztu zuen publikoarentzat eta 2022an, Hiri Sartzea estreinatu zuen. Azken hiru urtetan, hamarkadetan osatu duten bederatziehun piezatik gorako jantzi bilduma aberatsa jendeari erakusten dabiltza.
Maniki bidaiariak Donostiara
Claude Iruretagoienaren eta Jon Olazkuagaren gidaritzan 10 bat pertsonako taldea ibiltzen da borondatez erakusketako jantzi guztiak txukun-txukun sailkatzen, gordetzen eta berriz publikoari erakusteko prestatzen, “manikiak janzten ditugu Miarritzen hilabete batez eta bidaia egiten dute jantzita, eta Donostian deskargatu eta instalatzen dugu dena”. Izan ere, Maritzuliren tailerrean eta garajean izan ohi dituzte gordeta jantziak eta manikiak. Bertan prestatu eta behin Donostiara garraiatuta egun bat eta erdian muntatzea espero dute. Dena Donostian prestatu beharko balukete, 15 bat eguneko lana izango litzatekeela diote.
Dokumentuaren akzioak