Dokumentuaren akzioak
Jon Pertika, Beti Jai Alai dantza taldeko zuzendaria hil da
Jon Pertika (1937), Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldearen sortzailea eta zuzendaria izan dena hil da, 80 urterekin. Aita Dindirri dantza taldeko sortzaileetakoa izan zuen, eta Bilboko dantza gora-beherak bertatik bertara bizi izan zituen gazte gaztetatik. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean luzaroan jardun zuen euskal dantzaren alde lanean eta Bilboko hainbat dantzaren birsortze lanetan parte hartu izan du.
Aurreko urtean, Durangaldeko dantzak ezagutzera ematen egindako lana eskertuz Durangaldeko Teila Saria eman zioten eta I. Dantza tradizionalaren esker onak saria ere jaso du orain hilabete batzuk.
Jon Pertika Basurtun jaio zen 1937. urtean. Bizitza osoa eman du dantzari lotuta. Aita Bilboko Dindirri dantza taldeko sortzaileetako bat izan zen, gerra ondorenean Bilbon hasi zen lehenengotakoa, eta Jon talde horretan hasi zen dantzan. Aitaren bideari jarraiki, orain dela 50 urte, 1968an, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldea sortu zuen. Taldea dinamizatzen eta zuzentzen eman du azken mende erdia.
Taldearen hasierako urteak ez ziren errazak izan, aire librean entseatzen zuten eta euria egiten zuenean teilape baten azpian gordetzen ziren. Baliabide faltez gain, arazorik handiena zentsura frankista saihestea izaten zen.
Ikerketan eta zabalkundean lan handia egin du Pertikak. 1995ean, Iñaki Irigoienekin batera abuztuaren 15ean eta urriaren 11n, Begoñako Ama Birjinaren egunean, aurreskua egiteko ohitura berreskuratu zuen. Jenaro Perez margolariaren 1842ko grabatu batean oinarrituta egin zuten.
Dokumentuaren akzioak