Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ion Agirretxe: "Gutxitan izaten dugu dantzariok etxean dantza egiteko aukera"

Dokumentuaren akzioak

Ion Agirretxe: "Gutxitan izaten dugu dantzariok etxean dantza egiteko aukera"

2014/09/03 11:00

Datorren irailaren 12an, ostiralean, Biarritzen izango da Ion Agirretxe dantzan ikusteko aukera. Flandriako Erret Balletak Maitaldia dantza jaialdian emanaldia eskainiko du, eta bertan arituko da dantzari donostiarra. Euskal dantzan hasi eta balletean trebatuta Belgikako dantza konpainia nazionalean profesional da gaur egun Agirretxe. Euskal Herrian dantzatu bezperetan Anberes-tik erantzun dizkie Dantzan-en galderei Ion Agirretxek. 

Datorren astean Euskal Herrian izango zara dantzan zure konpainiarekin, Flandriako Erret Balletarekin. Ez duzu aukera askorik izaten etxean dantza egiteko, ezta? Nola bizi duzu hori?

Egia esan, Flandriako Balletarekin Euskal Herrian dantzatuko dudan lehenengo aldia izango da, beti izaten da berezia etxera bueltan egotea eta batez ere dantzarako. Oso gutxitan izaten dugu dantzariok etxean dantza egiteko aukera, familia eta lagunentzat bereziki.

Zer programa eskainiko duzue Biarritzen? Ze azpimarratuko zenuke programa horretatik hemengo ikusleentzat erakargarri gerta daitekeena?

Programaren izena Ulisses-en itzulera  da, Christián Spuck da coreografoa eta orain dela bederatzi urte sortu zuen gure konpainiarentzat. Ulisses, Telemako, Atenea, zazpi mutillak dira pertsonaietako batzuk. Umore puntu asko dauzkan balleta da eta oso dibertigarria egiten da dantzatzea.

Euskal dantzan hasi zinen, balletean gero, eta profesionalki ari zara orain nazioarteko ballet konpainia handi batean. Kontaiguzu zein izan den zure ibilbidea.

Nahiko mugitua nintzen txikitan. Lau urte nituela telebistari begira lasai-lasai egoteko modu bakarra dantzako bideoak jarriz izaten zen, eta poliki-poliki dantzak nere gisa ikasten joaten nintzen. Eskola dantza taldean hasi nintzenean aurresku txapelketetan hasi nahi al nuen galdetu zidaten, nik baiezkoa esan eta poliki-poliki gorantz joan nintzen Euskadiko aurresku eta fandango eta arin-arin txapeldun izan arte. Orduan ikusi nuen nere gorputzak gehiago eskatzen zidala eta balletean hasteko pausoa eman nuen, Mentxu Medelekin. 2006an izan nuen nere lehenengo kontratua Frantzian, bi urtez jarraian. 2008an Angel Corellaren konpainiako partaide izatera pasa nintzen, eta 2012an Belgikara bidean jarri nintzen, konpainia handiago batera, gauza berri eta gehiago dantzatu nahian.

Ion Agirretxe 2014 03
Argazkia: Johan Person

Nolakoa da Flandesko Erret Balleta? Zer da konpainia honen egitekoa eta ze baliabide ditu horretarako?

Konpainia Nazionala da, gobernuak eta politikoek emandako diru-laguntzekin egiten dugu aurrera, hala ere, pasa den ekainean Anberesko Operarekin elkartu ginen, eta horrek izen handiagoa ematen du, baita erraztasunak ere orkestra batekin zuzenean dantzatzeko orduan, adibidez.

Nolako da zure lana bertan? Dantzan hasi zinenean honetan bukatuko zenuenik pentsatzen al zenuen?

Generalean dantza oso lan fisikoa izan ohi da, baina burua ere fresko eduki beharra dago, koreografiak azkar ikasi, mugimenduak nola elkartu, sentimenduak nola adierazi hitzik esan gabe.... Umetan pentsatu izan banu dantzari profesional izatera iritsiko nintzela... ez dut uste sinestuko nuenik. Bakardade handiko lanbidea da, oso gogorra, familiarengandik gaztetatik aldendu behar izan dugu, eta horrek, nahi gabe, mentalki haztea eskatzen dizu.

Ion Agirretxe - errebelazio saria 2013Mutil koskorra zinela minbizia (garunean tumorea) agertu zitzaizun, eta horrekin eta horren kontra borrokan pasa zenituen nerabezaroko urte gogorrak. Gaitza gaindituta eta ahaztuta al duzu erabat? Zer oroitzapen geratu zaizu guzti horretaz?

Hamaika urte nituen orduan, eta oso kolpe gogorra izan zen bai neretzat eta baita nere ingurukoentzat ere. Dantzaz ahazteko esan zidan Madrilgo mediku batek eta operazio konplikatu batetik pasatzeko esan zigun, ondo geldituko nintzen segurtasunik gabe. Zorionez halakorik ez zen pasa, operazioa bertan behera gelditu zen beharrezkoa ez zela ikusita Alicia Boyar Neurologari esker. Gaur egun medikatuta jarraitzen dut, eta momento guzti horiei esker ez etsitzen ikasi nuen, dantzarako oso inportantea dena, never give up (ez etsi inoiz).

Nolako dantzaria da Ion Agirretxe? Zein ezaugarri dituzu, zein dohain eta zein alorretan sentitzen duzu hobetu beharra?

Nik uste bai dantza klasikoan eta baita neoklasikoan beti dagoela hobetzekorik baina beti ere paso a dos bat dantzatzean beste pertsonarekin eduki daiteken feelinga sentitzea gustatzen zait, hitzik gabeko espresioa eta emozioa... publikoarekin hitzik gabeko elkarrizketa.

Zeintzuk dira gaur egun dituzun erronkak? Zer egin nahi duzu dantzaren munduan datozen urteotan?

Dantzariok erronkaz beteta gaude, bat pasatakoan beste baten billa joaten gara zuzenean, asko kostako den ala ez pentsatu gabe, hori da benetako erronka. Dantza mota desberdinak, eta koreografo desberdinetaz ikastea gustatuko litzaidake, gelditu gabe, bata bestearen atzetik. Inoiz ez dugu ikasteaz bukatzen eta hori da aberasten gaituena, erronka zailak gustatzen zaizkit.

Ion Agirretxe 2014 02

Euskaldunok uste dugu Euskal Herrian dantzarako zaletasun handia dagoela, baina zuk beste herrialde batzuetan dantza nola bizi den ezagutzeko aukera izan duzu, eta orain zer iruditzen zaizu? Dantza benetan maitatzen eta babesten al dugu euskaldunok?

Euskal Herrian dantzarako zaletasun izugarria dago, baino arazoa ez da afizioa, kultur mailla da arazorik handiena, politikoen aldetik batez ere, laguntzak ematerako orduan. Hemen Belgikan adibidez, eskolentzat egiten ditugun emanaldietan, haurrak ixil-ixilik egoten dira, behar denean txalotuz eta dantzariokin betera sartzen dira istorio barruan. Espainia mailan inoiz somatu ez dudan zerbait izan da hori. Baina orokorrean Euskal Herrian dantza afizioa dago, dantzari on asko dago, dantza talde asko dago eta dantza maite dugun euskal herritar asko gaude.

Anberesen du egoitza zuen balletak eta munduan barrena bidaiatzen duzue, Euskal Herriari eta euskal dantzari begiratzen diozu batere, ala ez duzu astirik? Eta baiezkoa bada, nola ikusten duzu?

Nere lehen pausoak ezingo ditut inoiz ahaztu, oso zoriontsu izan nintzen Euskal Herria txapelketaz txapelketa ezagutu nuenean. Asko jarraitzen ditut bai dantzariak eta baita dantza taldeak ere, interneteko bideoei esker ( dantzan.com-mi esker jajajaja). Ez da lan erreza gaur egun dantza talde bat sortu eta aurrera ateratzea, edo mantentzea. Ahal den moduan gure sustraiei eutsi behar diegu.


Flandriako Erret Balleta Biarritzen

  • 2014ko irailaren 12an, ostirala, 21:00etan
  • Gare du Midi, Biarritz
  • Sarrerak eta informazioa: Maitaldia