Dokumentuaren akzioak
Debako San Roke dantza DVDan
Abuztuaren 16an, San Roke egunez, dantzatzen dute Deban ezpata-dantza. 1600 urte inguruan Deban izandako izurrite batez libratu omen zituen bertako biztanleak San Rokek eta horregatik urtero dantzatzen diote Debarrek haien patroiari.
Ohiturak mantentzeko borondatez, ezpata-dantzaren historia, berari buruzko zenbait pasadizo eta dantza bera erakusiko dituen DVDa prestatzen ari da Debako Gure-kai euskal dantzari taldea.
Abenduaren 19an (larunbata) aurkeztuko dute jende aurrean eta aurkezpena borobiltzeko beste zenbait ekitaldi prestatu dituzte Deban:
- 10.00: Dantzarien eta kofradeen bilkura foruen enparantzan. Ondoren hamarretakoa.
- 12:00: Santakrutz ermitatik dantzarien irteera elizarantz ezkil-jotzearekin batera.
- 12:30: San Rokeren irudia daramaten kostalero eta sendieri San Roke zortzikoa dantzatuko diete buruzagiek.
- Ondoren DVD-aren proiekzioa elizako klaustroan.
- 15:00: Bazkari herrikoia. Ondoren erromeria.
Debar ugarik dantzatu izan du ezpata-dantza. Hartara, gaur eguneko dantzariak eta dantzari ohiak daude bilduta San Roke-ko kate luzean dantzan. Azaroaren 7an eta 14an hartuko dituzte dantzatu nahi dutenen izenak, Foruen plazan. Azaroaren 28an eginen dute lehen entsegua.
Dokumentuaren akzioak