Dokumentuaren akzioak
Agenda
Atorrak
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Mundaka
Inaute igandean ateratzen dira Mundakako Atorrak kantuan. Mundakako Txistulari Marrauen kalejira, 10etan Atorrekin lagundurik. 12.30etan Mundakako Atorren Estudiantina Aratuste abestiarekin hasita. 18.00etan Herriko plazan Laminek agerraldia egingo dute orro, dantza eta kantuekin.
Zahagi-dantza eta Hartza
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Markina-Xemein
Aratuste domekan, inauteri igandean, zaragi-dantzariak ibiltzen dira Markina-Xemeingo kaleetan Hartzak lagunduta. Zaragi-dantza egiten dute Zerutxuko dantzariek eta Hartzak panderoaren doinura dantza egiteko ahalegina egiten du, baina iheserako eta jendea beldurtzeko zaletasuna handiago du. Markina-Xemein: Zaragi-dantza eta antzar jokoa 2013 [Bideoa]
Inude eta artzaiak
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Bera
Inaute igandean ateratzen dira inude eta artzaiak Berako kaleetan. Goizeko 10etatik aurrera kalejira egingo dute herrian zehar Eztegara pilotalekutik hasita. Ondoren arratsaldean, 18:00etan hasiko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.
Zirikoketa
Noiz: 2026/02/15 10:00Non: Astigarraga
Inauteri igandean, martxoaren 2an, Zirikoketa plazaratuko dute Astigarragan. Herriko dantzari, musikari, bertsolari eta antzerkilariak batuta libertimenduen egitura duen festa prestatzen ari dira inauterietarako. Txistulariak, dultzaineroak, trikitilariak, txaranga, danborrada taldea, bertsolariak eta antzerkia izango dira plazan dantzariekin batera. Goizean zehar puska-biltzea egingo dute hainbat auzotan eta gero eguerdian plazako emanaldia.
Markitos
Noiz: 2026/02/15 11:30Non: Zalduondo
Markitos da inauterietako igandeko protagonista. Urtero bezala, zaldi gainean agertuko da goizeko 11.30ak inguruan, Arabako herri honetako kale nagusian, traje beltzez jantzita, gorbata eta guzti. Atzean herriko mutil bat izango du laguntzaile gisa, erori ez dadin. Ibilbideko puntu batean, jauregi baten parean, astotik jeitsi eta sei metroko luzerako makila baten puntan ezarriko dute. Makila zutik jarri, lurrean sartu, eta han goian geratuko da Markitos hainbat orduz. Arratsaldean, berriz, predikadorea buru duen prozesio zaratatsu bat abiatuko da Markitos dagoen tokiraino. Kale-garbitzailea eta errauts-zabaltzailea joango dira lehenbizi, biak bata beltzez jantzita. Musikariak, ondoren, eta, gero, behor batek tiratutako gurdi bat, Predikadorea barruan joango da. Ondoren Atsoa eta Agurea, Markitosen aita eta ama. Hartza eta ardia joango dira ondoren, eta, azkenik, Porreroak. Zaku-telaz jantzita, porrero hauek beren buruak lurrera bota eta pertikak erabiliz teilatuetatik zintzilikatutako kandela izoztuak apurtuko dituzte. Markitos jaitsi eta gurdian jarriko dute. Frontoira heltzen direnean epaia irakurriko dio Predikadoreak Markitosi: hil egin beharko du. Jendeak txalo egingo du. Panpina lurrean jarri eta su emango diote. Eta taldeko guztiek dantza egingo dute haren inguruan.
Marrauen soka-dantza
Noiz: 2026/02/15 12:00Non: Gernika
Zaldunita edo inaute igandean, eguerdiko 12:00etan, puntuan, marrauek Gernikako Foru Plaza hartzen dute soka-dantza dantzatzeko. Soka-dantzak ohiko egitura du, hau da, desafioa, banan-banangoa, zubiak, agurrak eta abar. Dantzariak, ordea, maskara batekin eta gorputz guztia estaltzen dien lohihartzeko batekin dantzatzen dute.
Jardinzayen konpartsa
Noiz: 2026/02/15 12:00Non: Donostia
Inauterietan bi aldiz ateratzen da Jardinzayen konpartsa, lehenik, inaute larunbat arratsaldean eta bigarrenez igande eguerdian. Eskolaren eskutik, Jardinzayen konpartsa tradizionala Donostiako kaleetan barrena ibiliko da. Aurten Jardinzayen Konpartsari ESKOLAren inauteri ezberdinetako jantziak gehituko zaizkio, denak nahastuta (1979-1998 urteetako jantziak).
Elegante eguna
Noiz: 2026/02/15 12:30Non: Azpeitia
Inaute igandean ospatzen dute Elegante eguna Azpeitian. Eguerdiko 12:30ean Eleganteen pasiera egiten da, herritarrak garai bateko soineko eta jazki apainekin jantzi ohi dira kalean gora, kalean behera pasiatzeko, antzinako antzera. Itsasikoen artzai-inudeen kalejira, danbor-joleekin eta San Sebastian eguneko danborradaren karrozarekin ere ikusi ahal izango dira. Juan Antxieta Musika Eskolako txistulariak eta Incansables txaranga ere kalez kale ibiliko dira.
Momoxarro txikiak
Noiz: 2026/02/15 16:30Non: Urdiain
Momoxarro txikiak irteten dira inauteri igandez Urdianingo kaleetra 16:30 edo 17:00ak aldera askotariko itxura hartuta. Batzuk ardi-narruak soinean, besteek ohe-estalkiak, beste batzuek txano konikoa jantziko dute. Guztiek aurpegia estalita eta farak izanen dituzte nondik dabiltzan jakiteko. Jendea zigorrekin berotzen ariko dira. Momoxarroak zirikatzeko honako errepika erabiltzen dute herritarrek: momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero. Asteartean irtengo dira helduak.
Mamuxarro gazteak
Noiz: 2026/02/15 16:30Non: Unanu
Asteartita edo inaute astearte arratsaldean mamuxarro nagusien txanda bada ere, bi egun lehenago, igande edo zaldunitan, herriko mamuxarro gazteak ateratzen dira. Mutua, ezkil eta zintzarri gabeko mamuxarroa, Unanuko kaleetan zehar ibili ohi dira. Metalezko maskara bat aurpegian eta makil luze bat eskuan korrikaldi politak egiten dituzte Ergoienako herri txikitik. Hori dena, makilarekin hanketan jotzeko.
Dokumentuaren akzioak


