Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iruinkokoa plazaratuko dute igandean Iruñean

Dokumentuaren akzioak

Iruinkokoa plazaratuko dute igandean Iruñean

2019/03/01 09:40
Iruinkokoa plazaratuko dute igandean Iruñean

Iruinkokoako entsegua. Argazkia: Edurne Arrizibita

Inauteri Igandean Iruinkokoa izeneko artedrama plazaratuko dute Iruñean. Alde Zaharreko inauteriei ekarpen bat egiteko helburuarekin Iruñeko hainbat taldek eta norbanakok elkarlanean, dantza, antzerkia eta bertsoak oinarri dituen herri-antzezpena prestatu dute. Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna elkarteek bultzatu dute ekimena, guztira 70 bat lagun elkartu dira Iruñeko inauteri euskaldunei forma emateko eta kaleratzeko.

Hausnarketa eta prestaketa bide luze baten emaitza da Iruinkokoa. Iruñean artedrama bat emateko ideiaren eta prozesu osoaren nondik norakoak azaldu dituzte Ion Celestinok, Ihitz Iriartek, Aritz Ibañezek eta Oier Zuñigak Katakrak gunean, Atlantiko Beltza jardunaldien baitan egindako mahai inguruan. Esan bezala, Iruinkokoak artedramaren itxura hartuko du. Arte dizipina ezberdinak elkartu (dantza, antzerkia, musika, bertsoa) eta hortik diziplina zabalago bat sortzen dela adierazi dute, artedrama bere osotasunean. Dantzarien egitekoaz harago, antzerkiak eta hitzak hartuko duten lekua azpimarratu nahi izan dute, kritika eta euskara ardatz. Iruñerako inauteri proposamen berria sortzea izan dute asmoa, horretarako musika eta dantza propioak sortuz, Nafarroa Behereko libertimenduetako edota Erriberako paloteadoetako dantza sistemak oinarri harturik. Iruñeko elkarte eta norbanakoen arteko lanaren fruitua da Iruinkokoa, baina horrez gain harremanak estutu dituzte Nafarroa Behereko libertimenduetan aritzen diren lagunekin. Iaz Libertimenduak ikusten aritu ziren iruindarrak, eredua behar bezala ezagutzeko eta haietaz arduratzen direnen aholkuak ere jaso dituzte.

Iruinkokoa entsegua
Iruinkokoako entsegua. Argazkia: Edurne Arrizibita

Prozesua xeheago ezagutu nahi baduzue mahai inguruan aritu ziren hizlarien azalpenak entzun ditzakezue ondoko audioan:

 

Bi zatitan banatuko dute goiz osoko jarduna, hasieran Asalduak eginen dituzte eta ondoren ekitaldi nagusia edo Koko-mustra. Iruñeko Alde Zaharreko euskal elkarteei bisita eginez hasiko dute eguna, geldialdietan dantza, musika eta bertsoak eskainiz, jan-edanaren truke. Asalduen ondotik antzezpena bera emango dute Santa Ana plazan. Koko-xuriek (dantzariek) hartuko dute plaza lehendabizi, baina segituan agertuko dira Koko-beltzak (zirtzil, ilun eta zirikatzaileak). Horiek, urtean zehar gertatutakoen errepasoa egingo dute, satiratik eta umoretik. Bertsolariek, berriz, plazan gertatzen joanen dena aipatuko dute, haien epaia emanez. Koko-mustra jauzi batekin amaituko da, Iruñeko inauterietako propio sortutakoa. Ion Celestino musikariak jarri dio musika dantza-jauziari. Etxean prestatzen has zaitezkete, hemen duzue doinua eta urratsen segida, egunean bertan ez baitituzte urratsak markatuko.

Iruinkokoa, martxoak 3

Asalduak

9:45 Duguna + Zaldiko Maldiko (San Frantzisko plaza)
10:30 Karrikiri + Euskaldunon Biltoki (Xabier karrika, 4)
11:15 Herriko Taberna (Carmen karrika, 34)
12:00 Iparla Elkartea (Descalzos karrika, 83)

Koko-mustra

13:00 Santa Ana plazan / Adi, euria eginez gero, Mañuetako frontoian!!

Bazkaria

15:00 Bazkari irekia Arrano elkartean

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.