Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea Hogei urte Arrateko dantzak eraberritu genituela

Dokumentuaren akzioak

Hogei urte Arrateko dantzak eraberritu genituela

2025/09/04 12:15
Hogei urte Arrateko dantzak eraberritu genituela

Arrateko dantzak, 2024-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

2005eko irailaren 8an plazaratu genituen Arrateko Amaren dantzak eraberrituta. 20 urte pasa dira ordutik, eta beraz, aurten 21. aldiz dantzatuko ditugu formatu horretan. Hemen orain 20 urteko argazkia, aro berriko lehen talde argazkia, 2005eko irailaren 8koa:

Arrate 2005 talde argazkia
Arrateko dantzak, talde argazkia, 2005-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka dantza taldea cc-by-sa

Dantzari bakarreko ezpata-dantza

Ezpata-dantza "osatu" aurreko urtean, 2004an, dantzari bakarrak egin zuen ezpata-dantza. Egitaraua aurretik zetorren eta gaurdaino jarraitu duen berbera zen: ezpata-dantza meza nagusian, prozesioa, prozesiotik itzuleran dantza Ama Birjinaren aurrean eta ondoren dantzak zelaian. 2003 eta 2004an Josu Garatek dantzatu zuen Arrate egunean ezpata-dantza.

Arrate 2004 ezpata-dantza mezetan
Arrate, 2004-09-08. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc by-sa

Arrate 2004 prozesioa
Arrate, 2004-09-08. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

Arrate 2004 eliza atarian
Arrate, 2004-09-08. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan cc-by-sa

Hor dira argazkian ordutik gaurdaino ezinbesteko bidaide izan ditugun Usartza txistulari taldeko musikari prestuak. Orduko ezpata-dantzari bakarlari hari ezpata-dantzaren taldea falta zitzaion, eta horixe osatu genion 2005. urtean. Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Donostiako Argia dantzari taldea izan genuen ezpata-dantza osatzeko eredua, argia eman ziguna, eta, hain zuzen, Zortziko ikuskizunean eszenaratzen zuten ezpata-dantzan oinarritu ginen Arratekoa berregiteko. Hemen orain 20 urteko argazki batzuk.

Arrate 2005 027
Arrateko Amaren dantzak, 2005-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Ezpata txikiekin aritzen diren bakarlariak, azkendariak izendatzen direnak (talde osoaren azken lerroetan joaten baitira dantza egitea tokatzen zaien arte), eliza barruan bi eta kanpoan lau izatera pasa ziren, eta ezpata luzeen taldearekin osatu zen ezpata-dantza, lau lerroz osatutako taldea, hain zuzen ere.

Arrate 2005 028
Arrateko Amaren dantzak, 2005-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Arrate 2005 024
Arrateko Amaren dantzak, 2005-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Ez bakarrik taldea. Dantza ekitaldia eta bere errituala osatu genion eta aberasten joan gara ordutik. Ezpata-dantzako aldairak Eibarko dantzakera eta urratsetara ekarri genituen, ezpata-luzeen zubiei zintzarria eta parrilla osatzea eta maisu-zaharra igotzea gehitu genion eta trokeo-dantzak prestatu genituen, besteak beste.

Arrate 2005 023
Arrateko Amaren dantzak, 2005-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Juan Antonio Urbeltzen proposamenari jarraituz dantzariak Arrateko Dantzarien Kofradian antolatu ginen eta urtero, dantza egin ondoren elkarrekin bazkaldu eta kofradiaren akta jaso eta sinatzeko ohitura hartu genuen.

Arrate 2024 Juan Antonio Urbeltz
Juan Antonio Urbeltz Arrateko dantzarein kofradiaren akta-liburua sinatzen, Arrate, 2024-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Enrike Izagirre idazkariak idazten ditu kofradiaren liburuan urtero dantza-ekitaldiaren gorabeherak eta hogei urteren ondoren, liburuan badoaz orrialdeak betetzen.

Arrate 2023 akta irakurketa
Enrike Izagirre Arrateko Dantzarien kofradiako idazkaria akta irakurtzen, 2023-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Parekidetasuna

Ezpata-dantzetan, dantza erritualetan eta tradiziozko euskal dantzetan genero parekidetasunari bultzada eman genion 2005eko Arrateko ezpata-dantzan.

Arrate 2006 26
Arrateko dantzak, 2006-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Ordurako Andoainen 2000. urtean eta Lizartzan 2004an emakumeak herriko dantza tradizionaletan hasita ziren gizonezkoek berdintasunean eta bereizketarik gabe dantzatzen, baina horiez gain inguruko tradizio gehienetan emakumeek ez zuten parte hartzeko aukerarik izaten eta dantzatuz gero ez zuten gizonezkoen janzkera, funtzio eta estatus bera izaten.

Arrate 2006 23
Arrateko dantzak, 2006-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Arraten jantzi eta funtzio aldetik genero bereizketarik ez egitea erabaki genuen. Hala ere, lehen urtean bakarlari paperak gizonezkoek bete zituzten. Bigarren urtean, 2006an dantzatu zuen bakarlari bezala lehen emakumeak, Lurdes Odriozola elgoibartarrak, hain zuzen ere.

Arrate 2006 24
Arrateko dantzak, 2006-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka cc-by-sa

Gonbidatuak

2005ean bertan beste ohitura bat jarri genuen abian Arrateko dantzetan: urtero beste talde eta inguru batzuetako dantzari batzuk gonbidatzea gurekin Arraten aritzeko. Lehen gonbidatuak Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegi izan ziren, eta ohorezko gonbidatuak Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi. 

Arrate 2005 Ohorezko gonbidatuak
Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregi, Arrate, 2005-09-08. Argazkia: Iñaki Zugasti - Kezka cc-by-sa

Harrez gero, bateko eta besteko gonbidatuak izaten joan gara urtez urte, tartean berriki zendu den Kepa Artetxe dantza-maisu galdakaoztarra ere.

Arrate 2008 Kepa Artetxe
Kepa Artetxe, Arraten dantzariekin, 2008-09-08. Argazkia: Arantza Uriguen - Kezka cc-by-sa

Ez zen plaza arrotza Arrate Kepa Artetxerentzat. 1964 eta 1965 urteetan Arraten dantza egindakoa zen Galdakaoko Andra Mari dantza taldearekin. Pedro Gorostidi Arrateko apaizaren gonbidapenari erantzunez Andra Mari taldekoak irailaren 8ko mezan eta prozesioan dantzatu zuten, bai eta emanaldia eskaini ere ondoren zelaian. 1968an berriz ere izan ziren Galdakaoko Andra Mari dantzari taldekoak Arraten. Dantza sorta propioa Arraterako prestatu zuen Jon Oñatibiak eta Kepa Artetxe tarteko zela Arrate egunean zelairatu zituzten Andra Marikoek.

20 urteko gonbidatu zerrenda

  • 2005 Iñaki Arregi (Argia, Andoain-Donostia), Mikel Sarriegi (Aurtzaka Beasain). Ohorezko gonbidatuak: Juan Antonio Urbeltz (Argia, Donostia), Marian Arregi (Argia, Donostia).
  • 2006 Jon Lizarralde, Lurdes Odriozola, Abel Iriondo, Mikel Legorburu (Haritz, Elgoibar)
  • 2007 Fernando Aristizabal, Jexux Larrea, Jokin Otamendi (Argia, Donostia-Añorga)
  • 2008 Mikel Goitia, Egoitz Krutxaga, Goizane Olea, Iraitz Barandiaran. Ohorezko gonbidatua: Kepa Artetxe (Andra Mari, Galdakao)
  • 2009 Aritz Ibañez (Duguna, Iruñea), Gari Otamendi (Argia-Arkaitz, Donostia-Añorga)
  • 2010 Lisa Korkostegi, Enrike Korkostegi (Zenbat Gara, Reno), Andoni Iriondo (Gure-Kai, Deba), Ion Olano (Udaberri, Tolosa).
  • 2011 Claude Iruretagoiena, Jon Iruretagoiena (Maritzuli, Baiona), Aritz Iglesias (Udaberri, Tolosa).
  • 2012 Soiartze Artetxe (Andra Mari, Galdakao), Fernando Rojo (Udaberri, Tolosa), Xabier Etxabe (Iratzarri, Zarautz)
  • 2013 Izaskun Salazar, Nerea Mendizabal, Jaione Barandiaran (Aurtzaka, Beasain)
  • 2014 Nagore de las Cuevas, Arkaitz Pascuas (Leioa-Sestao,)
  • 2015 Karmelo Angiozar (San Lorentzo, Berriz), Aitor Sorazu (Sahatsa, Azkoitia-Azpeitia)
  • 2016 Leire Leza, Julen Fagoaga (Duguna, Iruñea)
  • 2017 Eneko Galdos, Oihane Vicente (Irrintzi, Zumarraga)
  • 2018 Iker Gil, Keltze de Iturrate (Elai Alai, Portugalete)
  • 2019 Itziar Otamendi, Monika Bañales, Onintze Azpeitia, Jaione Olasagasti (Argia-Arkaitz, Donostia-Añorga)
  • 2022 Iera Larrañaga (Gure-Kai, Deba)
  • 2023 Anartz Ormaza, Katalin Zarate (Bakio-Zamudio, Itxas-Alde-Aiko)
  • 2024 Patxi Laborda (Aiko, Iruñea-Sestao), Jon Olazkuaga (Maritzuli, Donibane Lohizune)

2025eko Arrate eguna

Aurtengo gonbidatuak Maite Irizar eta Unai Esturo izango dira. Maite Irizar, oñatiarra eta Oñatz dantza taldeko dantzaria da, Jexux Irizar "Txutxin"-en alaba, Oñatiko dantzen tradizio aberatsean, bai Oñatz dantza taldearekin, bai Korpus dantzekin, Irizar dantza-maisuen eta dantza-antolatzaileen dinastiaren jarraitzailea. Unai Esturo iurretarra da, Durangaldeko dantzari-dantza eta erregelen eta gorulari-dantzen ezagutzan eta plazaratzean dantzari, dantza-maisu eta antolatzaile eskarmentu handikoa.

Unai Esturo, Miren Hazas, Maite Irizar
Unai Esturo, Miren Hazas eta Maite Irizar, Arrateko amaren dantzetarako prestatzen, 2025-05-27. Argazkia: Oier Araolaza - Kezka dantza taldea cc-by-sa

Bakarlariez gain, taldea ere ari da prestaketetan. Belaunaldien arteko topaketa ere ekartzen du Arratek, eta horrek esan nahi du helduek segitzen diotela sokari eta gazteak ere badatozela atzetik.

Kezka entsegua 2025 irailak 1
Kezkako dantzariak Arrateko dantzak prestatzeko entseguan, 2025-09-01.

Hona hemen Arrateko dantzen aurtengo emanaldiak izango duen ohiko programa:

Arrate: Irailak 8, astelehena

  • 11:00etako mezan ezpata-dantza.
  • 12:00ak aldera hasten den prozesioaren bukaeran ezpata-dantza.
  • 12:30etatik aurrera, ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com