Dokumentuaren akzioak
Mairu-baratzea edo cromlecha
Juan Antonio Urbeltz
Duela urte batzuk, 2012an, Jorge Oteiza Fundazio Museoak Crónlech vasco y zorro japonés. De Jorge Oteiza a Akira Kurosawa liburua argitaratu zigun Mikel semeari eta bioi. Txalapartari edo zalapartakari buruzko saiakera labur bat idatzi berri dugu, orain cromlecharen txanda da.
Bigarren honek aurrekoarekin duen lotura “aurrehistorikotasuna” da, eta hona ba Pirinioetako cromlecharen auzia. Urte askotan, 1930eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, hipotesirik klasiko eta hedatuenak susmatzen zuen artzain-taldeek Burdin Aroaz geroztik okupatzen zituzten lurretan, harriz eraikitako zirkulu horien barrualdean ehorzketak gordetzen zituztela. 1940ko hamarkadaren amaieran, 1949an, On Jose Migel Barandiaranek hileta-hipotesia azaldu zuen Julio Urkixoren omenez argitaratutako saiakera txiki batean, Pothier jeneralak Biarnoko Ger eskualdeko tumulu eta harrespilak arakatzeko egindako lanak oinarritzat hartuta.
Elementu arkeologiko horrek eztabaida handiak eragin zituen – esanahiari eta funtzioari dagokienez – Jorge Oteiza eskultoreak 1950eko hamarkadaren amaieran esku hartu zuen arte. Eskultoreak Quosque Tandem...! idatzi izana, neurri handi batean, cromlech hutsa aurkitu izanaren egiaztapena izan zen. Hain ikerketa garrantzitsu eta ikaragarriak zuzenean eraman zuen, gogoeta sakon eta mingarrian, eskultore lana bertan behera uztera. Eskultura uztean (cromlecha oinarri hartuta), Oteiza Jatorriaren bila zebilen pentsalari zorrotza bihurtu zen. Ez zuen harrapakina askatu Jatorriaren jatorria aurrez aurre ikusi arte, bai berea pertsonalki, bai kolektiboarena (bere inkontzientea ahaztu gabe), eta esan bezala, bere burua erabat desarmatuta ikusi zuen Oteizak bere aurkikuntza handienaren eraginez: cromlech xumeak azaleratu zuen hutsune espiritualak bere eskultura-lanak uztera eraman zuten.
Hala eta guztiz ere, hileta aztarnen eskasia egonagatik, ikuspegi hori sendotu egin da azken hirurogeita hamar urteetan, Jacques Blot doktoreak 1997an idatzi zuena aintzat hartu gabe: «Les restes humains, sous formes d 'ossements calcinés sont raríssimes». [Giza hondakinak, kiskalitako hezurren formakoak, oso bakanak dira]. Baina Quosque Tandem...! liburuan, 117. orrialdean, Oteizak aurrea hartua zion iruzkin horri: "No se ha concebido que [los crónlechs] no pudieran estar relacionados con la muerte" [Ez da pentsatu cromlechak heriotzarekin lotuta egon ez zitezkeenik"]. Bere hipotesien prestaketan, Oteiza saiakera teoriko eta esperimental oso pertsonalekin sartzen zen eztabaidan; hutsaren nozioa sorleku bezala nabarmentzen zen eta eskultura helmuga bezala. Hortik sortu ziren kutxa metafisikoak, esferaren desokupazioak, ondorio filosofiko eta etiko handi gisa garatuak. Eskultoreak, jarrera desafiatzailearekin, mahai gainean jartzen baitzuen artearen teoriako espezialistek era guztietako arrazoiak proposatu zitzaten, orokorrak zein partikularrak.
Euskal Pirinioetako cromlechak, erdian, errautsez betetako zulo txiki bat dute, etxeko sutatik hartutako errauts bat da –cromlechean errauts hori jabetza-titulu baten baliokidea da–. Horrekin esan nahi dugu mairu–baratz edo jentil–baratz hori etxe horretakoa dela, eta, beraz, mairuak –tabanoaren metafora– baratze horretan elikatu behar direla, eta bake-bakean utzi behar dela leku haietan aritzen den azienda nagusia.
Hemen garrantzitsuena da “mairu”aren esanahi metaforikora hurbiltzea. Izen horren atzean ezkutatuta intsektuak aurkitzen ditugu, hala nola, eltxoa eta ezpata. Gure liburuan planteatu bezala, han esaten genuen "mairuen baratze" horiek edo ‘huertas de moros’ –Aragoiko artzainak deitzen dieten bezala– baita "jentilen baratzeak" ere. "Baratzeak" deiturikoak mairuei edo jentilei esleitutako espazioak ziren –ezpara edo tabanoaren metafora–, horrela, espazio horietan intsektu beldurgarri horiek "elikatuko" lirateke, eta ukuiluratu gabeko azienda nagusia bakean utziko lukete, maiatza eta iraila-urria bitartean mendi-bideetan barrena libreki sartzen zena. Cromlecha, beraz, zomorro beldurgarri horiek uxatzeko gunea da, hilabete bero horietan gupidagabe aritzen baitira ganaduaren aurka erasoan.
Hutsaren ideiatik (zentrala Oteizarentzat cromlecharen ikerketan) sortu zen Agiña mendian, Lesakatik gertu, Aita Donostiaren omenez eraikitako kapera. 1959an, Aranzadi Natur Zientzien Elkarteak Oteiza eta Luis Vallet de Montano arkitektoa hautatu zituen, Aita Donostia musikologoaren omenezko proiektu bat aurkezteko. Bi artisten proposamena eskultoreak diseinatutako hilarri bat izan zen, arkitektoak osatutako kapera soil batez osatua. Obra horiek paisaia bakarti hartako egitura mikrolitikoen artean integratu ziren. Monumentua hain zirraragarria izan zen, haizete batek bezala aurretik eraman zituela eskultorea eta ordura arte euskal historiaurreak eta etnografiak jarraitu zituzten irizpideen zati bat. Mingarriena izan zen, esan bezala, Jorge Oteizak eskultura uztea erabaki zuela, berak "asmo esperimental" deitzen zuenari amaiera eman ziolako. Bere apaltasunean, Agiñako multzo ederra 1959ko ekainaren 20an, larunbata, inauguratu zen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Juan Antonio Urbeltz
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Ignacio Gordejuela gogoan 2014/07/30


