Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ijitoak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Ijitoak dantzan

2009/01/20 13:10

Musika eta dantza maite dituzte ijitoek, eta ez dago Youtuben sartu beharrik horretaz jabetzeko. Baina Interneteko telebista horrek ijitoen dantzarako dohain eta kultura harrigarriaren beste ikuspegi bat eskaini digu. Ijitoak dantzan, eta gu begira, aho zabalik.

Euskal Herrian ijitoak bizilagun ditugu gutxienez 500 urtez. XVI. mendearen bukaeran, Gaztela, Aragoi eta Frantziatik kanporatutako ijito asko Nafarroan egokitu ziren. Francisco Idoatek kontatzen du Ustaritze ezizenaz ezagutzen zen Pascual Iturbiede ijitoa epaitu zutela XVI. mendean. Ustaritzek bere buruaren defentsa euskara garbian egiten du eta idazkariak hitzez hitz jaso zuen hau.

Ijitoak Euskal Herrian

Espainiako gobernuak gogor jartzen zirenenean lurraldearen mugetara jotzen zuten Pirinioaldea oso lur maitea izan da ijitoentzat, maiz aurkitu baitute hor babeslekua. Frantziako etababes bila eta pirinioak babesleku aparta dira horretarako. Pirinioen bestaldeko hartz hezitzaile gehienak ijitoak ziren. Kontrabandoa ere jarduera egokia zen ijitoentzat pirinioetan. Donibane Lohizune eta Ziburuko kaskarotak ijitoak ote ziren susmatzen da. Kaskarot horien gizonak itsas nabigazioan eta arrantzan jarduten zuten eta emakumeek arraina saltzen zuten.

Alicia Sturtzek eta Idoia Estornes-ek aztertu izan dute ijitoen historia Euskal Herrian, eta orain lan horretan buru-belarri ari da Nicole Lougarot. Pasa den azaroan Barkoxen egin ziren Ohidüra eta sorkuntza jardunaldietan egin zuen bere ikerketen aurrerapena. Maskaradetako buhameetatik abiatuta bilketa lan zabala egiten ari da eta bere ondorioak dira beste toki batzuetan bezala ijitoak gure baitan daudela, gure arbaso batzuk ere buhameak direla.

Ijito txistularia eta euskalduna

Felix Urabayen idazleak Javier Echeverria ttunttuneroaren inguruan idatzitakoak jaso ditu Mikel Aranburu Urtasunek. Ezkirotz-eko ttunttuneroa, ijitoa eta euskalduna zen eta San Fermin-etan Udalak Javier Echeverriakontratatuta erraldoiak  laguntzen aritu zen txistua jotzen 1847 eta 1911 bitartean. San Fermin jaietan bertan hil zen 1911ko uztailaren 11n, eta diotenez 100 urte zituen. Javier Echeverriarena kasu berezia da luze bizi eta jo zuelako eta XX. mendean ezagutu zutelako, baina txuntxunero aritutako ijito eta agoteak arruntak izan ziren euskal musikaren historian Mikel Aranburu berak bere azken liburuan erakusten duenez.

Ustaritzek euskaraz egiten zuen eta Javier Etxeverriak ere bai, eta ez da harritzekoa, Euskal Herriko ijitoek euskaraz eta erromintxelaz egin izan baitute. Xabier G. Argüello-ren esanetan, "erromintxela, ijito euskaldunen XV. mendeaz gerozko mintzaira berezia, ahanzturarik larrienean isiltzen ari da". Gaur egun Euskal Herrian ba omen dira oraindik 500 ijito erromintxelaz hitz egiteko gai direnak.

Alicia Sturtzek jasotakoa V. de Rochas historialari frantsesaren 1876ko esaldi hau: "Ipar Euskal Herriko ijitoek euskara hutsez egiten dute; izan ere, frantsesez dakitenak armadan edo kartzelan ikasteko aukera izan duten gutxi batzuk baino ez dira"

Eta dantzan?

Lapurdiko kostaldeko kaskarotak jatorriz ijitoak zirela uste dute ikertzaileek. Idoia Estornes-ek dioenez hain zuzen ere kaskarotek ekarri zuten Lapurdira fandangoa. Webster-en hitzak jasoz dio "Ziburuko kaskarotak fandangoa dantzatzen" hasi direla. Lapurdiko kaskarotekin hasi, Zuberoako maskaradetako buhame eta kauterekin jarraitu, eta kantiniersa bera (aurretik buhamesa bat omen zen) eta soka-dantza zein karrika-dantzetako debekuetara ijitoen arrastoak aurkitzeko bidea ematen duten hainbat hari daude euskal dantzetan. Ziur aski Nicole Lougarot-en lanak argituko ditu horietako batzuk. Liburua prestatzen ari da zuberotarra eta argitaratu zain itxaron beharko da. Dena den, dagoeneko argitaratuta dagoen bibliografiaren bilketa lanak ere datu interesgarri ugari eskain ditzake.

Buhameak urdiñarbe

Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeak Arratia aldean jotak biltzen egindako lan eskergan Bartolo Lasa izan zuten dantza-maisu eta kontalari bikainetako bat. Bartolok esaten omen zien jotak "jitanak narrutan egiten daben moduan" egin behar dala. Errumania, Hungaria eta inguru horietako ijitoek dantzan nola egiten duten ikusita, larrutan ez, baina Bartolok eta bere ingurukoek jotak dantzan egiteko zuten modua gogorazten dute.

Ijitoak dantzan, bideo gehiago youtuben:

Dokumentuaren akzioak

2009/01/21 14:48

Artikulu mundiala eta bideoak ere zer esanik ez. Aurrena bideoak ikusi ditut eta esan beharra dago fandango eta arin-arina dantzatzen zutela iruditu zaidala momentu batzuetan, baina, ezin zitekeela pentsatu dut. Behin artikulua irakurrita ordea... Liburu horren zain geratuko gara bada, irrikan nago!

2009/01/20 15:48

Egia da aho zabalik begiratzeko modukoak direla. Badugu haiengandik zer ikasi Euskal Herriko dantzari zurrunok!

Mikel Taberna
2009/01/21 00:37

Hagitz artikulu interesgarria! Mila esker!

Iggor
2009/01/21 21:24

Gainera musikari ikaragarriak dira, eta Kontserbatoriorik gabe, bakarrik ikusi nola ateratzen dira taulara ( Romafest )

http://es.youtube.com/watch?v=TYgl6qfPdd4

Joseba2
2009/01/21 11:48

eta bideoak mundialak!

Enara
2009/01/21 15:12

Pasada bat dira bideoak! Izan daiteke Arratiako jotak hortik etortzea?

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.