Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Sokari helduta Vilanovako festa-labirintoan

Dokumentuaren akzioak

Sokari helduta Vilanovako festa-labirintoan

Sokari helduta Vilanovako festa-labirintoan

Ball de Diables, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Gure festetako zenbait adierazpenek beste testuinguru batzuetan dituzten aldaerak ikusi eta erritoen kaosean murgildu gara uda honetan Vilanova i la Geltru herri katalanean. 2023ko uztailaren 28tik abuztuaren 2ra 22 dantzari Kezkatu Vilanova i la Geltruko labirintoan harrapatuta ibili gara, irteera aurkitu ezinik. Egunero errutina bera errepikatuz, piztiek bezala eguzkia ezkutatzeko zain egon eta iluntasunean sartuz festaren anabasan, su, gar eta keen itzalean gordetzen diren erritoen misterioetan bidea aurkitu nahian.

Eibarko sarrera Azitaindik
Eibarko harresira sartzeko ate edo portaletako bat Azitaingo sarreran jarrita dago gaur egun. Dantza-etxe dugun Portalea kultur etxean ere horrelako ate edo portalea zegoen.

Gure dantza-etxeko Portalea irekita atez ateko tuneletik bidaiatu genuen Vilanovako hondartzara. Stargaten bezala. Atetik atera, eta hondartza parean agertu ginen. Bai paraje ederra.

Itsas-errota Vilanova 2023
Itsas-errotaren aztarnak Vilanova i la Geltruko hondartza aurrean. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Baina oker geunden. Hori ez zen ez Vilanovan sartzeko atea, itsasoaren indarra baliatuz garia xehatzeko eraikitako errota baten azken aztarna baizik. Horixe du labirintoak, ateak diruditen baina ateak ez diren ilusioak proposatzen dizkizula eta okerreko bidera zaramatzala behin eta berriz. Eta lehen okerraren ondoren etorri zen bigarrena. Vilanova i la Geltru izen konposatuak pentsarazi zigun jatorrian bi herri izango zirela, denborarekin elkartu zirenak. Oker geunden berriz ere. Herri bakarrean du jatorria, nahiz eta une batean banatu zen eta gero berriz batu. Geltruko jauntxoak, Erdi Aroko eskubide feudal ankerra gauzatu nahi izan zuen neska gazte batekin. Neskak aurre egin zion erasoari eta ihesi joan zen. Neskarekin elkartasunez herritar talde handi batek hiribildua utzi eta kanpoaldean hutsetik sortu zuen hiri berria: Vilanova. Herri berekoak eta elkarren ondoan izanik lotzen zituen soka indartsua zen eta jauntxoa, piztia desagertu ondoren, berriz ere herri bakarra izatera itzuli ziren, izenean biak jasoz eta historia oroimenean atxikiz.

Egunak bero, gauak ero

Ez gara Festa Majorreko egun nagusietan izan, aurreko egunetan izan gara, eta beraz ez gara festaren erdigunera iritsi, baina festa egun nagusietatik kanpo izanik ekitaldiak lasaiago gozatzeko eta bertako kideekin gertuagotik bizitzeko aukera eman digu aurretiko edo "beroketa" izaera horrek.

20230728_Vilanovageltru_diablesdrackezka_OA_202634_r.jpg
Fideua Ball de Diables-en herri afarian, Vilanova i la Geltru, 2023-07-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Egun nagusian goiz, eguerdi eta arratsaldez kaleratzen dira ekitaldiak, baina horretan ere zortea izan dugu, "beroketak" izanik, eguzkiaren indarra ahultzen hasitakoan hasten baitziren. Sopar popular da ikasi dugun lehen katalan lezioa, alegia, herri afaria. Giro beroan, deabruz inguratuta fideua afaltzen, infernura bidean ondo gindoazela iruditu zaigu.

20230728_Vilanovageltru_diablesdrackezka_OA_203218_r.jpg
Fideua Ball de Diables-en herri afarian, Vilanova i la Geltru, 2023-07-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Su ta gar

Ez gara okertu. Deabruen eta herensugeen gaualdiarekin egin digu ongi-etorria Vilanovak. Correfocak berehala jarri gaitu dantzan eta azkar ikasi dugu zergatik deitzen dioten Ball de Diables (deabruen dantza), suzko euripean erretzerik ez baduzu nahi hobe baituzu etenik gabe dantza egitea.

Vilanova i la Geltru 2023 Ball de Diables
Ball de Diables, Vilanova i la Geltru, 2023-07-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Sufestaren kalejira lehertu da Neus-en plazan eta hortik hiriko alde zaharreko kale labirintoan barna sigi-sagan ibilita iritsi da Udaletxe plazara azken traka erraldoia bertan leherraraziz. Izugarria; beldurra eta erakarmenaren jokoan harrapatuta gaude. Eta lehen kolpetik hasi zaizkigu gure folklorearekin ahaidetasunak eta festa osagai partekatuek zantzuak agertzen begien aurrean.

Vilanova i la Geltru 2023 Ball de Diables
Ball de Diables, Vilanova i la Geltru, 2023-07-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Deabruen dantza suzko euripean

Leizearen barne-zokoan, lurraren barrunbeetan, infernua dute bizitoki deabruek, beraz, suz inguratuta eta suarekin izua zabaltzen eroso ikusten ditugu. Sua menderatzeko gaitasuna eta suarekin lan egiteko jakintza ezagutza magikoak dira. Patxi Errementaria eta deabruaren arteko harremanean agerikoa zaigu suaren domeinua, indarra, suari izua eta erabiltzeko ausardiaren arteko jokoa, suarekin burdina makurtzeko jakitatearen sekretua, burdinarekin eta suarekin piztia menperatzeko boterea.

Vilanova i la Geltru 2023 Ball de Diables
Ball de Diables, Vilanova i la Geltru, 2023-08-18. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Beldurra, izua zer den ez daki Errementariak. Deabruarekin lehiatzen da indarkeria, gaiztakerian eta azeri jokoan, gezurren sasian eta hitzen iruzurrean. Gure koko-dantzetako Martin perratzaileak ere badu piztia menderatzeko kemena, mailua eta perren bidez Hartza menperatzekoa.

Vilanova i la Geltru 2023 Correfoc
Correfoc, Vilanova i la Geltru, 2023-07-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Hitza du iltzea, mingaina mailua

Deabruek sua eta izua dakartzate beraz, eta hitzaren dohaina ere dute beraiekin. Patxi Errementaria eta Deabruaren arteko elkarrizketak hitz-tranpak dira, amarruz, engainuz eta gezurrez jartzen dizkiote segadak elkarri, artez eta marroz katramilatu nahian urkoa. Vilanova i la Geltruko eta Kataluniako deabruak ere zirtolari trebeak dira. Parlats deritzen antzerkiekin borobiltzen dituzte ball de diablesak. Correfocean galdu gara gu, baina egun handian, Luzifer, Deabrua, Deabresa eta Aingeruaren antzerkian, Vertsots deritzen erretolika eta elkarrizketa satirikoak eskaintzen dituzte. Bertso errezitatu horien bidez, elkarri adarra jotzearekin batera herriko auziez aritu eta kontuak garbitzen dituzte.

Vilanova i la Geltru 2023 Diables
Diables, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Correfocaren ibilbidean hainbat afitxa eta kamisetetan "El correfoc no se toca" irakurri dugu. Auziaz galdetuta azaldu digute agintariek correfocaren ibilbidea aldatzen saiatu direla, kale estu eta zoko ilunak saihestuz. Ilunpetik argira, leizetik zelaira, labirintotik atera nahi dituzte deabruak. Infernua maite dute baina deabruek eta ez dute iluntasuna utziko. "Gaia agertuko al da Parlats-etan?" galdetu diogu Deabruen elkarteko buru Sarairi: "Ez izan zalantzarik" erantzun digu bihurri begiradarekin".

Vilanova i la Geltru 2023 Ball de Diables
Correfoc, Vilanova i la Geltru, 2023-07-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Diablesek eta beren bertso antzerki kritikoek nafar Erriberako paloteadoak ekarri dizkigute gogora: deabrua eta aingerua elkarri zirika bertsotan, herriko gora-beherak jendearen barre artean garbituz. Erriberan artzainek ―nagusia eta morroia― paper handia dute antzerkian, eta Vilanovako Festa Majorrean ere badira artzainak, gure ezpata-dantzaren antzeko dantza eginez artzain-makilekin. Deabruek suarekin duten lilura eta burdingintzarako ezagutza magiko horrek Donostiako kaldereroak zein Zuberoako maskaradetako kauterak ekarri dizkigute gogora. Lehengusuak dirudite, bai suaren domeinuan, bai izua eta lilura aldi berean sortzeko gaitasunean, eta bai parlats zein pheredikuen bidez herriko gertaerak eta gora-beherak satirikoki jorratzeko dohainean.

Correfoc eta ball de diables Vilanova i la Geltru, Tarragona, Torredembarra eta Colladako diablesekin eta eta Tarragona eta Vilanovako Drac-arekin. Irudiak: Oier Araolaza. Vilanova i la Geltru, 2023-07-29.

Herensugarra

Vilanova, Tarragona, Torredembarra eta Colladako diablesen ondotik Drac-a, alegia, dragoia, herensugea, tarasca agertu da kalejiran. Vilanovako Dracaren elkartearen buru da gure kontaktua, Jose Ignasi "Txatxi" Gomez. Dozena bat urte dira ezagutu genuela, Torredembarran parte hartu genuen Pastoretsen jaialdi batean, bera Gaudeix La Festa jaietako tradizioei buruzkoa telebista saioan aritzen baitzen. Ospakizunetan aurkitu dugu Vilanova i la Geltruko Herensugea, 75 urte baitira Gerra Zibilaren etenaren ondoren berreskuratu zutela.

Vilanova i la Geltru 2023 Drac
Drac, Vilanova i la Geltru, 2023-07-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Herensugea ezpata-dantzaren aurretik

Gure Arrateko ezpata-dantzak badu zorrik herensugearekin. Juan Antonio Urbeltzi irakurri genion herensugea eta ezpata-dantza lotzen dituen orain 363 urteko testigantza eder bat. 1660. urtea da. Frantziako errege-gaia, Louis XIV. izango dena Espainiako Felipe IV. erregearen alabarekin, Austriako Maria Teresarekin ezkontzekoa da. Estatu ezkontza, inondik inora, luzaz elkarrekin borrokan diharduten bi estatuak lotuko baitira bi gaztetxoen bidez. Terreno neutrala nahi dute eta Euskal Herrian aurkitu dute ez Frantzia, ez Espainia ez den lur txikia: Konpaintza edo Faisaien Uhartea. Bidasoa ibaian, Hondarribia eta Hendaia artean itsasoratzetik gertu, ibaiaren erdian dagoen irlatxoa da, Zumirikia, Oskar Alegriaren aitaren hiztegian.

Konpantzia
Konpantzia.

Bertara lagunduko du Espainiako erregeak alaba, baina bidean, azken geldialdia Donostian egin dute. Ekaina da, eta hara non Corpus Christi asteburua egokitu den eta festan ohikoak diren prozesio eta erakustaldien testigu izango dira monarkak:

"Vi pasar unos cien hombres vestidos de blanco, bailando con espadas y con cascabeles en las piernas, teniendo cada punta de espada puesta en la mano izquierda de su compañero.  Después cincuenta muchachos con panderetas, y aquellos y éstos con caretas de papel o telas que se traslucían. Enseguida marchaban siete reyes y reinas moras,  todos de altura de dos pisos (erraldoiak), dos o tres hombres escondidos dentro los hacían bailar, y diez o doce pequeños (buru-handiak)."
"Un dragón tan grande (herensugea) como una ballena en cuya espalda saltaban dos hombres con posturas y contorsiones (saltinbankiak, giza-dorreak) tan extravagantes que parecían endemoniados."

Testigantza horretan oinarrituta, 1988. urtean Zortziko ikuskizunaren hasieran herensugea eta ezpata-dantza eszenaratu zituen Argia dantzari taldeko zuzendariak. Confolensen estreinatu ondoren Euskal Herrian hainbat emanaldi eskaini ziren, tartean Eibarren, 1990. urtean eta han izan ginen ikusten Kezkako dantzariak. 1991ean Alakiketan ikuskizunak eman zion jarraipena Zortzikori, horretan ere herensugea eta ezpata-dantzarekin hasiz emanaldia, eta 1993an, Elgoibarko Haritz dantzari taldearen bidez Alakiketan-en parte hartu genuen Kezkako zenbait dantzari eibartarrek, hain zuzen ere ezpata-dantza horretan izan genuelarik lehen eszenaratzea. Ezpata-dantza hori dago 2004ko Arrateko ezpata-dantzaren oinarrian, 1660ko testigantzan deskribatzen diren janzkeratik bertatik hasita. Herensugeari dagokionez, 2023 honetan, koko-dantzetan atera dugu gure heresungetxoa, Hazas nebarreben eskuek egindako gure dragoitxoa.

Alakiketan ezpata-dantza Argia
Ezpata-dantza Argia dantzari taldearen Zortziko (1988) ikuskizunean.

Castellersak: gu Oriorekin goaz

Uztailaren 29an, larunbatez, giza-dorreen egun handia, Diada de Castellers deritzena egokitu zaigu Vilanova i la Geltrun. Lau colla edo talde aritu dira: Castellers de Vilafranca, Colla Jove Xiquets de Tarragona, Colla Joves Xiquets de Valls eta etxekoak, Bordegassos de Vilanova. Txatxik Bordegassoen collan parte hartzen du baina gaurkoan bere ogibideari lotutako zereginak ditu. Canal Blauko zuzendaria da eta castellersen ekitaldia zuzenean ematen dutenez telebistaz komentarista lanetan ari da. Esku onenetan utzi gaitu ordea.

Vilanova i la Geltru 2023 Castellers
Bordagassos de Vilanova, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Bordegassos-en elkarteko ateak parez pare ireki eta sartzera gonbidatu gaitu ongi-etorri irribarre handi batekin Miren-ek. "Miren? Izen hori....", "Bai, euskalduna da, nire ama bilbotarra da, baina ni hemen jaiotakoa naiz!". Bordegassos elkarteko presidentea da Miren. Tabernako barra eta mahaien artetik pasa eta patiora pasarazi gaitu. Hor egiten dituzte entrenamenduak, patioak teilaturik ez duela aprobetxatuta eta koltxonetak eta sokek erakusten dutenez. Bordegassos-en kolorea horia da. Esana zigun horiz etortzeko, estropadetan Orion aldekoak bagina moduan (gure artean Zumaiaren aldeko gorri-zale bat bazen ere, formal jantzi zen horiz) eta falta zitzaigunoi haien kamiseta horiak eman dizkigute.

Vilanova i la Geltru 2023 Castellers
Kezkako dantzariak Bordagassos-en kolorearekin,2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Gizartea egituratzen

Grallersak, gure gaitari edo dultzaineroen lehengusuak, jotzen hasi dira eta bat-batean marea horia mugitzen hasi da. Gu haiekin batera. Vilanovako kale estuetan barrena kalejiran ibili gara udaletxe plazara bidean.

Vilanova i la Geltru 2023 Bordegassos
Bordegassosen kalejira, Vilanova i la Geltru, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Castellers elkarteen antolaketa eta funtzionamenduari buruzko argibide xeheak eman dizkigu Jaumek. Entseguak egiteko planifikazioa zein duten azaldu digu. Entseguak, bai, ez entrenamenduak. Orain gutxi Javier Cuadra pilotaren historiaren ikertzaileari irakurri diogu pilotan ere garai batean ez zela entrenatzen, entseatu egiten zela, dantzan bezala.

Vilanova i la Geltru 2023 Castellers
Bordagassos de Vilanova, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

"Castellers collak inklusioa eta komunitatearen egituratzea errazten duten elkarteak dira" diosku Jaumek. Dotore eta zentzuz hitz egiten du. "Guztiek dute kabida colla batean, adin, genero eta gorpuzkera guzti-guztiek. Eta ez tokia bakarrik; funtzioa ere bai. Ez dago garrantziari dagokionez hierarkiarik. Badaude gidariak, cap deritzenak, baina ez dute beste edonork baino protagonismo handiagoa". Lanbide, ingurune sozial, pentsaera edo jatorri desberdinetako jendea batzen da eta orpoz orpo, gorputz guztiak bakarra bailiran antolatzen dira. Etorkinen integrazioa bideratzeko ere tresna aparta iruditzen zaio Jaumeri.

Bertikalki altxatzeko, horizontalki antolatu

Bat-batean muga bat atera da Jaumen ahotsetik. "Tira, badago ezaugarri bat, muga bat. Joera politikoa. Ezkerreko ikuspegia hurbiltzen da nagusiki". Ez inori ateak ixten zaizkiolako, baizik eta castellersak bertikalki eraikitzeko harreman eredu horizontala baliatzen delako colletan eta horrek sentsibilitate politiko zehatz bat duten herritarrak erakartzen dituela iruditzen zaio, eta beste batzuk uxatu.

Vilanova i la Geltru 2023 Castellers
Giza-dorrea, Vilanova i la Geltru, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Ehunka lagunek betetzen dute plaza, baina dorre bat eraikitzen hasten diren bakoitzean egiten den isiltasunak hunkitu gaitu. Bat-batean ahots guztiak itzali dira eta xuxurlari bat baino ez da entzuten. Instrukzioak ematen ditu, ahotsik altxatu gabe. Cap de collaren ahotsa da, giza-dorrea eraikitzeko prozesua eta ordena markatzen du. Oso azkar gertatzen da dena, oso koordinatuta, narrastiak bailiran elkarren bizkarrera itsatsita dorrean gora igoz doaz.

Vilanova i la Geltru 2023 Castellers
Bordegassos de Vilanova i la Geltru, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Gazte, zahar eta ume

Halako batean, bospasei maila dituenean dorreak grallersak jotzen hasi dira. Tentsioaren usainak izerdiarena estaltzen du. Behin musika jotzen hasita ez dago atzerabueltarik. Ordura arte ikusten bazen zerbait ez zihoala ondo atzera egin eta berriz hasi zitekeen. Baina gaitarien doinua hasi denean aurrera egitea baino ez dago. Bordagassoen txanda da hori. Ume-mokoei halaxe deitzen zioten Vilanovan garai batean eta horregatik du taldeak izen hori. Beste herrietako zenbait castellers taldetan ere canallas (granujak Eibarren) edo umeei deitzeko moduak darabiltzate colla osoa izendatzeko: xiquets (txikiak), nens (umeak), brivals (briboiak), minyons (adin-txikikoak),..

Vilanova i la Geltru 2023 Castellers
Giza-dorrea, Vilanova i la Geltru, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Halako batean Pilarrek, piñaren buruak deitu digu. "Zuek, nirekin!". Oinarriaren ertzetan kokatu gaitu eta instrukzio azkarrak eman. "Zure aurrekoaren gainean jarri zure gorputzaren pisu osoa bertan utziz eta jaitsi burua, ez altxatu une batean ere ez". Bat-batean norbaiten bizkarraren gainean ia-etzanda nago eta beste norbait sentitzen dut nire bizkarraren kontra etzanda. Sandwich erabatekoa. "Kontaktu fisiko handia dago, baina errespetua eta konfiantzan oinarritzen da gure harremana" azaldu digu gero Rafaelek, luzaroan bastonersa (makila-dantzaria) izanik, eskuko hainbat hatz betiko okertuta dituen gizonak.

Vilanova i la Geltru 2023 Castellers
Giza-dorreak, Vilanova i la Geltru, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Colla bakoitzak hainbat giza-dorre desberdin egiteko saiakerak egin ditu. Gehienak arrakastaz egin dituzte. Batzuetan atzera egin behar izan dute, baina ez da erorketa larririk izan. Ohikoa omen da erorketak izatea eta min hartzea. Talde guztiek batera zutabeak osatu ondoren giza-dorregintza saioa bukatutzat eman dute. Sopar popular daukagu gaur ere. Bordagassoen elkarte aurrean mahaiak kalera aterata egin dugu afaria. Arratsaldean zehar eta bereziki afalostean, kantu eta dantza arteko elkarrizketetan Castellersen kulturaz aritu zaizkigu besteak beste Jaume, Miren, Txatxi, Rafael, David eta Iñaki. "El basc de Vilanova" jo diote adarra Iñakiri kideek, katalanez primeran egiten duela, baina euskaraz ez dakiela zirikatuz. "Gasteiztarra naiz", azaldu digu, "Gure garaian eskolan ez zen euskaraz ikasten eta etxean ere ez zekiten. Ingeniaritza ikastera etorri nintzen 18 urterekin eta hemen geratu nintzen".

Vilanova i la Geltru 2023 Bordegassos afaria
Bordegassosen afaria, Vilanova i la Geltru, 2023-07-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Dorreetatik piramideetara

Uztailaren 30, igandea. Gaur giza-dorreak berriz ere, baina beste elkarte eta forma batzuetan. Falcons-ak dira gaurko protagonistak, alegia, belatzak. Castellersek, giza-dorre bertikalak egiten badituzte (zutabe bakarrekoak, bikoak, hirukoak, laukoak....), Falcons-en taldeko hauek giza-dorre formazio aniztasun handiagoak egiten dituzte. Biek ere, castellers eta falcons-ek XVII. mendeko dantzari valentziarrek egiten zituzten giza-dorreak dituzte ustezko iturburu, baina bakoitzak bilakaera desberdina izan du.

Falcons de Vilanova
Falcons, Vilanova i la Geltru, 2023-07-30. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Falcons de Vilanova
Falcons, Vilanova i la Geltru, 2023-07-30. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Festa Major egun nagusian egin ohi duten modura, giza-dorreak kalejiran zehar eraikiz eta tentetuta eramanez joan dira udaletxe plazaraino eta han Bartzelonako eta Vilanovako taldeak txandakatuz egin dituzte hainbat figura, zein baino zein ikusgarriagoak.

Falcons Vilanova 2023
Falcons, Vilanova i la Geltru, 2023-07-30. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Falcons Vilanova 2023
Falcons, Vilanova i la Geltru, 2023-07-30. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Menuda cercavilla

Txikia esan nahi du menudak eta kalejira cercavillak, baina "a zer nolako kalejira" moduan itzuli zitekeela bururatu zaigu astelehen goizean ikusi dugun "kalejira txikia". Ume bakoitzak festatik gehien maite duen pertsonaia (buruhandi, makila-dantzaria, erraldoia...) hautatu eta bere erara egin du. Emaitza harrigarria da eta kalejira alaitzen duen musikari talde gaztearen doinura oraindik gehiago.

Menuda cercavila vilanova 2023
Menuda cercavila, Vilanova i la Geltru, 2023-07-31. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Herensugeak sortzen duen lilura agerian geratu da zenbatek kartoizko kutxak baliatuz egin duten dragoitxoa ikusita. Benetako herensugeak bezain errealistak darabiltzate beste batzuk. Herensugeez ari garela "benetako" eta "errealistak" idatzi dut, bai. Festaren kaosean galduta, errealitatea eta erritualitatea nahasten hasi zaizkigu.

Dragoi txikia Vilanova 2023
Herensuge-kumea? Vilanova i la Geltru, 2023-07-31. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Escalabirra txapelketa ondoren sopar popular gaur ere, oraingoan botifarrada. Txosnako kalimotxo eta garagardoak eskuetan etxean moduan gaudela, grallers-en erromeria bitxia atera zaigu parera.

Butifarrada Vilanova 2023
Butifarrada, Vilanova i la Geltru, 2023-07-31. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

L'Havana xica taldearen errepertorio tradizionalagoa lehenengo eta Canya d'or-ekin modernoago martxa itzela ondoren. Euskal Herrian, eta bereziki Nafarroan, gaiteroek badute festarako gaitasuna, baina Reuseko grallers hauek formazio, errepertorio eta festa antolatzeko eta musika egiteko trebetasunak engantxatu gaitu.

Canya d'or Vilanova 2023
Canya d'or, Vilanova i la Geltru, 2023-07-31. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

75 urteko erraldoi eta herensugea

Asteartean, abuztuaren 1ean izan dugu azken gaua Vilanova i la Geltrun. Bi urtebetetze ospakizun dituzte: batetik, erraldoiak; bestetik herensugea. Biek ere 75 urte bete dituzte. Espainiako Gerra Zibilarekin festetako ekitaldia guztiak bertan behera geratu eta ondoko hamarkadan urtez urte talde bat edo beste joan ziren berreskuratzen. Beraz, 1948an erraldoiak eta drac-a berriak egin eta berriz dantzan jarri zituzten. 75. urteurrena ospatzeko antolatu duten kalejiraz gozatzeko aukera izan dugu beraz gure azken egunean.

Erraldoiak Vilanova 2023
Erraldoiak, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Drac Vilanova 2023
Drac, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Drac edo herensugeari dagokionez 75 urteotan kaleetan izan diren hiru herensugeak atera zituzten, izan ere 1948ko hasierako eta ondoren hura ordezkatzeko egin zena ere, erretiratuta dituzten gaur egungo sasoikoari toki eginez, eta urteurrenaren aitzakian hirurak batera atera dituzte.

Herensugeak Vilanova 2023
Hiru herensugeak, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Eta herensuge eta erraldoien urtebetetzearen sokari tiraka, Festa Majorraren aurrerapen txiki bat ikusteko aukera izan dugu cercavillan, alegia, kalejiran.

Erraldoiak Vilanova 2023
Erraldoiak kalejiran, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Kalejiran bizi da festa

Parte hartzaile dantza-molde eta figura desberdinekin osatutako kalejira koloretsuak oso ohikoak ziren XVI-XVII. mendeetan. Euskal Herrian ere egiten ziren: Corpus Christin festa zer horrelako prozesioen erakusleiho nagusia eta udako bestelako festetan ere plazaratzen ziren, tokian tokiko patroien festa egunetara egokituta...

Sugetzar bat bailitzan, hiribilduaren espazioan barrena, labirintoko bazter eta pasabide guztiak zeharkatuz mugitzen da festa segizio osoa. Espazioaren ezagutza, bideen eta txokoen errekonozimendua, hiritartasunaren aitortza, batasunaren aldarria batzen dira erritual mistikoaren bidez. Cercavilla izena bera esanguratsua gertatzen da, herriaren inguratzea, mugatzea. Gure dantza molde nagusiak ere kalejira horien protagonista izan ziren: ezpata-dantzak,  trokeo-dantzak, zinta-dantzak, arku-dantzak, erraldoiak, e.a.

Festetako protagonistak Vilanova 2023
Herensugeak, erraldoiak, mulassa, bastonersak eta diablesak udaletxe aurrean. Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Cercavillak bizi-bizirik mantentzen dira Katalunian, prozesio erlijiosoak zirenak kalejira zibil bihurtuta gehienetan eta kataluniar festetako osagai guztiak bata bestearen atzetik doazela. Ikusi ahal izan dugun aurrerapen txikian erraldoi eta herensugearekin batera bastonersak (makilariak) eta mulassa (mandoa) zihoazen, eta aurreko egunetan diablesak, castellersak eta falcons-ak ere ikusi ditugu.

Ball de bastons Vilanova 2023
Ball de bastons, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Horiez gain Festa Major egun nagusian (abuztuaren 5ean, 2023an) parte hartzen dute pastorets-ak (artzainak, makilekin ezpata-dantzetan ezagutzen dugun parrilla egiten dute), ball de gitanes (ijitoak, zinta-dantza egiten dute), ball cercolets (arku-dantzariak), cap grossos (buru-handiak), pandero-dantzariak (1660ko testigantzan aipatzen direnen erakoak?), e.a.

Udaletxeko balkoia Vilanova 2023
Festa Major-en parte hartzen duten festa-figura guztien irudiak ageri dira udaletxeko balkoi nagusia apaintzen. Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Makila-dantzarien afana

Ball de bastons edo makila-dantzak kataluniar kultura tradizionalaren beste ikurretako bat dira castellers-ekin batera. Festa adierazpen guztietan gizon eta emakumeak berdintasunean parte hartzen ikusi ondoren harritu gara ikusi ditugun makila-dantzari guztiak gizonezkoak direla ohartuta.

Ball de bastons Vilanova 2023
Ball de bastons, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Gaiaz galdetu diogu David adituari. Vilanovako Balls Popular elkarteko arduradunetakoa da bera. Vilanovan lau bastoners talde daudela azaldu digu, bi gizonezkoz osatutakoak eta bi emakumez osatutakoak. Emakumeek beraiek nahiago dutela beren taldean aritzea, mutilen makila-kolpe bortitzen arriskua saihesteko. Rafaelen atzamar okertuekin akordatu gara eta mutilen afana ikusi dugu. Neskarik ez da agertu gaur eta ezin izan dugu haiekin kontrastatu.

Ball de bastons Vilanova 2023
Ball de bastons, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Mulassaren fanak

Eta hamaika figura, su, makila, erraldoi, giza-dorre eta heresungearen artean mando bat: La mulassa. Guztien artean ez zaigu ba berau egin maitagarriena?

Mulassa Vilanova 2023
Mulassa, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Adineko bi dantzarik grazia bereziz dantzarazten dute bi metro terditik gorako altura eta hiru metroko luzera duen mando erraldoia. 

Mulassa Vilanova 2023
Mulassa, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Bere dantzakera dotore eta tankera pertxentarekin liluratuta geratu gara eta hautatu dugu zein den Vilanovako Festa Majorreko gure figura gustukoena. Gu ere Mulassaren fanak egin gara.

Mulassa Vilanova 2023
Mulassa, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Sokari lotuta

Eguna joan eta eguna etorri, eguraldi berbera dugu egunero Vilanova i la Geltrun: bero eta heze. Eskerrak festa ekitaldiak eguzkia ezkutatzean hasten ziren eta goizetan itsasoan freskatzen eta hondartzan deskantsatzen garen.

Hondartza, Vilanova i la Geltru 2023
Hondartza, Vilanova i la Geltru, 2023-07-31. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan / cc by-sa

Hondartzan, ur ertzetik pasieran genbiltzala eskultura erraldoi batekin egin dugu topo. Zaldi bat edo behi bat iruditu zaigu urrutira eta mulassa ote den bururatu. Baina hurbildutakoan zezena dela ikusi dugu eta zezenaren barnean badela zerbait, gizaki bat, emakume bat hain zuzen ere. Orduan ohartu gara: Pasifae da. Greziar mitoa, Minotauroaren ama.

Pasifae Vilanova
Pasifae, Oscar Estruga-ren eskultura, Vilanova i la Geltru.

Bat-batean ohartu gara nondik atera zaigun Vilanovako festa-labirintoan ez galtzeko aukera eman digu soka. Minos eta Pasifaeren alaba Ariadnak irundu zuen soka baliatu zuen Teseok minotauroaren labirintoan barneratu eta piztia hil ondoren irteerako bidea aurkitzeko. Geltruko jaunarengandik ihesi joan zen neskaz akordatu gara. Hark ere eutsi zion sokaren muturrari piztiarengandik ihesean. Ariadnak soka-dantzaren mutur bati eusten zion bitartean, Teseo moduan ibili gara gu Vilanova i la Geltruko labirintoan dantzan, herensuge-minotauroak erakarrita eta izututa aldi berean, zezen zuri ederra bailitzan mulassaren barrura sartzen ziren Pasifaeen eromenak itsututa, kale estu eta bidegurutze ilunetanko festaren kaosean galduta harik eta sokari tiraka irteera aurkitu dugun arte. Lehen egunetik begi aurrean bagenuen ere, azken egunera arte ez dugu ikusi irteerako atea. Sarrerako ate bera baitzen, Vilanova i la Geltruko alde zaharrean, kale-labirintoan barneratzeko portalea: Portal d'en Nin.

Portal d'en Nin Vilanova
Portal d'en Nin, Vilanova i la Geltru.

Labirintoak beldurra eta erakarmena eragiten ditu, eta kontrako emozio horiekin barneratu gara Festa Majorraren barrunbeetan. Hainbat ate oker eta benetako, pasabide ilun eta argitsu, bidegurutze eta nahasbide pasa ditugu, eta pozik etorri gara bueltan, itzultzera kondenatuak baikaude. Sokaren muturra ez dugu askatuko, Vilanovako festa-labirintoa gure etxea dela ohartu baikara.

Kezkako dantzariak Vilanova 2023
Kezkako dantzariak, Vilanova i la Geltru, 2023-08-01.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.