Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ekainaren 19an Jon Oñatibiari herri mailako omenaldia egingo zaio

Dokumentuaren akzioak

Ekainaren 19an Jon Oñatibiari herri mailako omenaldia egingo zaio

Egilea
Egarriz
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2004/06/12

Dagoeneko badira 25 urte gure ondotik joan zela, eta gure herrian halako garrantzia izan duen gizona ez genuke inolaz ere ahaztua geratzerik nahi. Hori horrela izanik, Haurtzaro ikastolakoek Udalarekin batera omenaldia antolatu dute ekainaren 19rako. Ez da bakarra izango, gero udazken aldera ere beste ekitaldi bat aurreikusia baitago. Honela, ekainaren 19ko hau herri mailakoa izango den bezala, udazkenekoan kanpotiko beste hainbat talde ere izango dira bertan.



Jon Oñatibia ezagutzeko parada izan zuten oiartzuarrek badakite, ongi jakin ere, zenbat lan egindako gizona den. Musikazale eta euskaltzale sutsua, bere herria zuen maite beste edozer gauzaren gainetik. Gerra garaian atzerrira joan behar izan zuenean ere, erbestean ez zuen bere lana eten eta etengabean materiala sortzen eta sortzen jardun zuen, musika piezak zirela, euskararen inguruko aldizkari, artikulu, azterketa zirela, beti ekinean.



Jon Oñatibia nolabait definitu behar izango balitz, batez ere, langile nekaezina, sortzailea eta energia gainezka zituena zela esango genuke. Bere bizia musikari, dantzari eta euskarari gogo biziz eskaini zizkion gizona.



Esan bezala, beraz, Ikastolak eta udalak, hil zela 25 urte betetzen diren honetan, omendu egin nahi du hain maite izan duen eta oraindik ere maite duen herrikidea.



Lehenengo ekitaldia, honenbestez, ekainaren 19an izango da, arratsaldeko 19:00etan Elorsoro kiroldegian eta antolatzaileek ordu eta erdiko saioa aurreikusi dute.



Ekitaldiaren egitaraua



Sarrera gisa eta giroa berotzeko txalaparta eta tobera izango dira, eta hauek ari diren bitartean Jon Oñatibiaren bizitza jasotzen duten argazki emanaldia izango da.



Aurkezle lanetan Antton Kazabon arituko da. Segidan, dantzari, abeslari eta txistulariek Erreberentzia interpretatuko dute. Ikastolako umeen txanda izango da jarraian; Amaia Cardona irakaslearekin prestatu dituzten haur kantak denen gozagarri izango dira.



Kantariekin jarraituko da ondoren ere, eta Lartaun abesbatzari taularatzeko eskatuko zaio. Esan, ekitaldi hauetarako, gaur egun Lartaun abesbatzako partaide direnei hainbat eta hainbat herritar elkartu zaizkiela (gehientsuenak Yon Oñatibiarekin ibilitakoak) haiek ere omenaldian parte hartu nahi izan baitute.



Dantzarien txanda izango da jarraian, Ikastolako dantzari guztiek herri dantza dantzatuko dutelarik.



Yon Oñatibia txistularia izanik, ezin falta zitezkeen herriko txistulariak ere. Hauek 3 bat pieza interpretatuko dituzte.



Baina, Oñatibiari eginiko omenaldian ezin faltako da, alajaina, Donibane dantza, Oñatibiari halako sona eman ziona eta, horretarako, berriro ere dantzari, txistulari eta abeslariak taularatuko dira.



Jarraian, Oñatibia familiari oroigarri bat eskainiko zaio. Hauen omenez, Alaitz Bergaretxe ikastolako dantza-irakasleak Andere soinua dantzatuko die familiako zein ikastolako autoritateei.



Azken-azkenik, ekitaldiari bukaera emateko Agur Zuberoa jo eta kantatuko da, Oñatibiak hain maite zuen pieza, hain zuzen ere.



Azpimarratu behar da, ekitaldi honetan abestu, dantzatu eta txistuarekin interpretatuko diren konposizioak Yon Oñatibiak sortutakoak direla.



Parte hartzaileak, Lartaun abesbatza, Lartaun txistulariak, Haurtzaro Ikastola dantza taldea eta ikastolako ikasleak izango dira. Denbora dezente daramate prestaketa lanetan eta antolatzaileek adierazi digutenez dagoeneko dena prest dago egun hori ahaztezina gerta dadin.



Beraz, lerro hauen bitartez Oiartzungo herritar guztiak Elorsorora ager zaitezten gonbidatzen zaizue.

Dokumentuaren akzioak