Dokumentuaren akzioak
Jana eta edana dantzaren parte direnean
Momentu batean dantza gelditu da, eta dantzariei jan-edana atera zaie. Dantzarientzat deskantsutxoa, eskertza... plazaren erdian dastatzen dute eskaintzen zaiena: ardoa, garagardoa, sagardoa, xanpaina, pastak, pastelak, gazta... Festan jana eta edana ohikoak zaizkigu, baina baita dantzaren barruan ere. Ohartu gara Euskal Herriko hainbat dantzen parte direla jateko edo edateko tarteak.
Baztan: Soka-dantza
Baztango soka-dantzetan ikusi dugu izan dela ohitura dantzariek soka-dantzaren erdian ardoa edatekoa. Patxi Larraldek Baztango soka-dantzen inguruan idatzitako artikuluan, besteak beste, soka-dantzen zatiak azaltzen ditu eta horien artean bi zati honela izendatzen ditu: "Botileroaren sartzea" eta "Dantzari eta musikariei ardoa banatzea". Azaltzen du bikote guztiak plazara sartzean modu berean botileroa sartzen dela eta plazaren erdian ipintzen du botila eta edalontzia. Horien ondoan gelditzen dira zenbait unetan danbolinteroa eta atabalaria. Botileroa sokan sartzen da eta karakolaren eta arkuen ondoren ardoa banatzeko ordua iristen da, beraz, sokatik askatu, ardo botila hartu eta ardoa banatzen hasten da ordena jakin batean: aurrena aitzindariari eta bere bikoteari eskaintzen dio, ondoren azkendariari eta bikoteari, gero zerbitzariei, gainerako kideei eta azkenik musikariei. Dantzari eta musikariei emanda publikoaren artean banatzen hasten da. Botileroa ez da sokara itzultzen, baina dantzariek dantzan jarraitzen dute, zenbait urratsen ondoren plazatik ateratzen dira.
Arizkun: Sagar-dantza
Baztanen soka-dantzakoa ez da botileroa agertzen den dantza bakarra, Arizkungo sagar-dantzan ere botileroek parte hartzen dute. Mozorro-dantza, sagar-dantza eta zortzikoa dantzatzen dituzte Arizkungo sagar-dantzariek astearte inauteriz. Karrika-dantzan ibiltzen dira mozorro-dantzaren eta zortzikoaren doinura eta geldialdietan egin dute sagar-dantza. Saio bakoitza amaitzean, botilero edo arno-partitzailea hurbiltzen zaie dantzariei; dantzariekin batera baitoaz kalez kale sagarrak eta edaria saski batean eramaten dituzten bi botilero.
Lizartza: Dantza-soka
Lizartzako iraileko Ama Birjin jaietan dantza-soka plazaratzen dute herritarrek. Korroa bukatzean, pastak eta ardoa banatzen zaizkie soka osatzen duteenei eta musikariei. Pastak eta ardoa udaletxearen kontura izaten dira eta ikusleek banatzen dizkiete sokako kideei. Jatekoa bukatzean, fandagoa, arin-arina eta azken korroa dantzatu eta amaitzen dute dantza-soka. Orain dela urte batzuk arte pastak eta ardoa hartzeko ondoko aulkietan edo koxketan esertzen ziren sokan zeudenak, gaur egun zutik, bakoitzak dagoen lekuan bertan hartzen du jan-edana. Garai baten pastak eta ardoa hartuta bukatze zen dantza, baina egun dantzaren erdian errituala bezala gelditu da.
Berriz: Dantzari-dantza eta erregelak
San Pedro egunean (ekainak 29) eta Santa Isabel Egunean (uztailak 2) Berrizko dantzariek dantzari-dantza eta erregelak plazaratzen dituzte. Erregelen aurretik pontxea deritzon edari bat eskaintzen zaie dantzariei. Formula sekreturen bat edo udaletxean gordeta omen dago. Berrizko emakume batek prestatzen du eta Udaleko aguazilak eramaten du plazara.
Otsagabia: Musildako Amaren dantzak
Irailaren 7an eta 8an dantzatzen dira Muskildako Amaren dantzak Otsagabian. Dantzariak plazako saioa egiten dutenean tabernatik edaria ateratzen diete. Garagardoa, ura, freskagarriren bat… ematen diete. Saiatzen omen dira lehenengo bi makila-dantzen ondoren egiten lehen geldialdia eta azken bi makila-dantzak bukatzean bigarrena; baina askotan beharrak agintzen du noiz hartu edateko tartea.
Andoain axeri-dantza
San Joan egunean (ekainak 24) axeri-dantza eta soka-dantza plazaratzen dituzte Andoainen. Axeri-dantzako "txingoaren" jokoaren ondoren geldialdia egiten dute. Udalak jartzen dituen ura eta xanpaina banatzen dituzte; axeri-dantzariak eurak arduratzen dira horretaz. Plazaren erdian topa egiten dute eta falta diren axeri-dantzariak oroitzen dituzte.
Markina-Xemein: Mahaigainekoa
Zerutxu dantza taldeak San Migel eguneko iluntzean mahaigainekoa dantzatzen dute Xemeingo Arretxinaga ermitaren aurrean. Garai batean alkateak gidatzen zuen dantza dantzariei ardoa banatu ondoren afariko mahaiaren bueltan. Egun antzezpen moduko bat egiten dute eta alkatearen papera dantza taldeko dantzari batek hartzen du. Dantzariak banan-banan mahai gainera igotzen dira, mahai buruan eserita dagoen “alkateak” ardoa eskaintzen die. Tragoa eman eta mahai gainean dantzatzen dira.
Mendexa: Mahaigainekoa
Abuztuaren 1ean dantzatzen dute Mendexan mahaigainekoa. Herriko alkatea mahaiburuan eseri eta mahai gainera igotzen diren dantzariei baso bat ardo eskaintzen die. Garai batean udaltzaina izaten omen zen mahai gainean dantzatzen lehena, eta ekitaldiari amaiera udaltzain berak ematen omen zion. Lehen gaueko 12etan udaletxe barruan dantzatzen zen, frankismo garaian ohitura hau galdu eta berriro berreskuratu zutenean eguerdira aldatu zuten.
Zuberoa: Maskaradak
Maskaradetako ofizioetan ere presente izaten da ardoa. Hainbat pertsonaiek zahatoa eraman ohi dute aldean, Buhame Jaunak, Kabanak edota Kherestu eta Xorrotx nagusiek, eta beren ofizioetako uneren batean ardoa dastatzen dute edo taldekideei ematen diete.
Bestalde, godalet-dantzan ere izaten du ardoak bere protagonismo tartea. Dantzariak ardoz betetako edalontziaren inguruan aritzen dira dantzan eta Pitxu kautera hor ibiltzen da bueltan ardo tragoxkaren bat handik edo handik noiz egingo.
Iurreta: Txotxongiloa
Dantzari-dantza eskaini eta txotxongiloarekin amaitu dute saioa, baina dantza honetan bada berezitasun bat. Txotxongiloa jasotzean, esku banatara pastelak bota dizkiote goian dagoenari eta lurrera jaistean pastelekin dantzan jarraitu du. Garai baten San Migel eguerdian aurreskuarekin eta atzeskuarekin sokara sartzen ziren bi gonbidatuek Errosario egunean pastelak oparitzen zizkieten dantzariei. Egun, festa batzordeak ematen dizkio ezpata-dantzari taldeari pastelak. Kasu honetan dantzariei pastelak oparitzen zaizkie, baina horiek jasotzeko ez dira gelditu ere egiten, dantzan jarraizten dute pastel eta guzti.
Sakanan auzate eta zortzikoak
Sakana inguruan Auzatea deitzen zaio festa eta ospakizunetan udalak herriari egiten dion ardo eta janari banatzeari. Herri askotan ardoa barkillo izena ematen dioten zilarrezko ontzietan banatzen da. Udalak herritarrei oparitzen die ardoa eta jana festa edo erromeri egunetan. Sakanako kasuan, orokorrean, ez zaie dantzariei bakarrik oparitzen jan edana, herri osoari baizik. Egun handietan, ordea, zortzikoak dantzatzea ohikoa da Sakanan, beraz, askotan zortzikoaren parte ere bada ardoa dastatzeko unea.
Lakuntza: Alkate-dantza
Lakuntzako udalak lakuntzarrak ogia, gazta eta ardoa jan-edatera gonbidatzen ditu San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an; momentu horretan dantzariak plazan biltzen dira eta alkate-dantza dantzatzen dute. Abuztuko Ama Birjinaren ondoko igandean ospatzen da Pertzaren Egunean, berriz, tripotak, ardoa eta ogia banatzen ditu Lakuntzako Pertza elkarteak eta jarraian alkate-dantza plazaratzen da.
Nafarroako Dantzen Atlasean irakurri dugunez, garai batean San Sebastian egunean agintariak udaletxetik jaisten ziren eta aurreko espaloian propio horretarako paratuta zeuden aulkietan esertzen ziren, udaletxearen aurrean. Aulkien ondoan mahai bat pitxer eta barkilloekin. Horra eramaten zuen aguazilak ardoa eta joaten zelarik, txistularia bere atzetik joaten zen biribilketa baten soinua joz. Dantzak behin amaituta, udalak gonbidatzen zituen dantzariak eta bildutako ikusleak ardoa barkillotan edatera eta gazta eta ogia jatera.
Altsasu: Zortzikoa
Altsasuko jai gehienetan egiten da auzatea egitea. Inauterietan konpartsak eskaintzen du plazan, baina gehienetan udalak egiten du. Erkuden, San Juan, San Pedro zein Maiatzeko Gurutzearen egunean, esaterako.
Santa Ageda jaien bueltan ikusi izan dugu nola kintoak zortzikoak dantzatzen ari direla une batean kiosko ondoan dagoen ardo barrikara gerturatzen diren eta elkarrekin edaten duten. Julen Herrerok Santa Ageda jaien inguruan eginiko ikerketan ere aipatzen du, udaltzainak nola ematen zion dantzariari ardoa, "udaltzainak ardoa banatzen zion zortzikolariari, baina ohitura hori galdu da (neskari ardoa eskaintzen zitzaion eta berak ukatu egin beharko zuen erritualki; Urdiainen mantentzen da batzuetan)".
Lizarraga: Zortzikoa
San Adrian (ekainaren 16) egunaren bueltan, ekainaren 3. asteburuko larunbatean, festa egiten diten egunean zehar lizarragarrek San Adrian baselizaren inguruan. Arratsaldeko seiak aldera herrira, alkatearen etxera jaisten dira eta hor Udalak auzatea ematen du (gazta eta ardoa). Jarraian, plazara abiatzen dira eta bertan zortziko dantzatzen dute. Zortzikoan honako zatiak bereizten dituzte: alkate-dantza, barkilloarena, San Adrian, plaza dantza, fandangoa, arin-arina eta kalejira. Aurrez Barkilloa katiluari deitzen diote eta herriak (alkateak) dantzariei ardoa eskaintzen die. Ardoa edan ondoren korrora itzultzen dira.
Etxarri-Aranatz: Zortzikoa
San Kiriko (ekainak 13) arratsaldean Andra Mari ermitaren inguruan lagun koadrilak meriendatzeko elkartzen dira eta udalak ardoa ipintzen du edonork har dezan. Jarraian, dantzakia egiten da baselizaren aurrean.
San Adrian (ekainak 16) egunean, berriz, hamar eta erdiak aldera Udalak gosaria eskaintzen du, “fritada” izenekoa, haragi gisatua eta zopa. Horri laguntzeko ardoa ere banatzen da udalaren kontura.
Irakurri dugu ardoa barkiloetan banatzen zela Etxarri Aranazko erromerietan siseroaren kontura. Haren ardura, ardoaren “sisa” zen eta lau festetan doan banatu behar zuen: San kiriko, San Adrián, Amaletai eta Amabirginaren egunetan. Gaur egun festa egunetan, udaletxeko langileek ateratzen dute ardoa barrikatik bost litroko buztin pitxeretara, eta hortik katiluetara banatzen dute.
Arruazu: Zortzikoa
San Pedro (ekainak 29) bezperan santuaren izen bereko baselizaren bueltan erromeria eta auzatea egin ondoren, herriko gazteek zortzikoa dantzatzen dute plazan. Festetan egunero banatzen da auzatea, bezperan, baselizan eta gainerako egunetan ostatu parean. Egunero banatzen dira gazta, ogia eta ardoa; "Buuzeyak" edo buruzagiak du ardura hori. Buuzeiaren lana da urtean zehar udalak egiten dituen abisuak etxez etxe banatzea eta festetan ardoa banatzea zilarrezko barkilloetan. Ardura hori txandakatu egiten da herriko etxe edo familien artean.
Zahagi-ardo, edate edo barrikote
Ikusi dugu gehienetan udalak oparitzen diela dantzariei jan-edana. Sarrera honetan dantzariei dantzaren erdian jan-edana eskaintzen zien festak bildu nahi izan ditugu, baina ohartu gara dantzariei ez ezik Euskal Herrian ohikoa izan dela Udalak herritar orori ardoa oparitzea. Edatea, aatea, auzatea... deitu izan zaio udalak egun seinalatuetan egiten duen gonbitari. Ikusi dugu Sakanan ederki gorde dela ohitura hori, baina baita beste zenbait herritan ere. Berastegin edo Alegin, esaterako, zahagi-ardoa ipintzen dute plazan festetan. Ahotsa.eus-eko hainbat elkarrizketan daude jasoak zahagi-ardo, mutil-ardo edo zahagi-mutilen testigantzak: Alegia, Arantza, Berastegi, Gernika-Lumo, Muxika, Tolosa, Zumaia... Antzekoa litzateke barrikotea ere, tamaina txikiko kupelaren bueltan egiten den jaia. Honako herrietan egun ospatzen da: Lasarte-Oria, Oiartzun, Añorga, Orendain, Hernani, Amasa-Villabona...
Josu Larrinagak ikertuak ditu Busturialdeko saragi-mutilak. Gazte taldeen ardura izan ohi zen hainbat festak antolatu eta festa horietan aurreskuak gidatzea. Busturialdean, saragi-mutil deitu izan zaie gisa horretako taldeei. Elkarteetan urtero arduradunak izendatu ohi zituzten, plaza mutilak, maiordomoak, giltzeroak... deituak eta festetako diru kontuez, ardoa lortzeaz, agintariei baimenak eskatzeaz edota eta aurreskua gidatzeaz arduratu izan dira. Zarautzen mutil-ardo izeneko elkarteak ezagutzen dira, adibidez. Zarauzko folklorea liburuan Xabier Alberdik eta Xabier Etxabek jaso dituzte haien inguruko zenbait datu. XX. mendearen hasieratik Zarautz inguruan dokumentatuak daude eta 1960ko hamarkadara arte ezagutu dira. Zenbait herritan, Sakanan gehienbat, oraindik kintoen egitura eta festak mantentzen dira eta aipatutako eginkizun horiek izaten dituzte 18 urteko gazteek.
Dokumentuaren akzioak