Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ipar Euskal Herriko festetako jantziak aurkeztu ditu Maritzulik "Dantzaz ele" erakusketan

Dokumentuaren akzioak

Ipar Euskal Herriko festetako jantziak aurkeztu ditu Maritzulik "Dantzaz ele" erakusketan

2021/09/03 08:45
Ipar Euskal Herriko festetako jantziak aurkeztu ditu Maritzulik "Dantzaz ele" erakusketan

Maritzuli konpainiaren "Dantzaz ele" erakusketa, Baiona. Argazkia: Maritzuli

Baionako katedraleko klaustroan Ipar Euskal Herriko hainbat festetako eta erritutako jantziak ipini ditu ikusgai Maritzuli konpainiak abuztuaren 24tik irailaren 14ra bitarte. "Dantzaz ele" izeneko erakusketan lau dantzari segizio muntatu dituzte: Besta Berri, Lapurdiko inauteriak, Nafarroa Behereko Kabalkada eta Zuberoako maskaraden taldea.

Jantzi bilduma argitara

Bederatziehun pieza baino gehiagoko jantzi bilduma aberasgarria eta ikusgarria du Maritzulik. Urteetako ikerlanaren eta eskulanaren emaitza da konpainiaren jantziteria. Claude Iruretagoiena eta Jon Olazkuaga arduratzen dira egun jantzien mantentzeaz, lehena Maritzuli dantza konpainiako zuzendaria eta bigarrena dantzaria eta ikerlaria. Aurreko udan ere Baionako klaustroan erakutsi zituzten hainbat jantzi, gehienak, XVI. eta XX. mendeetako Euskal Herriko janzkeran oinarrituak. Erakusketaren arrakasta ikusita lanean jarraitu dute, eta aurten Ipar Euskal Herriko festetako jantziak dira protagonistak.

Dantzaz ele
Maritzuli konpainiaren Dantzaz ele erakusketa, Baiona. Argazkia: Maritzuli

Besta Berriko pertsonaien hainbat jantziak ikus daitezke. Marie Garai margolariaren 1988ko margolana hartu dute oinarri pieza horiek osatzeko; margolariak Bidarraiko kabalkada irudikatu zuen. Lapurdiko inauterietako mozorroak ere ikusiko ditu erakusketara bertaratzen denak, batez ere, Uztaritzeko tradizioari begira eginikoak. Horiez gain, Nafarroa Behereko Kabalkada bat eta Zuberoako maskaraden talde bat daude ikusgai. Azken hori, desagertua den modelo baten interpretazioa dela azaldu digu Olazkuagak.

Dantzaz ele
Maritzuli konpainiaren Dantzaz ele erakusketa, Baiona. Argazkia: Maritzuli

Jantziak dantzan

Erakusketako jantziak dantzan jarriko dituzte Maritzuliko dantzariek irailaren 12an. Jantzien eta festen inguruko azalpenekin eta dantzekin osatutako emanaldia osatu dute. Koldo Ameztoi kontalariak azalpenak emango ditu Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako festen inguruan, eta informazioarekin batera dantzaz eta musikaz beteko da Baionako katedraleko klaustroa. Jean Christina Irigioen "Galtxetaburu" soinujolea ere ariko da ekitaldian. Bi saio izango dira: 11:00etan frantsesez eta 16:00tan euskaraz.

Dantzaz Ele erakusketa

  • Non: Baionako katedraleko klaustroan
  • Noiz: abuztuaren 24tik irailaren 14ra.
  • Ordutegia: 9:00-12:30 eta 14:00-18:00.

Dantzaz Ele emanaldia

  • Non: Baionako katedraleko klaustroan
  • Noiz: irailaren 12an, 11:00etan frantsesez eta 16:00tan euskaraz.
  • Sarrerak: Doan da sarrera, baina lekuak murriztuak direnez aurrez erreserba egin behar da  +33 559 466 159 telefonora deituta.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.