Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jon Oñatibiaren Erri-dantza, 40 urteren ondoren berriz plazan

Dokumentuaren akzioak

Jon Oñatibiaren Erri-dantza, 40 urteren ondoren berriz plazan

2015/11/23 10:30
Jon Oñatibiaren Erri-dantza, 40 urteren ondoren berriz plazan

Erri-dantza Donostian, 2015-10-18.

XX. mendean hainbat ahalegin izan dira "euskal dantza nazional" bat ezartzeko. Sabino Aranak Durangaldeko ezpata-dantza hautatu zuen horretarako, eta Eusko Gaztedik praktikan jarri zuen. Errepublika garaian, Aita Donostiak Baztango mutil-dantzak proposatu zituen eta eskoletan erakutsi behar zirela defendatu zuen. 1970eko hamarkada hasieran, Jon Oñatibiak (Bidegileak, pdf) Erri-dantza sortu eta plazaratu zuen, izenean bertan adierazi moduan, euskal herritarren dantza

Jon Oñatibia 1971
Jon Oñatibia, Erri-dantza estreinatu zen egunean Orexan. La Voz de España, 1971-10-26
komuna izateko asmoz. Hamarkadaren bukaeran, Euskal Dantzarien Biltzarrak larrain-dantza hautatu zuen herrialde guztietako dantzariek batera egiteko dantza izan zedin.

Mutil-dantzak abiapuntu

1970ean, euskal musikaren panorama irauli zuen Ez Dok Amairu taldeak ikuskizun berria aurkeztu zuen: Baga, biga, higa zuen izena, ikuskizun baino, sentikari bezala izendatu zutenak. Sentikaria hasi eta bukatzeko, taldeko partaideek eta ikusleek ere egin zezaketen dantza bat proposatzen zen. Baztango bi mutil-dantza ziren, hiru puntukoa eta billantziko. Jose Mari Irastorzak txistua jo, eta Ez Dok Amairuko zenbait kide ateratzen ziren oholtzara dantzara, Argiako zenbait dantzarik lagunduta.

Orexa 1971 Erri-dantza
Jon Oñatibiaren Erri-dantzaren estreinaldia Orexan. La Voz de España, 1971-10-26
Urtebete beranduago, 1971ko urrian, Orexan (G) estreinatu zuen Jon Oñatibiak Erri-dantza. Aita Donostiak eta Ez Dok Amairuk egin bezala, Baztango mutil-dantzetan oinarritu zen Oñatibia, baina ohiko mutil-dantza bat erabili ordez, dantza berria sortu zuen. Asmoa, plaza guztietan, adin guztietako herritarrek dantzatzea zen. Mutil-dantzetan ez bezala, dantzaren une batean bikoteka jarrita elkarri begira dantzatzen zen Erri-dantzan.

Modan lehengo, ahaztua ondoren

Lehen urteetan zabalkunde handia izan zuen dantzak, eta hainbat talde eta herritan irakatsi zen. 70eko hamarkada bukaeran ordea, larrain-dantzak hartu zuen protagonismo osoa eta Erri-dantza albora geratu zen. Hainbat hamarkadetan plazetatik desagertuta izan da, baina azken urteotan hasi da berriz ere plazaratzen. Oñatibiaren omenezko ekitaldietan, Donostiako eta Oiartzungo txistularien doinuetan edo Donostiako Herri-dantza saioetan ere ikusteko aukera izan da azken aldian.

Dokumentuaren akzioak

2015/11/23 22:06
Oñatibiak, gaur egun hainbat plazetan ikusi ohi den forma berean sortu zuen dantza hau? Ala zerbaitetan 'aldatuta' dago? Ba al dago, inork al du, garai hartako bideo grabaketarik?
2015/11/24 09:35
Aupa Patxi, nik ez dut ikusi garai hartako bideorik ikusita, baina garai hartan ikasi eta 40 urte ondoren (2013an) dantzatu duten batzuk grabatuta ditut,eta albistean jarritako bideoan ageri den dantza bera dela esango nuke. Interesa baduzu erakutsiko dizut.

Bestalde, dantzak berak uste dut bide motza egin zuela. Hasieran oihartzun apur bat izan zuen, baina oso azkar geratu zen alboratuta eta oraintsu arte ez da apenas erabili izan. 2011n Jon Oñatibiaren jaiotzaren 100. urteurrena zela eta Musikasten hitzaldia (Jose Luis eta Jose Inazio Ansorenak) eta beste zenbat ekitaldi antolatu ziren, eta badirudi bere lanetako batzuk berpizten lagundu duela horrek.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.