Dokumentuaren akzioak
Albisteak
Debako San Roke dantza DVDan
Debako San Roke dantza bildu eta zabaltzeko asmoz DVDa karrikaratuko du Debako Gure-kai euskal dantzari taldeak abenduaren 19an (larunbata). Dantza honen inguruko historia, zenbait bitxikeria eta nola ez, dantza bera erakutsiko ditu ikus-entzunezkoak. Aurkezpena borobiltzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako, hala-nola, dantza emanaldia, bazkaria eta beste.
Erromeria Donostian
Urriaren 17an, larunbatez, Konstituzio Plazan arratsaldeko 19etan Erromeria izango da. Bagera, Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen laguntzaz, euskal dantza tradizionalen inguruko erromeria antolatu dute. Erromeria honetarako dei egiten zaie dantzazale gazte, heldu eta zahar guztiei. Denek, gehiegi nekatu gabe, dantzatzeko moduko aukera izango baita.
Dantza moderno eta garaikidearen azalpena Toni Jodarren eskutik
Toni Jodar, dantzaria, performerra eta dantza-maisua da. Bere ibilbide artistikoan 900 emanalditik gora eskaini ditu. Urriaren 29an Elorrioko Arriola antzokian "Toni Jodar explica la danza moderna y contemporanea" emanaldia eskainiko du. Lan horretan bi estilo horien azalpena egiten du umore ikutu batez lagunduta.
Udazkenerako dantza ikastaro eskaintza berria Dantzan Ikasin
Udazkenerako dantza ikastaro eskaintza berri batekin dator Dantzan Ikasi. Zuberoako dantzak Jean Mixel Bedaxagar, Fernando Aristizabal eta Jexux Larrearekin, Argia taldearen oinarriak eta sorkuntza emariak Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregirekin, eta dantzaren mugimenduaren analisian eta dantzaren pedagogia Aiko taldearekin dira azaroa eta abenduan egingo diren ikastaroak.
Gernika lan berria Gernikan bertan aurkeztuko du Aukeran-ek
'Gernika, mihise gaineko dantza' estreinatuko du Aukeran konpainiak larunbatean Gernikan. Urriaren 17an, Gernikako Lizeo Antzokiak hartuko du Aukeran konpainiaren lan berriaren estreinaldi ofiziala.
Alicia Amatrain Espainiako dantzaren sarirako hautagaia
Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak gaur jakitera eman nahi du babes kanpaina bat burutzen ari dela, 2009 Nazio mailako Dantzaren Sarirako, Antzezpen kategorian, Stuttgart-eko Balleteko Dantzari Nagusia den Alicia Amatriainen hautagaitzaren alde. Irailaren hasieratik Elkartea hainbat erakunde, elkarte eta dantzarigaz harremanetan jarri da Alicia Amatriainen hautagaitza babestu dezaten.
Dantza emanaldiak Nafarroako "Udazkeneko bira"ren baitan
Udazkeneko bira Nafarroako Gobernuak antolatzen duen antzerki, musika, zinema eta dantza programa bat da. 200 eta 1000 biztanle arteko herri eta kontzejuekin elkarlanean antolatzen du eta urria, azaroa eta abenduan egiten dira emanaldiak Nafarroako hainbat herritan. Hemen dantzarekin zerikusia duten emanaldiak bildu ditugu.
Nafarroako merinalde guztietako dantzak, bihar, Tuteran
Tuterako Beterri peñak antolatuta, Nafarroako merinalde guztietako dantza taldeak elkartuko dira bihar Erriberako hiriburuan haien dantzak erakusteko. Erriberriko merinaldeko ordezkari Makaia izanen da, Tuterakoa Barde Ribera, Iruñekoa Duguna, Nafarroa Beherekoa Arrola, Lizarrakoa Francisco Beruete, Zangozakoa Rocamador. Tuterako San Juango paloteadoko taldeak talde gonbidatu gisa ariko da.
Leire Ituarteren estreinaldia La Fundicion-en
La Fundicion-en gauzatzen ari den egoitza programaren emaitza aurkeztera doa Leire Ituarte asteburuan. Urriaren 10ean eta 11an, 20.00etan bi pieza eskainiko ditu: "Look at me, Bang Bang" eta "Azul en tres actos".
Euskal Herriko dantza eta inauterietako janzkerak, akuareletan
"Janzkera Euskal Herrian: motak, jantziak, dantzak, inauteria" izeneko akuarela erakusketa antolatu du Atarrabiako udalak. Jose Mari Pastor "Artzai" margolariaren lanak erakutsiko dituzte bertan. "Artzai"k Euskal Herriko folklorearekin lotutako margolan askoren egile da eta honakoan, bere hainbat lanekin osatu dute erakusketa hau.
Dokumentuaren akzioak