Dokumentuaren akzioak
Erraldoi tradizioaren inguruan 2: Iraganeko kontuak
Aztertuko dugun tradizioaz mintzatu baino lehen, saia gaitezen gainbegirada bat ematen Euskal Herriko erraldoien tradizioaren inguruan ezagutzen denari. Hau ez da erraldoien historiaren inguruko artikulu bat, horren inguruan asko idatzi delako eta aipamen ugari topa daitezke aldizkari eta liburuetan. Bakarrik erraldoien erabilera eta haien funtzio aldaketa ulertzeko balioko dizkiguten datu batzuk emanen ditugu.
XIV. mendearen bukaeran eta XV. mendean hasten dira agertzen erraldoi eta Tarasken aurreneko aipamenak idazki zaharretan. Baina dokumentu fidagarrienak XVI. mendekoak dira, musikariei eta dantza maisuei ordainketak islatzen dituztenak. XVII. mendean Iruñean, artxibategietako idazkiek, bai udalekoek eta bai katedralekoek, erraldoiak zituztela adierazten dute. XVI. mendean Iruñean suzko erraldoiak erretzen ziren, eta mende bat aurretik San Fermin segizioan parte hartzen zutela dioten datuak egon badaude. Mende berean Bilboko Besta Berri segizioan erraldoiak agertzen dira, eta 1614an Tutelako Katedralak erraldoiak eta buruhandiak egiten ditu.
1657an Tolosan erraldoi egile bat zegoen, eta 1622an, Azpeitian, erraldoi dantza bat egin zuten, oso txalotua izan zena, “por ser nueva en el país”. Ikusten denez, dantzatzearen kontua ez da berria, berria dena dantzatzearen sistematizazioa da. Baina erraldoiek ez dute beti haizea alde izan. 1780an Espainiako erregea zen Carlos III.ak elizkizun eta segizioetan erraldoien partehartzea debekatzen du. Horren ondorioz, hainbat erraldoi biltokietan baztertu eta izorratzen dira. Hori, adibidez, Iruñeko udal erraldoiekin gertatu zen. Iruñeko katedralekoak, aldiz, hobeki mantendu ziren eta horri esker Udalak alokatu eta atera zituen berriro 1813an, hori bai, Besta Berriko segiziotik kanpo. Denborarekin katedralak udalari oparituko dizkio erraldoi horiek eta horrela, berriro, Iruñeko udalak erraldoiak izanen ditu.
Hortik aurrera fakturak eta ordainagiriak agertzen zaizkigu: musikariak, jostunak, arotzak, dantzariak... eta 1860an, Tadeo Amorenak gaur egungo Iruñeko erraldoiak egiten ditu, gure historiari benetako hasiera emanez.
Gora behera aunitzekin, 1930eko hamarkadan behin betiko erraldoien zabalkundea gertatuko da, herri askotan horrelako irudiak sortuz. Antzinako konpartsa horietan erraldoiak festak apaintzeko irudiak dira, jaien ikurra nolabait, oraindik egun koreografiak dantzatzen dituzten erraldoi horietatik urrun.
Aurreko atala:
Hurrengo atalak:
- Erraldoi tradizioaren inguruan 3: Zergatik koreografiak?
- Erraldoi tradizioaren inguruan 4: Iruñeko erraldoi konpartsaren eredua
- Erraldoi tradizioaren inguruan 5: Gaita eta gaitariak
- Erraldoi tradizioaren inguruan 6: Erraldoien egiturak
- Erraldoi tradizioaren inguruan 7: Koreografiak
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Patxi Laborda
Bilbaomusikan Dantza maisu eta Aiko taldeko kidea