Dokumentuaren akzioak
Anne Marie Chiramberro: "Niretzat ere harrigarria da bere herriko dantzak ez dakizkiten euskaldunak ezagutzea"
"Oso ohikoa da euskal-amerikar gazteen artean Euskal Herriaren ikuspuntu idiliko bat izatea, hots, mundu guztiak euskal dantzak dantzatzen dituena, musean jolastu, frontoira joan edo pilotaka jolasten duena, hori baita Estatu Batuetan jasotzen duguna euskal kulturaz. Niretzat ere harrigarria da bere herriko dantzak dantzatzen ez dakizkiten euskaldunak ezagutzea. Askotan harritzen dira nik dantzatzen dakizkidalako." Euskal Herriaz zuen ikuspegi erromantikoa eguneratu duela azaltzen du Anne Marie Chiramberrok Gazteaukera blogean egin dioten elkarrizketan, eta aitortzen du Euskal Herrian bizi diren pertsonekin harremanak mantendu ezean, oso zaila da gazte euskal-amerikar batentzat egungo Euskal Herria nolakoa den jakitea.
Lehen ere agertu zaigu Anne Marie Chiramberro dantzan.com-en, izan ere Hella Basque blogean azken urtebetean idatzi dituen sarrerek oihartzun zabala izan dute euskal ziber-munduan, eta dantzari buruz esandakoak ere jaso izan ditugu, besteak beste zenbat maite duen dantza tradizionala: "Dantza tradizionala jarduera ezohikoa da, hazten ari den Ameriketako gazte batentzat jarduera interesgarria."
Diasporak euskal kulturarekin duen jarreraz kezka agertu duenik ere bada, Leire Barrenak Zuzeu albistegian "Diasporako gazteak: folklorea bai, euskara ez" idatzitako sarreran irakur daitekeenez. Diasporako gazteek euskal dantzan, pilotan eta musean" aritzen direla, baina ez dirudiela euskarak aurrera egingo duenik bertan adierazten du Kezkatuta Leire Barrenak: "Anne Marie Chiramberrok kontatzen dituenak orokortzearen arriskua nire gain hartuta, diasporako euskal komunitateek tradiziotik eta folkloretik edanez bizirauten baitute, batuko dituen hizkuntzaren beharrik gabe". Zuzeuko sarrerak izan dituen erantzunetan Itzaina izeneko batek aipatzen du arazo hori Euskal Herrian bertan ere gertatzen dela eta Altsasun ospatu berri den Dantzari Txiki eguna gogora ekarriz, bertan dantzari gaztetxo asko eta beren gurasoak erdaraz ari zirela dio.
- Hella Basque, euskal diasporaren erakuslehioa (Gazteaukera)
- Diasporako gazteak: folklorea bai, euskara ez (Leire Barrena, Zuzeu)
Dokumentuaren akzioak