Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Udazkenerako dantza ikastaro eskaintza berria Dantzan Ikasin

Dokumentuaren akzioak

Udazkenerako dantza ikastaro eskaintza berria Dantzan Ikasin

2009/10/15 13:08

Horra Dantzan Ikasiren udazkenerako ikastaro eskaintza berria:

Zuberoako dantzak

Jean Mixel Bedaxagar, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal
Ikastaro honetan dagoeneko zuberoako dantzak ezagutu eta dantzatzen dituzten dantzari eta dantza irakasleek ezagutza hori zorroztu eta zehazteko aukera izango dute. Lehen bi saioetan, Argia taldeko Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal-ek Zuberoako dantzetan erabiltzen diren oinarrizko urratsak eta aldairak, Aitzineko Puntüak, errepasatu, zehaztu eta bakoitzari dagokion izenarekin landuko dituzte. Hirugarren saioan, Jean Mixel Bedaxagar urdiñarbetarrak Xiberuko dantzaerari buruzko argibideak emango ditu, eta Jautziak eta Aitzineko puntüak "Xiberuko maneran" dantzatzeko aholkuak eskainiko ditu. Ikastaro honetan parte hartzeko Zuberoako dantzen oinarrizko ezagutza izatea gomendatzen da.

  • Ikastaroa: Zuberoako dantzak
  • Irakasleak: Jean Mixel Bedaxagar, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal
  • Datak: Azaroak 3, 5 eta 7
  • Lekua: Dantzagune (Arteleku - Donostia)

 

Argia oroimenaren haritik

Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregi - Ikerfolk
Euskal Herriko dantza tradizionalaren azken lau hamarkadetan erreferentzia nagusietako bat izan da Argia dantzari taldea. 60ko hamarkadaren bigarren erdian tradiziozko dantzan aritzeko iturrietara jo beharraz ohartarazi zuen eta bilketa eta ikerketa lanak egiteko, eta tradizio dantzatuak biziberritzeko gaur egun zutik dirauten oinarriak jarri zituen Urbeltzek zuzendutako taldeak. Argia-ren 40 urteko lanaren sintesia izango da abenduaren 4an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainiko den Axuri-beltza ikusgarria, eta emanaldi horren inguruan Argia dantzari taldearen 40 urteko ibilbidea eta egindako ekarpenen errepasoa egingo dute Juan Antonio Urbeltz-ek eta Iñaki Arregik ikastaro honetan. Oinarri metodologikoak, bilketa etnografikoaren egunerokoa eta sortze prozesuak aztertuko dituzte Argiaren emarian oinarrituta. Bi saio teoriko eta zuzeneko emanaldia ikusteko aukera eskainiko ditu ikastaroak. Ikastaroan aztertuko diren edukiak praktikan eta eszenatokian ikusteko aukeran izango da  abenduaren 4an eskainiko den Axuri-beltza ikuskizunean.

  • Ikastaroa: Argia oroimenaren haritik
  • Irakasleak: Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregi - Ikerfolk
  • Datak: Abenduak 1, 4 eta 9
  • Lekuak: Dantzagune (Arteleku) eta Victoria Eugenia antzokia, Donostia.

 

Dantzaren mugimendua eta erritmoaren pedagogia

Patxi Laborda, Sabin Bikandi eta Larraitz Artetxe - Aiko Taldea
Zuzen-zuzenean dantza irakaskuntzan diharduten dantzari eta dantza-irakasleei begira prestatutako ikastaroa da honako hau. Dantzaren transmisioan eta irakaskuntza ahaleginetan izaten diren hutsunea eta zalantzen aurrean lagungarri gertatuko diren oinarri eta ezagutza teoriko zein praktikoak eskainiko ditu Aiko taldeak. Dantza irakaskuntzan, mugimendu eta erritmoaren lanketan aritzeko oinarri teoriko, metodologiko eta praktikoak eskainiko dituzte ikastaro honetan Sabin Bikandi, Patxi Laborda eta Larraitz Artetxek. Dantza klasean erritmoak lantzeko eta mugimenduak modu samurrean transmititzeko sistemak landuko dira ikastaroan.

 

Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz sortu zen Dantzan Ikasi egitasmoa. Dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da helburua.

Maiatza eta iraila bitartean burutu diren ikastaroek harrera polita izan dute. Maiatzean Bizkaiko jota eta porruaren inguruko ikastaroa burutu zen Galdakaoko  Andra Mari dantza taldeko Kepa Artetxe eta Mikel Goitia dantza-maisuekin. Uztailean Baztango mutil-dantzen ikastaroa eskaini zuten Patxi Larralde, Rafa Baron eta Patxi Labordak.  Irailean Goierriko dantzak izan dira ikasgai eta aztergai Aurtzaka dantza taldeko Mikel Sarriegiren eskutik.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.