Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mende erdiko ibilbidea ospatzen ari da Beti Jai Alai dantza taldea

Dokumentuaren akzioak

Mende erdiko ibilbidea ospatzen ari da Beti Jai Alai dantza taldea

2018/05/17 09:40
Mende erdiko ibilbidea ospatzen ari da Beti Jai Alai dantza taldea

Beti Jai Alai, 50. urteurrena, 2018-04-21. Argazkia: Beti Jai Alai

Igande honetan emango du ETBk Beti Jai Alai 50 urte dokumentala. 50 urte bete berri ditu Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeak, zehazki, apirilaren 21ean. Urteurren biribila ospatzeko ekintza bereziz bete dute aurtengo urtea, tartean, Filmak Produkzioak-ek taldearen ibilbidea jasotzen duen dokumentala.

Beti Jai Alai
Beti Jai Alai, Arriaga, 2008-06-13. Argazkia: Beti Jai Alai

Urtero moduan Santa Ageda eta inauterietako ekitaldiekin hasi dute urtea basurtuarrek, baina urte hasierako festak amaitu eta deskatsurako betarik gabe 50. urteurrenean murgildu dira. Pasa den apirilaren 21a berezia izan da benetan Beti Jai Alaiko kideentzat. Duela 50 urte, egun berean, dantza taldeak eskaini zuen bere lehenengo dantzaldi ofiziala gogoratu eta ospatu dute festa egun biribila antolatuta. Horrez gain, Beti Jai Alai 50 urte erakusketa egon da ikusgai apirileko hirugarren astean zehar.

Ospakizunak, ordea, ez dira amaitu. Hemen dituzte datozen hilabeteetan Beti Jai Alaik antolatu dituen ekimenak.

Egitaraua, Beti Jai Alai 50 urte

Ekaina

  • 17, igandea, 12:00etan umeen dantzaldia.
  • 23, larunbata, 20:00etan San Joan gaueko erromeria.

Iraila

  • 15, larunbata, 17:00etan erraldoien bilkura. 19:00etan erromeria Aiko taldearekin.

Urria

  • 6, larunbata, 18:00etan dantzaldia talde gonbidatuarekin.
  • 7, igandea, 12:00etan umeen dantzaldia talde gonbidatuarekin.

Azaroa

  • 18, igandea, 20:00etan dantza ikuskizuna Arriagan.

Abendua

  • 24, astelehena, 19:00etan Olentzero.

 

Jon Pertika, 50 urtean gidari

1967. urtean, Jon Pertikak eta Beti Alai taldeko beste partaide batzuk taldea utzi eta Basurtu inguruko bizilagunekin batera, Beti Jaia Alai taldearen lehenengo pausoak ematen hasi ziren. 1968ko apirilaren 21ean egin zen dantza taldearen  aurkezpen ofiziala. Hasierako urteak gogorrak izan ziren oso, baliabide eskasiaz gain frankismoaren zentsa gainean izaten zen. Oztopoak oztopo, Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak landu zituzten hasirako garaietan eta orokorrean euskara eta euskal kultura sustatu nahian ibili ziren gogor lanean.

Beti Jai Alai
Beti Jai Alai, Campos Eliseos, 1982-04-25. Argazkia: Beti Jai Alai

Beti Jai Alai
Beti Jai Alai, Campos Eliseos, 1982-04-25. Argazkia: Beti Jai Alai

Sorreratik, Euskal Herriko dantza, ohitura eta errituen ikerketa, ikasketa, zaintza eta hedapen lanei eutsi nahi izan dio taldeak. Arlo horretan azpimarratzekoa da Iñaki Irigoienen lana. Hainbat dantza berreskuratu dituzte agirietan aurkitutako informazioan oinarrituta, besteak beste, Lekeitioko ezpata-dantza eta axeri-dantza, ezpata-dantza, Begoñako aurreskua eta polka, Begoñako elizateko aurreskua eta Bilboko inauterietako zahagi-dantza.

Begoñako aurreskua
Beti Jai Alai, Begoñako aurreskua. Argazkia: Beti Jai Alai

Beti Jai Alai
Beti Jai Alaiko kideak Francisco Mendietaren Eskumuinak koadroa irudikatzen, 2017-10-01. Irudia: Bizkaiko Batzar Nagusiak.

80. hamarkadan Euskal Herriko mugetatik atera eta nazioarteko hainbat jaialdietan parte hartzen hasi ziren. Garai hartan eratu erraldoien konpartsa ere eta desagertutako Bilboko erraldoien erreplika egin zuten. Iñaki Irigoien (folklorea), Mikel Lizarza (jantziak), Jose Luis Egiluz (musika eta doinuak) eta Karmele Goñi (Bilboko Euskal Museoko Zuzendaria) aritu ziren buru-belarri lan horretan.

Beti Jai Alai erraldoiak
Beti Jai Alai, erraldoien mendeurrena, 2008-03-02. Argazkia: Beti Jai Alai

Taldearen antolaketa eta zuzendari lanak Jon Pertikaren esku egon izan dira 50 urte hauetan. Bere bizitzako azken egunera arte aritu da horretan, urte hasieran, taldearen urteurren borobil hasi berritan, zendu baita Jon Pertika. 80 urte zituela utzi gaitu, bizitza erdia baino gehiago eskaini dio taldeari. Urte horietan guztietan egindako lana, ordea, aitortua eta eskertua izan zaio. Aurreko urtean, adibidez, Durangaldeko Teila Saria eta I. Dantza tradizionalaren esker onak saria jaso zituen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.