Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iruinkokoa Iruinkokoak hiri buruzagiko karrikak hartuko ditu martxoaren 3an

Dokumentuaren akzioak

Iruinkokoak hiri buruzagiko karrikak hartuko ditu martxoaren 3an

2019/02/11 22:00
Iruinkokoak hiri buruzagiko karrikak hartuko ditu martxoaren 3an

Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskalduna

Heldu den martxoaren 3an Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskalduna herri-antzezpena eginen dugu hiri buruzagiko Alde Zaharreko karriketan barna. Guztira 70 lagunen elkarlanari esker sortutako ikusgarri honek dantza, musika, antzerkia eta bertsolaritza uztartzen ditu, eta euskara du ardatz nagusi. Emanaldiak bi zati izanen ditu: puska biltzea edo asalduak, Iruñeko Alde Zaharreko euskal elkarteei bisita eginez, eta ondoren, ekitaldi nagusia edo mustra, Santa Ana plazan.

Asalduetan inauteriko protagonistek elkarte ezberdinei bisita eginen diete, euren atarietan dantzak, kantuak edo bertsoak eskainiz.

Eguerdiko 13:00etan eginen den mustra edo ekitaldi nagusian, aldiz, Koko-xuriek (dantzariek) hartuko dute plaza lehen lehenik. Koko-beltzek (pertsonaia zirtzil, ilun eta zirikatzaileak) ebatsiko diete tokia eta haien jelkaldi satirikoa eginen dute, urtean zehar hirian izandako gertakari esanguratsuenei buruz. Azkenik, bertsolariek plazan gertatu eta ikusitakoa iruzkinduko dute bertsoz. Kate hori ―dantza, antzerkia, bertsoa― 4-5 aldiz errepikatuko da ordu t’erdi inguruko herri antzezpenean. Parte-hartzaile guztiek, arizale zein publikoak, dantzatutako jauzi baten bitartez emanen zaio amaiera Iruinkokoari.

Asalduak:
 
9:45 Duguna + Zaldiko Maldiko (San Frantzisko plaza)
10:30 Karrikiri + Euskaldunon Biltoki (Xabier karrika, 4)
11:15 Herriko Taberna (Carmen karrika, 34)
12:00 Iparla Elkartea (Descalzos karrika, 83)
13:00 Mustra: Santa Ana plazan / Adi, euria eginez gero, Mañuetako frontoian!!

15:00 Bazkari irekia Arrano elkartean 

Iruinkokoak bere hasieratik du zabal eta parte-hartzaile izateko bokazioa. Lau elkarte antolatzaileetako kideez gain, Iruñeko dantza talde ezberdinetako dantzariek parte hartu dute, musikari saldo batek, hango eta hemengo arizaleak, eta beste hainbat norbanako.

Izan zaitezte Iruñeko inauteri euskaldunaren parte koko-zuri, koko-beltz, herensuge, dantzari, musikari, bertsolari eta antzerkilariekin batera!

Ongi etorri!!

Oharra: Arrano elkartean 15 euroren truke eginen dugun bazkari irekian parte hartzeko euskaraz jakitea eskatzen da eta izena emateko iruinkokoa@gmail.com helbidera mezua igorri behar da.

       

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iruinkokoa

Iruinkokoa

Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Duguna elkarteen arteko elkarlanak orain arteko bere fruiturik ederrena eman zuen 2015. urtean Bidador, Iruñeko euskaldunak pastoralarekin. Esperientzia hark utzitako harreman sarea, egiteko manera, eta zapore gozoa ez ditugu galtzera utzi nahi izan, eta hartara Iruñeko euskal komunitatearendako proposamen berri bat aurkezten dugu lau elkarteok: Iruinkokoa, Iruñeko inauteri euskalduna.


Gurekin harremanetan jartzeko:

Bloga: dantzan.eus/kidea/iruinkokoa
Tw: @iruinkokoa
FB: facebook.com/Iruinkokoa