Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Juan Antonio Urbeltz Ignacio Gordejuela gogoan

Dokumentuaren akzioak

Ignacio Gordejuela gogoan

2014/07/30 19:35
Ignacio Gordejuela gogoan

Iñaki Gordejulea. Arg: Kutxa Fototeka.

Donostiatik kanpo nintzela izan dut Ignacio Gordejuela nire Gipuzkoako Dantzen Maisu maitatu eta mirestuaren heriotzaren berri. 1959ko otsailean izan zen, nik hemezortzi urte eta erdi nituela, Jaime Albillos-ek Goizaldi euskal dantza taldean sartzera gonbidatu ninduenean. Han ezagutu nuen Ignacio Gordejuela, Candido Pujanaren ikasle izandakoa zena, eta berarekin ikasi nituen gure probintziako dantza zaharren lehen mugimendu eta eboluzioak. Garai hartan ohikoa zen zortzi dantzarien taldean, ezkerreko lerroan laugarren tokian dantzatu ohi zuen berak, eta berak hutsik utzitakoa neuk hartzeko ohorea izan nuen. Goizaldi taldean 1959 eta 1965 bitartean izan nintzen, Ignacio Gordejuela eredu nabarmen izanik, Gipuzkoako urratsak eta aldairak marrazteko estiloaren garbitasunean, zorroztasunean eta zehaztasunean.

Gure probintziako dantzak egiterakoan, ohiz kanpoko indar eta dotorezia naturala zeukan Ignacio Gordejuelak, gorputzaren beraren ezarpenetik hasita, gipuzkoar folklorearen izaera pre-klasikoari (modu tamalgarrian hainbatetan dantza klasikoaren ondarearekin nahastu dena) ohore egiten ziona. Bakarlari moduan egiten zituen saioak gozamena ziren bere mugimenduei osotasunean ematen zien hegadari esker: dirdira moduko muriska zehatzak, jirako lasterka zabal-zabalak, biraketa bikoitzeko kurpilletan egiten zituen belaun jira-bira amaitezinak, eta laisterkak edo lau-ariñak ixterakoan oinak ezartzeko zuen erabateko zehaztasuna, bere baitan dantza ikastaro oso bat zena. Oroimenean ikusten dut dantzan Ignacio Gordejuela. Gure dantza zaharrak eta Sevillan 1642an argitaratutako Juan Esquivel Navarroren Discursos sobre el Arte del Dançado liburuaren irakurketa sakona komunikazioan jartzen zituen Gordejuelaren dantzarako trebetasunak eta jasotako tradizioarekiko fideltasunaren emaitza zoragarriak.

Justiziaz beharrezkoa da esatea azken hirurogei urteotan Ignacio Gordejuela izan dela Gipuzkoako dantzen interpretazio garbienaren bultzatzaile handia. Bioakio hemendik joan zaigun dantzari handiaren aurrean gure omenaldi pertsonala eta galeraren samiña, eta baita Argia taldeko lagunena ere.

Juan A. Urbeltz
Donostia, 2014.VII.28

Dokumentuaren akzioak

2014/07/31 10:43
Gipuzkoako dantzen dantza-maisu handi bat, ziur aski gaur egungo Gipuzkoako dantzakeran eragin handienetakoa izan duen dantza-maisua joan da. Pujanatarrak maiz aipatzen dira, baina gaur egun Gipuzkoako dantzak egiteko talde gehienetan darabilgun estiloan Gordejuelaren aztarna nagusi dela esango nuke.

Webgune honetatik kanpo ez dirudi oihartzun handirik izan duenik Iñaki Gordejuelaren heriotzaren albisteak, eta dantzariok dugu horren ardura. Geu ez bagara konsziente nor izan den Gordejuela, bere dantzakera eredutzat dugunok ez badakigu nor izan den Gordejuela, zer eskatuko diogu ba dantzari ez direnei?

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Juan Antonio Urbeltz

Juan Antonio Urbeltz

Jasotako azken erantzunak