Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Arrateko Amaren dantzak: XXI. menderako tradizio bat

Dokumentuaren akzioak

Arrateko Amaren dantzak: XXI. menderako tradizio bat

Dantza tradizio berri bat abian jartzeko ekimen baten nondik norakoak azaltzen dira artikulu honetan. 2005eko irailaren 8an dantza errepertorio bat aurkeztu da Eibarren. Arrateko Ama Birjinaren jai egunean, toki eta egun horretarako espreski moldatutako dantza sorta bat plazaratu da. Arrateko baselizaren inguruan ospatzen den jaian txertatuta, inguruko dantzekin ezaugarri komunak eta aldi berean bereizgarriak dituen dantza sorta apailatu du Kezka Dantza Taldeak.

Arrateko Amaren dantzak: XXI. menderako tradizio bat

Oier Araolaza

 

...las tradiciones no son siempre
 la repetición mimética del pasado
sino que pueden ser contempladas
como procesos activos de ratificación
o impugnación cultural de un orden
contemporáneo.”
Maquieira, 1998: 195

 

Gure dantza taldearen behar bati erantzunez sortu ditugu Arrateko Amaren dantzak. Eibarko Udalari, komunikabideei, Arrateko jaietako antolatzaileei, parrokoari eta hurbildu zitzaizkigun guztiei beste pelikula bat kontatu genien. Arratek dantza errepertorio propioa merezi zuela esan genien. Horrelako erromeria eder batek, Arrateko Ama Birjinak Debabarrenan duen predikamentuak eta historian zehar Arratek herri musika eta dantzarekin izan duen lotura estuak merezi zutela dantza tradizio eder bat. Eta gu prest geundela ahalegin hori egiteko, gure indar eta tresna guztiak lanean jarriko genituela Arratek merezi duen tamainako dantza errepertorio bat eskaintzeko. Baina ez, ez zen hori izan bidaia honetara bultzatu gintuen arrazoi nagusia. Gure dantza taldeari, Kezka dantza taldeari komeni zitzaiola pentsatu genuelako ekin genion dantza sorta berria prestatzeari. Ia mende erdiz Euskal Herriko bazter guztietako dantzak ikasten eta eskaintzen jardun ondoren, gure dantza tradizio propioa izateko garaia genuela erabaki genuen. Konspiratzen hasi eta halako batean konturatu ginen Arrate zela gure hegazkinarentzat aireportu aproposena. Konspirazioaren lainoetatik Arrateko zelaian aterrizatu arte egin dugun bide horren narrazio pertsonala da honako testu hau.

Gure burua zuritzeko ahalegina

Kezka dantza taldea 1957an antolatu eta 1958an plazaratu zen Eibarren. Eibarko Klub Deportiboa elkartearen batzorde artistiko-kulturalean jaio zen eta besteak beste gaur egun ere atletismoa, pilota, argazkilaritza eta dantza taldeak biltzen dituen erakunde horretako batzorde bat da. Euskal Herri osoko dantzak ikasi eta eskaini ditu gure taldeak bere sorreratik gaurdaino: Durangaldeko dantzari-dantza, Oñatiko Korpus dantzak, Xemeingo ezpata-dantza, Zumarragako ezpata-dantza, Gipuzkoako brokel-dantza, Eltziegoko dantzak, Lesakako dantzak,...

90eko hamarkadaren hasieran Juan Antonio Urbeltzek soka-dantzaren inguruko gure interesa piztea lortu zuen. Gipuzkoan garai batean soka-dantzek izan zuten garrantzia eta zenbait figura koreografikok izan ditzateken irakurketa sinbolikoak (Urbeltz, 1994) aipatu zizkigun besteak beste. Eibarren 25 urte lehenago gure taldeak berak zokoratuta, galduta geneukan herriko jaietan, San Joan egunean, soka-dantza egiteko ohitura. Beste tokietako dantzak ikasten aritutako urteetan galdu zen ordurarte herrian bertan mantendu zen dantza tradizio bakarra. Azken aldiz dantza gidatu izan zuen txistulariak emandako argibideekin berregin genuen dantzaren egitura koreografiko eta musikala, eta 1994ko San Joan egunean itzuli zen soka-dantza Eibarko plazara.

XXI. mendean sartzearekin batera gure dantza taldearen funtzioa eta zereginei buruzko kezkak areagotzen joan zitzaizkigun. Taldea Euskal Herriko hamaika bazterretako dantza tradizionalak egiteko prestatuta zegoen, gure herrian egiten genituen urtean zehar bizpahiru emanaldi, baina hortik aurrera ezer gutxi. Ingurura erreparatu eta herri gehienak gurearen antzeko dantza taldeak zituztela ikusi genuen. Batzuk distiratsuago eta beste batzuk xumeago, baina dantza talde gehienek gure antzeko errepertorioa eta kezkak zituzten. Talde horietako asko 60 eta 70 hamarkadetan sortutakoak dira. Frankismoaren azken urteetan euskal nortasuna eta kulturarekiko atxekimendua adierazteko tresna eraginkorra izan ziren dantza taldeak, eta horren ondorioz inoizko dinamikarik biziena ezagutu zuen dantza tradizionalak Euskal Herrian. 80ko hamarkadaren erditik aurrera, adierazpen askatasunaren eta demokraziaren normalizazioarekin batera, dantza tradizionalarekiko interesa urritzen joan zen euskal gizartean. Joandako garai hobeagoen sentsazioa batetik, eta oro har, bere jardunarekiko interesaren itzaltzeak, nolabaiteko krisi sentsazio egonkor bat sorrarazi du hainbat dantza taldetan 90eko hamarkadatik aurrera.

Badira, ordea, krisi zantzu handirik gabe dinamika osasuntsuan jarraitzen duten dantza taldeak. Ezaugarri bereziei esker gainontzeko dantza taldeen multzotik nabarmentzen diren taldeak dira. Lau eredu aipa genitzake. Batetik, dantza errepertorio komunean goi mailako ejekuzio distiratsuan nabarmentzen direnak daude. Bigarren taldean dantza tradizionalen moldaketa eta koreografiak egiteko dohain bereziak dituztenak bildu ditzakegu. Errepertorio zehatz batean espezializatutako taldeak ere daude, gutxik lantzen dituzten dantzak direlako edo maila altuan egiten dituztelako, dantza-sorta zehatz horrek nortasun berezia ematen die. Eta laugarren taldean, beren herriko edo auzoko, alegia, tokian-tokiko dantzak mantentzeko ardura duten taldeak ditugu.

Gure dantza taldea multzo horietakoren batean sar genezakeen aztertu genuen. Lehenengo taldea berehala baztertu genuen. Gurea ez da –oraingoz- dantza talde bikain bat. Balekoa izan daiteke, baina on-ona ez. Koreografo edo sortzaile apartik ere ez dugu gure artean, eta beraz, bigarren talderako ere ez dugu balio. Ez gaude dantza sorta bereziren batean espezializatuta, arruntak gara oso, eta beraz, alde horretatik ere kale. Tokian-tokiko dantza tradizio propioa dutenen taldea bakarrik geratu zitzaigun.

60ko hamarkadaren erditik aurrera tokian-tokiko dantza tradizionalen aldarrikapena eta sustapena indartzen hasi zen Euskal Herrian. Donostiako Argia dantzari taldeak tokian-tokiko dantzak berreskuratzeko lanari heldu zion, eta herrietan danza tradizionalak jaso eta berregiteko joera hedatzen hasi zen dantza taldeetan. Autoktonoen etiketaren egokitasun eta zehaztasun eza salatu izan da (Dueñas, 2000: 462), baina taldeei baliagarria gertatu zaie, nortasun berezia eskaintzen baitzuen eta asko izan dira etiketa hori bere buruarentzat aldarrikatu dutenak. Bizirik zeuden tradizioak sendotu, galtzear zeudenak berpiztu, galdutakoak birsortu eta berriak plazaratu ziren herri askotan 70 eta 80ko hamarkadetan. Markina-Xemeinen ezpata-dantza berriztu, mahaiganeko-dantza berreskuratu eta Lekeitioko aurreskua berpiztu zituen Zerutxu dantza taldeak (Irigoien, 2000: 393-394); Lizartzako inauteriak Argiak berreskuratu zituen, Berastegiko San Juan Iantzak 1973an berpiztu zituen Udaberri dantza taldeak, eta Tolosan bordon-dantzari aurpegia garbitu zioten 1979an (Urruzola & Rojo, 2000: 355); Nafarroako erriberan ere hamarkada oparoak izan dira, 1978an Tutera berpiztu zen San Juan Bautistaren paloteadoarekin hasi eta 1996an estreinatu zen Ablitaseko Errosarioaren Ama Birjinaren makila-dantzararte (Aranburu, 2000: 40-41).

Kezka dantza taldeak euskal dantza taldeen panoraman eta gure herrian betetzen zuen tokia ikusita bi erabaki hartu genituen. Bata, halabeharrez, dantza taldearen jarduera esparru naturala gure herria bera izan behar zela. Bigarren erabakia bide beretsutik zihoan, baina tranpa egiteko asmo osoarekin. “Gure komunitateari begira lan egin behar dugun aldetik, eskain diezaiogun gure herriari eta bide batez gure buruari, berea izango den errepertorio bat. Presta dezagun dantza sorta bat propio gure herri eta talderako, eta saia gaitezen gure herria eta taldea dantza sorta horrekin identifikatzen”. Dantza sorta hori izan dadila taldearen identifikatzailea, bai herrira begira, eta hemen dator tranpa.... bai kanpora begira ere. Izan ere, herrirako dantza sorta berezi bat prestatzen bada, eta beste inork ez baditu dantza horiek egiten, horrek kanpora begira ere identifikazio txartela eman dezake. Beraz, gure taldearen lehentasunezko esparrua finkatu genuen, alegia Eibarrera begira funtzionatuko duen dantza taldea izatea, baina herritik kanpo ere gure lanak nortasun propioa izan dezan saiatzea.

Tradizio berria

Behin dantza errepertorio propio bat moldatu nahi genuela erabakita, dantza horiek nolakoak izan behar ziren zehazten hastea izan zen hurrengo urratsa. Kezka dantza taldeak bere buruari jarritako egitekoa dantza tradizionalak sustatzea eta hedatzea izanik, begibistakoa zen dantza errepertorio berriak ere bide horretatik joan beharko zuela. Dantza errepertorio berri hori tradizio bihurtzeko plazaratu nahi genuen, eta beraz, egun, toki eta ospakizun batean txertatu eta urtero-urtero segida emanez tradizionala bihurtzea litzateke helburua.

Baina ez genuen dantza sorta arrotz bat nahi, ez genuen Marteko1 dantzarik nahi. Gure herriko jaien egituran eta gure tradizio koreografikoan naturaltasunez egokituko liratekeen dantzak nahi genituen. Literaturan Bernardo Atxagak emana du2 ongi plajiatzeko metodoaren lezio eder bat. Atxagaren metodoan maisu lan bat hautatu, eta kontakizunaren bizkarrezur berbera baliatuz, ipuinari testuinguru, jantzi eta kolore berri bat ematea datza gakoa. Baina, barne egitura ezezik dantzaren kanpoko itxurak eta ageriko osagaiek ere tankera tradizionala izan zezatela nahi genuen. Beraz, dantzaren alorrean gure aurretik bide bera egin dutenen lanak hartu genituen eredutzat. Hainbat iturritik edan dugu, baina batez ere bi taldek egindako lanek argitu dizkigute bideak. Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Argia dantzari taldea izan da materialak bildu, hautatu, eta erabiltzeko kriterioei dagokienez jarraitu dugun ispilu nagusia. Bestetik, Iruñeko San Lorenzoko dantzetan aurkitu dugu buruan geneukanaren antzeko proiektu bat arrakastaz gauzatuta ikusteko aukera.

Alboratuta, galtzear edo galduta zeuden dantza tradizioak jaso, berriztu eta distiraz aurkezten nabarmendu da Argia dantzari taldea. Zaharberritze prozesuetan zein datu apur batzuetatik abiatuta egindako birsortze lanetan, jatorri anitzeko materialak erabili ditu Juan Antonio Urbeltzek zuzentzen duten taldeak. Tokian tokiko bilketa lana, azterketa bibliografikoa, agiritegien ustiaketa, Europako folkloreen azterketa konparatiboa eta sinboloen interpretazio antropologikoak uztartuz eskuratutako materialak erabili ditu Argiak dantzak berritzeko lanean. Egungo dantza taldeon errepertorioan arrasto zabala utzi du Argiaren emariak (Urbeltz, 2001). Hona adibide batzuk. 60ko hamarkada bukaeran Otsagabiako dantzak bere osotasunean zabaldu zituen, ordurarte dantza taldeek egiten zituztenak dantza horien aldaera murritz eta indargeak zirela agerian utziz (Irigoien, 2000: 401). Uztaritz eta Makeako inauterietatik abiatuta, eta ia desagertuta zeuden materialak bilduz, Lapurdiko inauteriaren inguruko ikuskizun bat plazaratu zuen Argiak 1974an (Urbeltz, 2001: 234). Eszenara begira atondutako inauteri dantza sorta hori Lapurdiko hainbat herritara zabaldu zen Begiraleak taldearen eskutik (Truffaut, 2006) eta erabat sustraituta dago gaur egun3. Noizbait dantzatu izan zen doinu batetik abiatuta, eta doinua jaso zen eskualde bereko janzkera eta tradizio koreografikoa aintzat hartuta, Jaurrietako emakumeen dantza sortu zuen Argiak. Marian Arregik konposatutako doinuarekin eta kontra-dantzetako tradizio koreografikoarekin jolastuz Nafarroa Behereko inauterietan arrakastaz txertatu den kadrilea sortu zuen Juan Antonio Urbeltzek. Adibide horietan, eta Argiak plazaratutako dantza errepertorio zabalean, erabilitako lan-modua izan da gure jardunerako eredu nagusia.

1987an Dantzariak aldizkarian argitaratutako artikulu batean dantza berriak sortzeko gida eta gomendio zerrenda erabilgarria eskaini zituzten Jesús Pomares eta Mikel Larramendik4. Dantza berrien eta berritze lanen ezaugarriak kontuan hartuta sailkapen bat egin zuten (1987). 60ko hamarkadako dantza berrien lehiaketetan aurkeztutakoak, eszenatokira begira egindako egokitzapenak, datu batzuetatik abiatutako birsortze lanak, tokian-tokiko dantza taldeek beraien dantza zikloak osatzeko moldatutakoak eta dantza taldeen errepertorioetarako egindakoak aipatzen dituzte besteak beste. Dantza berriak ibilbide luzea eta harrera beroa izan ditzan, behar bati erantzunez eta dokumentazioa zorrotz bildu ondoren egin behar dela azpimarratzen dute Pomares eta Larramendik. Hain zuzen ere, Jesus Pomaresek berak gidatuta plazaratu ziren 1997an Iruñean San Lorenzoko dantza berriak. Taldekideetako batek, Joxemiel Bidador dantzari eta ikertzaileak azaldu zituen dantza berrien nondik norakoak (Bidador, 1999). Aro Modernoan Iruñeko Gorputz eta San Fermin jaietan parte hartu izan zuten dantza taldeen inguruko dokumentazio aberatsa azaleratu dute ikertzaileek azken hamarkadetan. Taldeen osaketa, egiten zituzten dantzak, erabiltzen zituzten tresnak, bobo estiloko pertsonaien parte hartzea, eta janzkerari buruzko deskribapenak kontuan hartuta sortu zituzten San Lorenzoko dantzak. Hala ere, dokumentazio egokian oinarritutzeaz gain, dantza horiek hartuko zituen jaiarekin asmatzean datza San Lorenzoko dantzen arrakastaren gakoetako bat bere bultzatzaileen iritziz.

Arratera begira

Enkargatu nahi genuen ume berriarentzat seaska egokiaren bila Eibarko jai egutegia behatzen hasi ginen. Hainbat aukera aztertu ondoren, halako batean ohartu ginen muturren aurrean genuela dantza sorta berri bat beso zabalik hartuko zuen festa: Arrateko Amaren jaia.

Eibarko erdi-gunetik sei kilometrora, Kalamua mendiaren magalean dago Arrateko baseliza. Arrate leku berezia da eibartarrentzat, eta baita Debabarrena eskualdeko hainbat bizilagunentzat ere. Umeak Paristik etortzen direla dioen ele zaharra ohikoa da hainbat tokitan. Eibarren haurrak Arratetik ekartzen dira (San Martin, 1993: 115) eta beraz eibartarrentzat Arrate da bizitzaren sorlekua. Bikotea aurkitzeko ere, Arraten dagoen harrizko gurutzeari hiru bira eman behar zaizkio, eta garai batean ume gaixoak sendatzeko Ama Birjinaren azpitik pasatzen ziren.

Irailaren 8an ospatzen da Arrateko Ama Bijinaren eguna. Meza nagusian eta prozesioan dantzarien parte hartzea ohikoa izan da luzaroan Arrateko erromerian. Azken urteotan dantzari bakar batek betetzen zituen dantzari-lanak, Jaunaren aurreko ezpata-dantza egiten zuen eliza barruan, eta prozesioa bukatzean agurra dantzatzen zion Ama Birjinari eliz atarian. Arrasto horri heldu, eta dantzari talde zabalagoarekin ezpata-dantza osatzen saiatzea erabaki genuen.

Arrateko jaien inguruko datu zaharrek ere dantzaren eta erromeriaren ondorioz sortutako gora-beherak dituzte hizpide. Aspaldiko ohitura zuten Arraten jaiaren bezpera elizan bertan festan pasatzea. 1657an Kalahorrako apezpikuak eliza eta baselizetan gaupasak egitea debekatu zuen, baina Eibarren ez zeuden oso konforme debekuarekin eta 1687 eta 1688an baimen bereziak eskuratu zituzten irailaren 7ko gauean Arrateko elizako ateak irekita uzteko (San Martin, 1993:149). Baldintza bakarra jarri zieten gaupasa-zaleei, emakume eta gizonezkoak elkarrekin ez nahastea. 200 urtez debekuak eta iskanbilak tartekatu ziren.

Dantza tradizioa

Arrate XVIII mendeko grabatuaArrateko zelaian egindako erromeriaren irudia ikus daiteke XVIII.mendeko grabatu batean (San Martin, 1993: 139). Festaren zenbait estanpa ageri dira, eta tartean soka-dantza bat izan litekeena antzeman daiteke. Dantzariak eskua elkarri emanda soka osatuz, eta agintari itxurako bat dantzari begira. XX. mende hasierako zenbait argazki eta datuk erakusten dute

Arrate egunaren inguruko ospakizunetan ohikoa zirela soka-dantzak. Eusko Alderdi Jeltzaleak sustatuta herri guztietan ezpata-dantzari taldeak antolatu eta emanaldiak eta lehiaketak egiten hastearekin batera (Sánchez Ekiza, 2005: 182) iritsi ziren mota horretako ekitaldiak Eibarrera. 1913an Eibarko udalak Arraten Arrate 1914antolatu zuen ezpata-dantzari lehiaketa eta Berriz, Antzuola, Donostia, Ermua, Gernika eta Bilboko ezpata-dantzariek parte hartu zuten lehiaketan. Txapelketa hura Eibarren taldea eratzeko pizgarria izan zen, eta urtebete beranduago, Arrateko zelaian bertan aurkeztu zen Eibarren bertan prestatu zen dantzari taldea (Araolaza, 1998: 25). XX. mendeak aurrera egin ahala, Eibarren antolatu izan diren dantza talde guztientzat lehen mailako plaza izan da Arrate, eta askotan taldeen estreinaldiak ere bertan egin izan dira. Gerra zibilaren etenaren ondoren, lehen dantza taldeak Educación y Descanso eta Sección Femenina erakundeen itzalean antolatu zituen Gregorio Santa Cruzek, eta noski, estreinaldia Arraten izan zuten talde horiek, 1

.

.

944ko irailaren 8an, Arrate egunean. Kezka dantza taldearen lehen emanaldia bera Arraten izan zen, 1958ko Klub Deportiboko mendizaleen finalista egunean.

Izan dira apropos Arratera begira sortutako dantzak ere. 1963an Gregorio Santa Cruz-ek Arratera Begira Arrate 1949 Dabid Arriolaizeneko dantza sortu zuen (Araolaza, 1998). Santa Cruz-ek dantza hori koreografiatu zuen urte berean egin zen ahalegin bat Arrate egunerako dantza berri batzuk ezartzeko. Ahalegina Jon Oñatibia txistulari oiartzuarrak gidatu zuen. Arrate izeneko dantza sortu zuen, eta Arraten bertan eskaini zen Galdakaoko Andra Mari dantzari taldearen eskutik 1963an bertan. Dantza berriak sortzeko lehiaketak sustatzen ari ziren garaikoak dira koreografia horiek, eta Jon Oñatibiak berak hainbat lan aurkeztu zituen lehiaketa horietara. Baina garai horretako dantza gehienak bezala koreografia horiek ez zuten jarraipenik izan.

Txistulari eta trikitilarien jardunean erreferentziazko plaza izan da Arrate. 1927an, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen sorrera batzar nagusia Arraten egin zen eta Arrateko Ama Birjina du elkarte horrek bere zaindari. 2002an ospatu du Txistulari elkarteak 75. urteurrena eta Arraten bertan egin zen ospakizun nagusia, 350 txistulari inguru bilduta. Trikitilariek ere hartuta dute Arrateko Ama Birjina bere zaindaritzat. Arrate eguneko meza nagusian ez dira falta izaten txistulari, trikitilari, bertsolari eta dantzarien emanaldiak.

Arratek berak eibartarrengan duen arrastoa, jaien tradizio sendoa, eta Arraten dantzek izan duten presentzia garrantzitsua kontuan hartuta, nahiko argi ikusi genuen horixe izan zitekeela prestatu behar genituen dantzak hartuko zituen toki eta jai egokia. Bertan egin izan diren dantzen artean azken 100 urteetan ezpata-dantzak eta soka-dantzak nabarmentzen dira. Soka-dantza martxan genuen dantza zen, bai Eibarren eta baita Arraten ere egun berezietan normaltasunez dantzantzen baita berriz 1994tik aurrera. Beraz, ezpata-dantzaren hariari tira egitea erabaki genuen.

Eibarko Arietarras zelaiaren erabilerak hainbat auzi eragin zituen XV. Mendean Besteak beste dantzarako erabiltzen zuten eibartarrek Arietarreseko zelaia (Elorza, 1999: 294), zein dantza mota ote ziren ez badakigu ere. Printzeen jaiotzak, errege-erreginen etorrerak, Gorputz eguneko prozesioak eta San Joan jaiak dira XVII-XIX. mende bitarteko dantza emanaldien berri utzi diguten ekitaldiak. 1605. urtean, Espainiako printzearen jaiotza ospatzeko antolatutako dantzen berri jaso zuen Gregorio Mújicak (1984: 408) eta besteak beste 1669ko Gorputz eta San Joan jaietan aritu ziren danbolinteroek eta dantzarien aipamenak bildu zituen (1984: 394). Hain zuzen ere Mújicak berak jasotakoa da 1708an “troqueado de danzantes” izan zela Eibarren (1984: 223) eta 1744ko Gorputz egunean ezpata-dantza (1984: 478).

1828ko ekainaren 2tik 14ra bitartean Fernando VII.ak Gipuzkoako hainbat herri bisitatu zituen eta ibilbide horretan egin zitzaion ongi-etorriaren berri jaso zuen Juan Antonio Urbeltzek. Lizartzan, Tolosan, Billabonan, Andoainen, Urnietan, Hernanin, Donostian, Ordizian, Beasainen, Ormaiztegin, Zumarragan, Urretxun, Legazpian, Antzuolan, Bergaran, Soraluzen eta Eibarren, horietan herri guztietan dantzariek egin zioten harrera Fernando VII.ari. Eta ia denetan ezpata-dantzariak ziren danbolinteroak lagunduta. Eibarren, “Veinte danzantes de espadas de los más diestros” jaso zuen Urbeltzek (1985: 100).

Eibarko tradizio koreografikoari buruz ditugun datuak bat datoz inguruko herrietan bildutakoekin (Arrieta, 1999). Ezpata-dantzak eta trokeo-dantzak dira aro modernoan Gipuzkoa eta Bizkaiko mugako inguru hauetan nagusiki egin izan diren dantza sortak, eta horiek izango dira Arrateko Amaren dantzetarako erabili ditugu generoak.

Brikolaje koreografikoa

I

 

txura tradizionala, osagai tradizionalak, baina aldi berean ezaugarri propio eta bereziak izango zituen dantza tradizioa nahi genuen. Beraz, eredutzat erabiliko genituen dantza tradizioak hautatu, horien Arrate 2006 Arantza Uriguenartean errepikatzen diren osagai komunak identifikatu, eta osagai horiek konbinatuz tradizio propioa garatzea erabaki genuen. Inspirazio iturri izan ziren dantza tradizioak aukeratzeko orduan zenbait irizpide erabili ziren: hurbiltasun geografikoa, hurbiltasun kulturala eta Arrateko ospakizunak dituen ezaugarriekin bat zetozen dantza tradizioak. Aztertutako tradizio desberdin horien artean errepikatzen ziren ezaugarrien hautaketa egin ondoren, material horiek konbinatuz, elkar josiz eta osatuz, dantza errepertorio berria apailatzeko prozesua hasi zen. Prozedura hori bera erabili zen dantza moten aukeraketa egiteko, dantzetan erabiliko ziren tresnak erabakitzeko, dantzak ordenatzeko, dantza horietan erabiliko ziren urratsak, aldairak eta mugimendu koreografikoak prestatzeko, erritmoen eta doinuen moldaketak egiteko, eta jantziak aukeratzeko besteak beste.

Ezpata-dantza izan da azken sei mendetan Europan barrena hedapen handiena izan duen dantza tradizioetako bat Stephen D. Corrsin (1997: 1) ikertzailearen arabera. Ezaugarri berezi batzuk dituen ezpata-dantza mota bat da Erdi Aroaren bukaeratik gaurdaino hainbat eskualdetan dantzatu dena. Ingelesez “hilt and point” izenarekin ezagutzen den ezpata-dantza mota da, helduleku eta puntako ezpata-dantza. Katea osatuz egiten den ezpata-dantza mota da hori, dantzari bakoitzak ezpata bat Arrate 2005 Felipe Loyolakirten edo ezpata-burutik hartzen du esku batekin —eskuinarekin gehienetan— eta beste eskuarekin beste ezpata baten puntari heltzen dio. Dantzariak elkarrekin ezpaten bidez lotuta lerroak, borobilak eta bestelako figura geometrikoak osatzen dira. Eibarko ingurune kulturalean ere aurki ditzakegu mota horretako ezpata-dantzak, eta dantza-tradizio hori erabili da Arrateko ezpata-dantza osatzeko.

Manuel Larramendik eta Juan Inazio Iztuetak XVIII. mendeko Gipuzkoako ezpata-dantzari buruz idatzi zituzten deskribapenak, eta Jose Lorenzo Pujana dantza-maisuak XX. mende hasieran besteak beste Donostian, Añorgan eta Legazpian irakatsitako jakinbideak izan dira dantza horri buruz ezagutzen ditugun oinarriak. Ezpata luzeekin aritzen ziren dantzariak lau lerrotan antolatuta aurkezten dituzte Larramendik eta Iztuetak, baina 1950eko hamarkadan bi lerrotako ezpata-dantzak bakarrik egiten ziren. Argia dantzari taldeak 1972an berregin zuen lau lerroko ezpata-dantza (Urbeltz, 2001: 234) erabili da oinarritzat Arrateko ezpata-dantza moldatzeko.

Ezpata luzeekin elkar lotutako dantzariak lau lerrotan antolatzen dira aurrean buruzagia edo maisu zaharra dutela. Taldearen atzekaldean lau bakarlariak –azkendariak— kokatzen dira, bina ezpata txiki dituztela eskuan. Ezpata-dantza horretatik abiatu, eta ondoren, Arrateren inguruan, kilometro gutxiko bueltan dauden bestelako ezpata-dantzen ezaugarri koreografietatik elikatu da Arratekoa. Besteak beste Xemeingo Arretxinagako ezpata-dantza, Legazpiko ezpata-dantza, Debako San Roke ezpata-dantza eta Zumarragako ezpata-dantza erabili dira iturri koreografikotzat, eta baita Durangaldeko dantzari-dantza eta Oñatiko Korpus dantzak ere. Eskualdeko dantza tradizioetako doinuak, XVI eta XVII. mendeetako dantza doinuak, Eibarko kanta tradizionalak eta beste zenbait material erabili ditu Jose Miguel Laskurainek Arrateko dantzen musika prestatzeko.

J

 

antziei dagokioenez, dantza tradizionaletan ohikoak diren kolore zuria eta apaingarri gorriak Arrate 2006 Felipe Loyolaerrepikatzen dira Arrateko dantzetan. Mutil eta neskek, denek janzkera bera eramatea erabaki zen. Aldez aurretik genero zehatz batekin oso identifikatuta dauden jantziak baztertu ziren. Janzkera tradizionaletan oinarrituta Arraterako konbinazio berezi bat aurkitu nahi zen. Horrela, 1987an estreinatu zen Zortziko ikuskizunean egiten zen ezpata-dantzarako Juan Antonio Urbeltzek prestatu zuen diseinua hautatu ganuen. Ohikoa izaten da tokian-tokiko tradizioetatik dantzak eta jantziak jaso eta antzokietako ikuskizunetara eramatea, eta oraingoan zirkuloa ixtea erabaki genuen. Antzokira begira egindako moldaketa bat plazara edo zelaira eraman, eta bertan finkatzea.

Generoa eta dantza tradizionala

XXI. mendean abiatutako tradizio bat da Arrateko Amaren dantzena. Aurreko mendeetako ondare kulturalaren arrasto batzuk jaso, apailatu eta formulazio berrian eman arren, halabeharrezkoa gertatu zaigu bizi dugun aroko balio sozialetan oinarritzea. Emakumeak euskal dantzetan izan duen eta duen parte hartzea eztabaidarako gaia da oraindik hainbat tradiziotan5, eta datozen urteotan zeresan handia emango duen kontua da. Arraten, tradizio berria izanik eta sorrera gure eskuetan egon denez, genero ikuspuntutik egoki iritzi dugun antolaketa bideratzeko aukera izan dugu. Dantza tradizio askotan oso markatua izaten da genero bereizketa eta gizon eta emakumeek ondo zehaztutako rolak betetzen dituzte. Arrateko dantzetan ahalegin berezia egin da, bai dantzetan bete beharreko funtzioen aldetik eta jantzien ikuspuntutik, genero bereizketarik gabeko dantzak izan daitezen.

Euskal dantzen historian emakumeak protagonista izan dituzten dantzen hainbat testigantza jaso dira (Rojo, 1999), baina agerikoa da gizonek egindako dantzak direla nagusi, eta biek parte hartu dutenetan emakumeak bigarren mailan egokituak izan direla. M. Teresa Beguiristainek dioen moduan, “desde Plinio, las mujeres ocupan el apartado de Artistas Menores” (Beguiristain, 1996: 114). Gipuzkoako dantzei buruzko testu aitzindaria da Juan Inazio Iztuetak 1824an idatzitakoa. Deskribatzen dituen dantzen artean (Iztueta, 1968) badira bi emakumeek dantzatzen zituztenak: Etxeandre dantza eta Esku dantza neskatxena. Dantzen izenetan emakumeenak direla agertzeak berak adierazten digu gutxi izango zirela emakumeen dantza espezifikoak eta orohar beste zehaztapenik ez zuten dantzak gizonezkoek egiten zituztenak izango zirela.

Erdi Aroaren bukaera eta Errenazimenduaren hasieran ekoiztutakoak dira gaur egun ezagutzen ditugun generoen arteko bereizketa eredu garbiak. Bai artean eta bai eguneroko bizitzan, emakumea jarrera pasiboa agertzera bultzatua izan da (Beguiristain, 1996: 115). Badirudi XX. mendean emakumearen presentzia dantza tradizionalean areagotzen hasten denean eredu estetiko horri eutsi zitzaiola. Curt Sachsek dantzak sailkatzeko sortutako eskema (Sachs, 1963) euskal dantza tradizionaletan aplikatu zuen Juan Antonio Urbeltzek (1978). Horren arabera, dantza irekiak edo zabaltzeko joera dutenak, eta dantza itxiak edo hersten direnak bereizten dira. Dantza irekiak gizonen ezaugarriekin eta itxiak emakumeenekin lotzen ditu Sachsek, eta Urbeltzek banaketa horri eusten dio orohar (Urbeltz, 1978, 59). Dantza itxietan gorputza ez da ia ia lurretik altxatzen, indarra goitik beherakoa da, gorputz eta besoen mugimenduak nagusitzen dira, eta espazioak mugatzeko eta zirkuluak osatzeko joera dago. Irekietan berriz lurretik altxatzeko ahaleginak ugariak dira, lurra gutxiago ukitzen da, grabitatearen aurkako borroka dago, giharrak tentsioan, mugimendu bortitzak, arintasuna, indarra, espazioan hedatzeko eta bilatzeko joera, eta gorantz eta aurrerantz mugitzeko joera dago. Ezaugarri horiek elkarrekiko oposizioan eta bipolaritate sexualaren sinbolotzat ikusten ditu Urbeltzek. Espazioaren erabileran genero bereizketa zantzuak antzeman ditu Teresa del Vallek. Orohar emakumearen mugimenduak mugatuagoak nabaritu ditu eta zenbaitetan genero bereizketa adierazpenak ikusi ditu dantzan: “…hay momentos en los que a través de las carácterísticas de la danza, las mujeres y/o los hombres expresan la diferenciación (Del Valle, 1997: 26). Urbeltzek eta Del Vallek aipatzen duten bereizketa hori bat dator dantzaren protagonista bazuk beren buruaz duten irudiarekin. Kepa Fernandez de Larrinoak Zuberoan egindako tokian-tokiko azterketa lanean jaso zituen honelako ikuskerak:

Cuando en 1987 la Mascarada de Muskildi presentó un txerrero interpretado por una mujer, la autenticidad del rito quedó en entredicho (para aquellos que representaban la visión masculina radical de la Mascarada). Varios argumentos, que todavía hoy se utilizan, asomaron. Uno de ellos decía, o dice, que un hombre y una mujer pueden bailar la misma danza, pero que nunca lo harán del mismo modo: el hombre, en la danza, comunica fortaleza, vigor; la mujer, en cambio, finura. El que las mujeres bailen en las Mascaradas es pues, desde ese punto de vista, un sacrilegio o una traición al espiritu del ritual”. (Fdez. De Larrinoa, 1997: 65)

Eguneroko bizitzako keinu arruntak azken muturreraino garatzen ditu balet klasikoak. Zenbait ikertzaileren ustez egunerokoan ere desberdintzen ditugu mugimenduak generoaren arabera; hitzezkoak ez diren baina generoz markatuta nabarmentzen diren mugimendu eta mezuak lirateke (Lynne 1987). Gizon-emakume mugimendu estereotipoak oso goiz ikasten dira bizitzan. Gorputzaren forma, konposizio, fisiologia eta funtzionamenduri dagokionez desberdintasunak daude gizon eta emakumearen artean. (Lynne Hann, 1987: 158). Arteak gizonaren indar eta abiadura nagusitasunaren irudiak betikotzen ditu horiek islatuz. Baina artea ere hasi da genero bereizketari desafio egiten eta irudi berriak sortzen. Dantza garaikideak dantza klasikoaren ereduak hausten lan handia egin du, eta planteamendu dimorfikotik ihes egiten ere asmatu du maiz. Hala ere, dantza garaikidean ere, hainbat eredu indartsuk generoen estereotipoekin jokatzen jarraitzen du. Eta beste horrenbeste gertatzen da dantza tradizionaletik abiatuta koreografia berriak sortzen dituztenen artean.

Arrateko dantzen diseinuan lehentasuntzat hartu zen genero bereizketarik gabeko dantzak izatea. Egungo gizartearen balio garrantzitsuetako bat izanik eta luze irauteko asmoarekin jaiotako dantzak izanik, funtsezkoa iruditu zitzaigun dantzariak dantzari soil bezala hartzea, mutil edo neska diren kontuan hartu gabe. Arrazoi formal eta koreografikoen arabera antolatzen dira dantzariak taldean, eta denek jantzi berberak daramatzate soinean.

Abiatu gara

2

 

005eko irailaren 8an estreinatu ziren ofizialki Arrateko Amaren dantzak. Lehenago, ekainaren 16an, Arrate 2006 Julene Usobiagaaurrestreinaldia egin genuen Eibarko plazan, Arrateko egun handirako dena puntuan zegoela ziurtatzeko. Goizeko 11.00etako meza nagusian eliza barrura sartu zen ezpata-dantza taldea, ezpata-dantza dantzatzera. Ondoren, prozesioan parte hartzea aurreikusita zegoen, baina euriak bertan behera utzi zuen, eta elizako atarian bertan dantzatu zitzaion ezpata-dantza bigarrenez Arrateko Ama Birjinari. Ama Birjina elizara itzulita, dantzariak Arrateko zelaira hurbildu eta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzaren lehen pieza, makila txikiena, eskaini zituzten. 2006an eguraldi ederrak lagundu du prozesioan eta trokeo-dantzaren beste bi pieza estreinatu dira: makila handiena eta brokel-dantza.

Tradizioa prozesu dinamikoa da, belaunaldien arteko lotura egiten duena, eta gure aurrekoen ondare kulturalaren transmisioa bermatzeaz gain, belaunaldi berrien nortasuna jasotzen duena. Arraten ez dugu antzinako argazki zahar bat berreskuratu eta haren kopia fidelik egin nahi. XXI. mendeko dantzariak gara eta XXI. mendekoak dira Arrateko Amaren dantzak, koreografiak, jantziak eta doinuak. Gure aurreko belaunaldien tradizio koreografikoa altxorra da guretzat, geureganatu, jabetu, berritu eta gozatu nahi dugun ondare kulturala.

 

 Oharrak

1 Euskal tradizioan erabat arrotzak gertatzen diren hizkuntza ezaugarri eta joskerak dituen euskara izendatzeko erabili izan du Koldo Zuazo hizkuntzalariak “Marteko euskara” kontzeptua. ZUAZO, Koldo. Euskararen sendabelarrak, Alberdania, 2000.

2 ATXAGA, Bernardo: “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra”, in Obabakoak, Erein, 1988.

3 Hedatzen lan horretan parte hartu zuen Thierry Truffaut Lapurdiko inauteriaren berrregite prozesuaren berri jaso du. 25 urteren buruan zenbait herritako gazteek beren herriko inauteria modu hartan “betidanik” ospatu zela defendatzen zutela ikusita heldu zion Truffaut-ek tradizio horren ber-hastapenen kontakizuan egiteari.

4 Artikuluaren sinadura “J.L. (de E.D.B. Navarra)” da, eta Joxemiel Bidadorri (1999: 10) esker dakigu Pomares eta Larramendi direla sinadura horren atzean daudenak.

5 Lerro hauek berrikusten ari naizen egunotan Baztango mutil-dantzetan emakume batzuk parte hartzearen ondorioz Elizondo eta Arizkunen berriz ere piztu den eztabaidaren berri ekarri du prentsak. “El Eterno debate de la danza solo para hombres” in Diario de Noticias de Navarra, 2006-09-26.

 

 

Bibliografia

AGUIRRE SORONDO, Antxon. “Papel de la mujer en el carnaval vasco”, in Cuadernos de Sección Antropología y Etnografía,V, Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1987.

ARANBURU URTASUN, Mikel. Danzas y bailes de Navarra, Pamplona: Gobierno de Navarra, 2000.

ARAOLAZA ARRIETA, Oier. Gregorio Santa Cruz dantza maisua, Eibar: Ego Ibarra, 1998.

ARRIETA SORAIZ, Pello. “Dantzak Elgoibarren”, in Elgoibar dantzan, Elgoibar: Ongarri, 1999; 45-59. orr.

BEGUIRISTAIN, M. Teresa. “Arte y mujer en la cultura medieval y renacentista”, in Bitarte, 8, Donostia-San Sebastián: Bitarte, 1996.

BIDADOR, Joxemiel. “Las danzas de San Lorenzo de Pamplona”, in Txistulari, 180. zkia, Euskal Herriko Txistulari Elkartea, 1999; 9-12. orr.

DUEÑAS, Emilio Xabier. “Los grupos de danza a debate: impresiones de una actualidad a nivel nacional”, in Sukil 3. Cuadernos de Cultura Tradicional, Iruñea: Ortzadar Euskal Folklore Taldea, 2000; 459-468. orr.

CORRSIN, Stephen D. Sword Dancing in Europe: A History, London: The Folklore Society, 1997.

DEL VALLE, Teresa. Las mujeres en Euskal Herria. Ayer y hoy, Bilbo: Egin biblioteka, 1997.

ELORZA MAIZTEGI, Javier. Eibar: Orígenes y Evolución (siglos XIV al XVI), Eibar: Ego Ibarra, 1999.

FERNANDEZ DE LARRINOA, Kepa. Mujer, ritual y fiesta. Género, antropología y teatro de carnaval en el valle de Soule, Iruñea: Pamiela, 1997.

IRIGOIEN, Iñaki. “Desarrollo de la danza folclórica durante los últimos año”, in Sukil 3. Cuadernos de Cultura Tradicional, Iruñea: Ortzadar Euskal Folklore Taldea, 2000; 387-404. orr.

IZTUETA, Juan Ignacio de. Gipuzkoa'ko dantza gogoangarriak, [1824] Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.

LASA, Xavier. “Emakumeekin, askoz hobe doa tradizioa: Andoaingo Axeri Dantzaren adibidea”, in Hika, 2005-04-05, Bilbo: E.M.K., 2005.

LARRAMENDI, Manuel de. Corografía o Descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipúzcoa, San Sebastián: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1969.

LYNNE HANN, Judith. Dance, sex and gender. Sings of identity, dominance, defiance, and desire, Chicago: The University of Chicago, 1984.

MAQUIEIRA, Virginia. "Cultura y derechos humanos de las mujeres", in Mujer del Caribe ante el año 2000, Madrid: Dirección General de la Mujer de la Comunidad de Madrid, 1998; 171-203.

MÚJICA, Gregorio. Monografía Histórica de la Villa de Eibar, (3. edizioa) (1. edizioa: Irun, 1910), Eibar: Eibarko Udala, 1984.

POMARES, Jesús; LARRAMENDI, Mikel. “Acerca de la composición de danzas nuevas”, in Dantzariak, 38. zkia, Bilbo: Euskal Dantzarien Biltzarra, 1987; 8-12. orr.

QUIJERA, Jose Antonio. “Euskal Gizartea eta Folklorea XX. mendaren bukaeran”, in Gipuzkoa 50 urte dantzan: Goizaldi 1948-1998, Donostia: Goizaldi Dantza Taldea, 1998. 124-138. orr.

ROJO, Fernando. “Emakumea euskal dantza tradizionalean”, in Euskonews, 1999/1/23–30, Eusko Ikaskuntza, 1999.

SACHS, Curt. World History of the Dance, (1937, translated by Bessie Schönberg), The Norton Library, New York, 1963.

SAN MARTIN, Juan. Antzinako Eibar, Eibar: Ego Ibarra, 1993.

SANCHEZ EKIZA, Karlos. Txuntxuneroak: Narrativas, identidades e ideologías en la historia de los txistularis, Tafalla: Altaffaylla, 2005.

TRUFFAUT, Thierry: Joaldun et Kaskarot: Des carnaval dans le Pays Basque, Baiona: Elkar, 2006.

URBELTZ NAVARRO, Juan Antonio. Dantzak. Notas sobre las danzas tradicionales de los Vascos, Bilbo: Caja Laboral Popular-Lankide Aurrezkia, 1978.

URBELTZ NAVARRO, Juan Antonio. “Dantzak” in Euskaldunak-La Etnia Vasca, V. 5. Bilbo: Etor, 1985.

URBELTZ NAVARRO, Juan Antonio. Bailar el caos: la danza de la osa y el soldado cojo, Pamplona: Pamiela, 1994.

URBELTZ NAVARRO, Juan Antonio. “Argia como memoria”, in Danza vasca. Aproximación a los simbolos”, Lasarte-Oria: Ostoa, 2001.

URRUZOLA, Juan Mari; ROJO, Fernando. “Euskal Dantzak Tolosaldean: Tradizioa ala ikuskizuna”, in Sukil 3. Cuadernos de Cultura Tradicional, Iruñea: Ortzadar Euskal Folklore Taldea, 2000; 353-368. orr.

 

 

Eusko Ikaskuntzako Folklore Sailak antolatuta 2006ko urriaren 21ean,  Donostian burutu zen "Festa berriak- Antzinako folkorea eta gaur egungo ekintzak" jardunaldian aurkeztutako komunikazioa.

Dokumentuaren akzioak