Dokumentuaren akzioak
Erraldoi tradizioaren inguruan 3: Zergatik koreografiak?
Hau litzateke artikulu honen funtsaren abiapuntua: Zergatik orain Euskal Herriko erraldoi konpartsa gehienek koreografiak egiten dituzte?
Dantzatzeko era horren atzean segur aski arrazoi asko topa daiteke, eta afera planteatu daiteke beste arlo batzuetatik, zalantzarik gabe, baina, nire iritziz, tradizio horren sorrera eta garapen azkarra ulertzeko hiru faktore kontutan hartu behar ditugu:
1.- Lehen eta behin, tradizioa landatzeko erabiltzen den lurzorua: Dantzatzen duen gizartea.
2.- Bigarrenez, landatzen den hazia: Iruñeko konpartsaren eredua.
3.- Eta hirugarrenez, ongarria, eta aldi berean hazia garraiatzeko hain beharrezkoa den haizea: Gaitariak.
Dantzatzen duen gizartea: Dantza eta Dantzariak
Euskal Herrian, orokorrean, dantza ongi onartua eta errotua dago. Tokian tokiko dantza ugari izateaz gain, plazetan dantzatzen diren dantzak izan ohi ditugu, beraz, euskaldunak ohituta gaude dantzatzen edo dantzak ikusten. Gure herrian nolabaiteko barneko globalizazio prozesu baten bidez, hainbat zonalde zehatzeko dantzak plaza gehienetan dantzatzen dira. Beraz, esan daiteke dantza modu naturalean ikusten dela gure plazetan, eta zalantzarik gabe bere lekua dauka jai eta ospakizunetan.
Beste aldetik, gure inguruan bederen, tradizioa etengabe aldatzen doa eta herriak tradizioak aberasteko proposamen berriak arazorik gabe onartzen ohi ditu. Adibide asko daude: Axuri beltza, Tafalla, Zangoza edo Tuterako jotak... herriak, berriki sortu diren dantzak, epe laburrean bereak bezala onartzen ditu. Horrela, dantza “berri“ horiek, “betidaniko” dantzak bilakatzen dira.
Tradizioak naturaltasunez sortzen dira, etorkizunean iraun ala ez. Dantzak berreskuratu egiten dira, edo hutsetik koreografiatzen dira, inguruko ondare musikal eta koreografikoan oinarrituta. Bost urte eskaseko dantzak herri baten ondare ukaezin bihurtzen dira, herri horrek beretzat hartzen duen hizkera batean egiten direlako.
Gainera, herri askok dantza talde tradizionala dute, eta dantzari rola, garai hobeak ezagutu dituen arren, ondo hartua dago, sozialki prestigioduna da. Dantza-taldeetako dantzarien masa kritiko garrantzitsua dago, eta dantzatzen eta dantzan ikusten ohituta dagoen jende gehiago ere badago; beraz, denbora kontua zen musikaz lagundurik desfilatzen zuten figura horiek, herrialdeko plaza, kale eta agertokietan egiten diren bezalako koreografiak garatzea.
Erraldoien konpartsen aro modernoaren hasieran, erraldoi eramaileek bere jarduera lan bat bezala hartzen zuten. 1960. urtearen amaieran hasi ziren sartzen ekonomikoak ez ziren motibazioak zituzten pertsonak. Erraldoiak eramaten zituzten herriko ikurrak zirelako, tradizioa mantendu nahi zutelako... Pertsona horiek dira gaur egun erraldoien konpartsatzat har litekeenaren oinarriak jarri zutenak. 1980ko hamarkadaren amaieran, apurka-apurka, dantza taldeetako dantzariak erraldoien konpartsetan sartu ziren. Iruñea, Tutera edo Lizarra dira horren adibide.
Erraldoien dantzariak - dantza taldeetako dantzariak binomio horrek ez du beti funtzionatzen: gorputzaren lengoaia desberdina da, esekiduraren kontzeptua aldatu egin behar da, jauzia deuseztatu eta desplazamendu bihurtu, oreka puntuaren kontzeptua sartu... Beraz, dantzariek ez dute beti lortzen erraldoiak ondo dantzatzea. Baina dantzariak bere lengoaia koreografikoa aldatzen duenean puntu asko ditu alde: erritmoaren kontzeptua du bere gain, eta, batez ere, entseguen diziplina eta koreografiak ikasteko gaitasuna.
Modu batera edo bestera, konpartsek kalitatezko jauzia eman zuten, entseguak antolatzen hasi ziren (ez erresistentziarik gabe), lehen gertatzen ez zena, eta figura berriak sartzen hasi ziren, hala nola entsegu-buruak edo koreografiak egiten dituzten pertsonak. Hau da, dantza taldeko dantzariaren figurak erraztu egiten du neurri handi batean eredu koreografiko berria, nahiz eta ezinbestekoa ez izan.
Aurreko atalak:
Hurrengo atalak:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Patxi Laborda
Bilbaomusikan Dantza maisu eta Aiko taldeko kidea