Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hella Basque, euskal diasporaren erakuslehioa

Dokumentuaren akzioak

Hella Basque, euskal diasporaren erakuslehioa

Anne Marie Chiramberro euskal- amerikar gazte bat da, sortzez San Frantziskokoa, Kaliforniarra hain zuzen. Bere Hella Basque blogean egungo euskal diasporaren gaineko hainbat bizipenen aurkezten ditu, ikuspuntu bizi, gazte eta pertsonal betetik.
Komunikabidea
Gazte aukera blog
Mota
Albistea
Data
2014/04/30
Lotura
Gazte aukera blog

Lotura estua mantentzen du Estatu Batuetako euskal komunitatearekin eta hainbat aldiz izan da Euskal Herrian. Anne Marie elkarrizketatu dugu bere bloga ezagutu eta bere berri jakiteko asmoz. (Hemen jatorrizko elkarrizketa ingelesez)

Anne Marie: San Frantziskon (Kalifornia) jaio eta hazi nintzen eta berriki Soziologian lizentziatu naiz, Manchesterren, Ingalaterran. Hamaika urtez San Frantziskoko euskal dantza taldeko kidea izan naiz eta oso harreman estua mantendu dut bertako euskal komunitatearekin. Bidaiatzea maite dut eta egun 5 hilabetetako bidaia egiten dihardut karibe, Europa eta Ekialde Hurbilean zehar.

Hella Baque bloga ireki nuen euskal jatorriko amerikarrentzako topagune birtual bat sortu nahi nuelako, bertan gure euskal identitatearen inguruko bizipenak trukatzeko. Asko idatzi da Euskal Herritik Estatu Batuetara emigratu zutenen gainean, baina oso gutxi idatzi izan dela iruditu zait  diasporaren 1, 2, 3. belaunaldiez. Nola indartu genezake euskal nortasuna Estatu Batuetan jaiotakook? Galdera honi erantzuna bilatzen diodan bitartean Hella Basquen, ohartu naiz Euskal Herritarren artean interesa duela euskal amerikarrok nola bizi dugun euskal nortasuna Estatu Batuetan.

Nolako eragina izan du zure bizitzan euskal-amerikar nortasuna izateak Kalifornian?

Euskal jatorriko amerikarra izateak Kalifornian euskal komunitate zabala gertu izatea suposatzen du. Kalifornian hainbat club euskaldun daude eta jaialdi ugari egiten dira. Beraiei esker, harreman estuak sortzen dira gure artean. Euskal komunitateak berebiziko garrantzia du nire bizitzan. Nire lagun asko euskal jatorrikoak dira eta nire familiaren parekotzat jotzen ditut. Euskaldunengandik gertu egoteak gauzak ikusteko beste ikuspuntu bat ematen dit. Batzuetan badirudi egiten ditudan bidaietan euskal jatorria duten gauzak  aurkitzeko erraztasuna dudala. Atzo adibidez, Suediako Gotemburg hirian izan nintzen ardo eta gazta jaialdi batean eta hara! Iratiko gazta zegoen bertan.

Zure blogean ikus dezakegun bezala nahiko bidaiatzen duzu eta beste euskaldun batzuekin ere harremana duzu, Euskal enbaxagore moduko bat al zara? Antzekotasunak aurkitzen dituzu Euskal Herrian bizi diren euskaldun eta diasporakoen artean?

Euskal kulturaren enbaxadore antzeko bat naizela esan dezaket, horretaz asko mintzo naizelako. Jende berria ezagutzen dudanean, beti aipatzen dut Hella Basque bloga eta euskaldun amerikarren kontua. Lehen aipatu bezala berebiziko garrantzia du gai honek niretzat. Antzekotasunei dagokienez, euskaldun guztiek maite dute festa egitea eta oso abegitsuak dira, behin ezagutuz gero. San Frantziskon hainbat Euskal Herriko eta Latinoamerikako euskaldun musikari eta pilotari izan ditugu eta denek oso bizipen onak izan dituztela uste dut. Euskaldunoi elkar ezagutzea gustatzen zaigu eta kalimotxo baten inguruan bada, hobe!

Iparraldeko ahaideak dituzu (Donibane Garazikoak) eta hainbatetan izan zara Euskal Herrian, zeintzuk dira Euskal Herritik gustukoen dituzun gauzak eta gutxien gustatzen zaizkizunak?

Duela zenbait hilabete post bat publikatu nuen gai honen inguruan . Euskal Herrira martxoan egindako azken bisitari esker, zerrenda honetako zenbait ikuspuntu aldatu ditut. Euskal  Herriaz gehien gustatzen zaidana jendearen abegikortasuna da. Etxera gonbidatzen zaituzte, bazkatzera, edatera zein irtetera. Inoiz ez naiz haserretu Euskal Herrian. Gustatzen ez zaizkidan gauzak aldatuz doaz egiten ditudan bidaia bakoitzean. Azken bidaian esaterako, politikaren gaineko eztabaidak ez zitzaizkidan gustatu. Jendeak nire iritzia jakin nahi zuen independentziaz, autodeterminazioaz, ETAz eta euskararen baloreaz. Euskaldun amerikar gisa ez dut gai horietaz pentsatzen eta nahiko deseroso egiten zaizkit gaiok. Ez dakit nola aurre egin gaioi, eta amerikar gisa ez dut zeresan handirik euskal politikaren inguruan. Nahiago dut Euskal Herriko biztanleei utzi politika kontuak.

Euskal-amerikar gazteek ezagutzen dute egungo Euskal Herria nolakoa den edo iraganeko ikuspegi folkloriko bat gailentzen da?

Oso ohikoa da euskal-amerikar gazteen artean Euskal Herriaren ikuspuntu idiliko bat izatea, hots, mundu guztiak euskal dantzak dantzatzen dituena, musean jolastu, frontoira joan edo pilotaka jolasten duena, hori baita Estatu Batuetan jasotzen duguna euskal kulturaz. Niretzat ere harrigarria da bere herriko dantzak dantzatzen ez dakizkiten euskaldunak ezagutzea.  Askotan harritzen dira nik dantzatzen dakizkidalako. Gaur egungo Euskal Herria nolakoa den dakitenak bertara bisitan joandakoak dira. Nik neuk ere nahiz eta Iparraldera sarri egin bisita, familia bisitatzera, oso gutxi ezagutzen dudala gaur egungo errealitatea uste dut. Lehen oso ikuspegi erromantikoa nuen Euskal Herriaz: bizitza mantsoki pasatzen zen paisaia ederrez inguraturiko herria zela uste nuen. Baina behin hegoaldeko hiriak ezagututa, nire ikuspegia aldatu egin zen. Gaur egun Euskal Herrian bizi diren pertsonekin harremanak mantendu ezean, oso zaila da gazte euskal-amerikar batentzat egungo Euskal Herria nolakoa den jakitea.

Zure bloga ezaguna egin da sarean, nola lortu duzu publikoa erakartzea?

Euskaldunoi gure euskal identitateaz hitz egitea gustatzen zaigu. Harro sentitzen gara gure kulturaz, historiaz eta hizkuntzaz eta norbaitek gai horiek lantzen baditu Interneten beste euskaldun batzuk erakartzen ditu. Hella Basqueko edukiekin identifikatuta sentitu dira hainbat euskal-amerikar eta horregatik egin da bloga ezaguna. Hainbat lagunek esan didate nik bizitako bizipen antzekoak bizi izan dituztela beraiek ere. Blogaren irakurleek idazteko orduan erakusten dudan zintzotasuna eskertzen dute, eta nahiz eta Estatu Batuetako euskal komunitatea maite dudan, ados ez nagoen kontuak ere azaltzen ditut. Estatu Batuetan euskal identitatea mantendu nahi badugu, nire iritziz, garrantzitsua da tradizioa eta baloreak aztertzea, gaur egunerako baliagarri zaizkigun jakiteko.

Nobela bat argitaratuko duzu laster, zein da eleberriaren gaia?

Chino deituriko eleberria idatzi dut. Nobelan, Kaliforniako Chino hiriko euskal dantza talde batean dauden anaia batzuek Euskal Herrira egiten duten bidaia aurkezten dut. Era errealista eta gordin baten gazte euskal-amerikarren barne bizitza nolakoa den deskribatzen du nobelak. Egun testuen laurden bat Hella Basque blogean dago zintzilikatua edonorentzat. Nire asmoa udan nobela oso argitaratzea da liburu elektroniko eta paper formatuetan.

Etorkizunari begira zeintzuk dira zure asmoak? Euskal Herrian aldi batean bizitzea gustatuko litzaizuke?

Nire bizitza pertsonalari dagokionez, udazkenean unibertsitatera bueltatuko naiz irakasle izateko behar dudan titulua lortzeko. Beharrizan bereziak dituzten ikasleekin lan egin nahi nuke eta horretarako ezinbestekoa dut irakasle titulua. Horretaz gain bidaiatzen jarraitu nahi nuke, eta jakina, Euskal Herrira itzuli nahi dut, eta epealdi luzeago baterako, azken bidaian astebete baino ez nintzen egon eta. Hella Basqueri dagokionez idazten jarraitu nahi dut diasporako nire esperientzien gainean, bloga zabaldu eta komunikazio alorra gehiago indartuz. Asmo asko ditut, orain denbora baino ez dut behar proiektuak aurrera ateratzeko.

Nahiz eta euskaldunak eta Euskal Herria maite ditudan ez dut bertan bizitzen ikusten nire burua. Oso amerikarra naiz eta euskal komunitateaz inguraturik hazi eta hezi nintzen San Frantziskon dago nire lekua, ez dut beste inon bizi nahi. Euskal Herrian paisaia zoragarriak, jaki goxoak, eta jende jatorra dago baina nire bihotza San Frantziskon dago.

Egilea: Greg Harness

Dokumentuaren akzioak