Dokumentuaren akzioak
Bralia eta buhameak Barkoxen
Jean Mixel Bedaxagar kantari bezala ezagutzera eman da batez ere hegoaldean, baina dantzaria eta txirularia da ere bada, eta Zuberoako dantza eta musikaren ezagutzaile fina. Hiru gai jorratu ditu bere hitzaldian: Maskaradetako bralea, buhameak eta soinulariak.
Bizitzaren soka-dantza
Bralia biribilean egiten den dantza da, bi zirkulu, dantzariena ikusleen biribilaren barruan. Bedaxagarren iritziz, elkarri eskua emanik, neska-mutilen arteko harremanak sortzeko aukera ematen zuen dantza zen bralea eta hori istilu iturri izan zen XX. mende hasierako Zuberoan. 1904an
Altzürüküko gazteek maskarada Zihigara eraman zutenean gertatu ziren liskarrak gogoratu ditu. Zamalzainari zaldi apurtu zioten: "zer behar duk, gure neskak hartu??". Hamar urteren buruan, altzürükütarrek ordaina eman zieten zihigarrei, maskarada Altzürüküra eraman zutenean.
Orain 100 urteko Zuberoan, herritarrak nagusiki herrikideekin ezkontzen zirela gogorarazi du Bedaxagarrek, eta herrien arteko bikotea osatzen laguntzeko funtzioa jokatzen zuela maiz maskaradetako braleak. "Braulia niretzat Euskal Herriko dantza ederrenetakoa da" dio Urdiñarbeko kantariak.
Agur agur herri hontako jentiak!!
Buhameen pherediku bat irakurrita sartu zaigu Bedaxagar ijito maskaradiei buruz hitzegiten. Testu horietan dauden gauza ederrak azpimarratu nahi ditu, "izenetan, emazteen izenetan partikularki".
Buhameek kaosa dakarte, sexu griña ere bai, eta behorraren aipamena garrantzitsu iruditzen zaio Jean Mixeli. Garai bateko ijitoek behor esnea edatzen zutela eta horren arrastoa egon daitekeela pheredikuan. Baita txerriki zaletasuna ere, "xerrikia janari basikoa da izan da, orain ere, nahiz eta gauzak aldatzen diren. Orduan erraten dugu xerrikia jaten diala inauterian eta barau eta bigilia egiten garizuma guztian.
"
Ttun-ttunaren soinua
Maskaradetako soinulariak dira txirularia eta atabalaria dira, eta Bedaxagarren iritzi "Txulularia ttun-ttunarekin bada hainbat hobe". Ttun-ttun zerabilten txirulariak XIX. mende bukaera eta XX. mende hasieran desagertzekotan egon zirela aipatu du. XX. mende hasieran, dantza bihotza Barkoxe eta Atharratzen baziren, soinuaren eremua Basaburua zela dio. Eta hor, musikari handi bat nabarmentzen zen: Lexerduat Lakarri. Etxahun Irurik arazoa omen zuen beso batean eta ez zen gai ttun-ttuna jotzeko. 30-40 urtez txirulariak ttun-ttun gabe ikusi dira Zuberoan, baina gaur egun berriz ere ari dira ttun-ttuna jotzen txirulariak eta "gauza horiek behar dira zaindu".
Buhameak Euskal Herrian
Nicole Lougarot-ek maskaradetako buhameen nondik norakoak aztertu nahirik Euskal Herriko ijitoen
historia bilketa egin du. Bere lana laster argitaratuko da liburu batean eta horren aurrerapena egin digu. Europara XV. mendean sartu eta han eta hemen haien kontra agertuko diren lege, debeku eta epaiak jaso ditu: Baionan, Donapaulen, Tuteran, Bizkaian, Oiartzunen...
Maskaradetan XIX. mendetik izan diren zenbait aldaketa aipatu ditu Lougarot-ek. Garai batekoak benetako barrikadak omen ziren. Gorri eta beltzen arteko banaketa aldaketak izan direla. Kantiniersa berria da eta lehen buhame bat zen, zamaltzainaren ondoan izaten zena. Gathuzaina eta txerreroa ere basatiagoak omen ziren lehen orain baino.
Buhameak gara gu
Europako beste hainbat maskaradetan buhameak ere ageri direla dio Nicolek: Moldavian, Grezian, Polonian, Espainian,... Nicole Lougarot-en ustez maskarada jai ijito bat da, han eta hemen ritualizatu dena. Horregatik beraien ofizioak eta egiten dakizkiten gauzak agertzen dira.
Maskaradetan beltzen taldea deskribatzeko erabiltzen diren hitzak: inmoral, basati, kanportar,.. ijitoen aurkako idatzietan ageri diren hitz berberak dira. Gizartean integratu nahi zuen buhameak aldatu beharra zuela dio, eta ijito asko gure artean integratu dela dio, hainbat belaunaldi ondoren ez dakigula ijitoak direnik ere: "euskaldun bihurtu dira". Bukatzeko argi utzi nahi du Nicolek, Euskal Herrian, Beljikan, Alsazian, Espainian, Errumanian,... "ijitoak gure artean integratu dira, eta nire arbaso batzuk ere buhamiak izango dira".
Xiberuko dantza sorkuntzen loraldia
Maskaradetan baina ez da dantza sorkuntza askorik izan azken 30 urteotan. Kanpo-ren iritziz hori da maskarada xiberotarrentzat "dantzen bihotza edo erroa" delako. "Xiberotarrek ez ditue usatu dantzak nahi izan kanbiatu, plazer handia hartzen baitute horien ematen eta zaintzez. Bigarrenik xiberutarrek nahi dutelako ohidura hori azkar atxiki, iraktsi zaien bezala. Horrek indar handia du gazteen biltzeko. Eta bai kargu sozial handia baitu, jendeen arteko harremanen sortzeko, bai gazteen eta zaharren, eta bai harremenan sortzeko maskadak antolatzen diren herriekin eta beste herriekin."
Sorkuntzak hazten du ohidüra
Sorkuntza beste gune batzuetan agertu da. Zuberoako dantzetan oinarritutako hainbat ikusgarri berri egin dira azken 20 urtetan. 1986an Uhaitza kulture etxearen inguruan talde batek sortu zuen "Gaüaldia" izeneko ikusgarria. Emanaldi horretarako "Abiatze" eta "Arinki" sorkuntza berriak prestatu ziren, Mixel Etxoparren lehen musika-sorkuntzak izan ziren gainera. Dantzen koreografia egiten orduko dantzari zenbait aritu ziren: Jean Mixel boudin, Bordagarai, Daniel Mainaganet, Joxe Goienetxe eta Parick Queheille bera. Bi sorkuntza horiek bidea egin dute, Abiatze maskaradetan eman izan da, Aitzina Pika ikusgarrian ere eman zen, eta Arinki pastorelatan eman izan da.
Kanpok gogoratzen duenez Gaüaldi-ren ondotik hainbat ikuskizun sortu dira Zuberoan: Allande Oihenart, Elkanoren semeak, Mustraka, Zamaltzain, Orreaga, Aidez-aire, Aitzina pika... 12 ikusgarri berri kontatu ditu Patrick-ek, eta guztira 30-40 dantza berri kontatu ditu. Horrez gain, azken 10 pastoraletan dantza sorkuntza izan dela dio kanpok, eta aurretik ere izan direla batzuk. "Hartzen badira, jai berrietako dantzak eta pastoralako sorkuntzak, egiten du 60 dantza sorkuntza azken 20 urteotan".
Maskaradetan sorkuntzarik ez da egin, eta sorkuntzak beste emankizunetara bideratu dira. Patrick Queheillek ondorioztatu du: "ohidürak hazten du sorkuntza, sorkuntzak hazten du ohidüra".
Etxebarre hankaz gora
Mauleko ostatuan bazkaldu eta bazkalostean, xibandriarrak eta aitzina pika dantzatuko ditugu plazan. Segidan, Etxebarre filmea ikusi dugu. Zuberoako herri txikiena da Etxebarre, eta bertan, Hebentik elkartak kultur dinamika indartsua paratu du asteburu baterako: antzerkia, arte plastikoak, argazkia, musika, kantagintza, dantza... Etxebarre herria hankaz gora jarri dute handik eta hemendik etorritako artistek. Prozesu guztia eta herritarren erreakzioak biltzen ditu Etxebarre filmak. "Maite dugu herria eta horregatik egin dugu hori" esan digu Mixel Etxekoparrek, "Lihi herria ez dadin hil-erri bilakatu. Behar genuelako egin dugu. Inongo dispotif edo egiturarik gabe, gure sabeleko beharra. Euskararekin harremana, maitasuna eta mina. (...) Zer den herria, nik ez dakit, zer den kultura, zer den sorkuntza, nik ez dakit. Amets egiteko eskubidea badugu, eta horrek ere badu dudatzeko eskubidea."
Jean Michel Larrasquetek galdetu dio Etxekoparri, "Zer da tradizioa eta zer sorkuntza, nola lotzen dira?", eta Etxekoparrek erantzun, "Ez dugu sorkuntza egiten, birziklatzea egiten dugu.. sorkuntza Picasso, Da Vinci... guk maite dugu, eta gure sabeletik adierazten dugu."
Amaren Alaben kantuekin eta Mixel Etxekoparren bertsoekin (Ernest Alkat bertsolari zendu berria gogoan izan du) borobildu dira Ohidüra eta Sorkuntza jardunaldiak Barkoxen.
Dokumentuaren akzioak