Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Ezpata-dantzak Euskal Herrian: tradizio zaharra boladan da XXI. mendean

Dokumentuaren akzioak

Ezpata-dantzak Euskal Herrian: tradizio zaharra boladan da XXI. mendean

2025/09/29 07:50
Ezpata-dantzak Euskal Herrian: tradizio zaharra boladan da XXI. mendean

Ezpata-dantza, Urrezko domina, Donostia, 2022-12-16. ARgazkia: Gorka Bravo

Gure jaietan ezagutzen ditugun zenbait ezpata-dantza tradizio luzeko dantzak dira. XXI. mendean ezpata-dantzen loraldia bizitzen ari gara. Hainbat herritan sortu dira ezpata-dantza berriak eta festaren erdigunean txertatu. Ezpatak, makilak, alabardak edota bordoiak eskuetan segizioan, elkar gurutzatuaz zubiak, arkuak eta larrosak eginez aritzen dira ezpata-dantzariak. Erritual, protokolo, ospakizun berezi, Korpus egun, San Joan eta tokian tokiko santutegiaren araberako jai-egun handienetan ezpata-dantzak izan dira izar distiratsuenak XVI. mendetik aurrera Euskal Herrian.

Zaldibia 1929 ezpata-dantza
Ezpata-dantza Zaldibian Juan Inazio Iztuetaren omenaldian, 1929-09-01.

Zubiak dira euskal ezpata-dantzetan ageri zaizkigun egitura koreografiko arruntenak. Ganbaradun arkuak ere egiten dira, ohorezko pasabidea eskainiz agintari eta omenduei. Arrosak ere egiten dira; dantzariek ezpatak elkar gurutzatuz arrosa edo parrilla deitzen zaion izar-erako egitura borobila osatzen dute eta gidaria, kapitaina, banderaria edo maisu zaharra altxatzen dute bertan.

Arrateko ezpata-dantza 2019
Ezpata-dantzan Arraten (Eibar), 2019-09-08. Argazkia: Felipe Loiola - Kezka dantza taldea CC by-sa

Sarrera honetan aipagai ditugun ezpata-dantzetan dantzari bakoitzak ezpata bat heldulekutik hartzen du eta beste ezpata bat puntatik. Horrela, dantzariek ezpaten muturrak elkarri emanez katea osatzen dute. Ezpata-dantzariak izenarekin ezagutzen dira gehienak, baina zenbaitek ez darabilte benetako ezpatarik ere. Deban eta Lesakan koloretako xingolaz apaindutako makilak darabiltzate, Lakuntzan egurrezko makilak, Tolosan alabardak edota Beran sokak.

Bera: San Esteban 2014 bordon-dantza 01
Bera, San Esteban, 2014-08-03. Argazkia: Oier Araolaza / dantzan - CC BY-SA

Badira ezpata-dantza non dantzariak ez diren ezpaten bidez elkar-lotzen, baizik eta ezpata eta makila laburragoekin elkarren arteko borroka itxurako keinuak eta kolpeak elkar trukatzen dituztenak, Durangaldeko dantzari-dantzako ezpata-dantzak adibidez. Ez gara horietaz ariko honako honetan, ezpatak elkar-lotuz sokak eta bestelako egiturak osatuz dantzatzen diren ezpata-dantzetaz ari gara hemen.

Berriz: SanPedro 2019
Berriz, San Pedro eguna, 2019-06-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA-AT

Agiriek erakusten dutenez aspaldiko ohitura izan dira ezpata-dantzak Euskal Herrian, baina XIX. eta XX. mendeetan galtzen joan dira batzuk. 1970etik aurrera Gipuzkoako ezpata-dantzaren egitura osoa berreskuratzeko ikerketa eta sustapena bultzatu zuen Argia dantzari taldeak, eta bere emanaldietan eta bestelako ekitaldi batzuetan (Larramendiren urteurrenean, Anoetako estadioaren inaugurazioan edo Kursaaleko kuboen inaugurazioan, adibidez) dantzatu zuen, 1988-1994 bitartean herriz herri eskaini ziren Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan ere.

Alakiketan ezpata-dantza Argia
Ezpata-dantza Argia dantzari taldearen Zortziko (1988) ikuskizunean.

2003. urtean Gipuzkoako Urrezko dominaren ekitaldian hasi zen ezpata-dantza eskaintzen Argiako zuzendari Juan Antonio Urbeltzen ekimenez, eta 2005ean Arrateko (Eibar) zelairatu zen Argiak berreskuratutako lau lerroko ezpata-dantza eredu hori, ondotik herriz herri Beasain, Iruñea, Elgoibar, Andoain, Miarritze, Sestao, Portugalete edo Burlatara hedatu den ezpata-dantzen loraldia abiatuz.

Alkate-dantza (Lakuntza)

2011-01-20_Lakuntza-Alkate-dantza-JI-277
Alkate-dantza, 2011-01-20, Lakunta. Argazkia: Jon Iraola - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Urtarrilaren 20an, San Sebastian egunean, Korpus egunean eta Lakuntzako Pertza egunean, abuztuko Ama Birjinaren egunaren ondoko igandean.
  • Non: Lakuntzako plazan.
  • Nork: Kintoek.
  • Noiztik: 1936ko gerran dantzatzea utzi eta 1970eko hamarkadan hasi ziren dantzatzen berriz.
  • Tresnak: Makilak.

 

Ezpata-dantza (Hendaia)

Bixintxo ezpata-dantza
Bixintxo ezpata-dantza, Hendaia, 2023.

  • Noiz: Bixintxo jaietako igandean.
  • Non: Hendaian.
  • Nork: Mutxiko elkarteak.
  • Noiztik: 2022tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Ezpata-dantza (Sestao)

 

Sestao ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Sestao, 2024-03-23. Argazkiak: Kerman Rengel.

  • Noiz: Udaberriko lehen asteburuan.
  • Non: Sestaon.
  • Nork: Eusko Lorak dantza taldeak.
  • Noiztik: 2018tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Legazpiko ezpata-dantza (Legazpi)

Legazpi ezpata-dantza
Legazpiko ezpata-dantza, Legazpi, 2025-05-03. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Maiatzaren 3an, Santikutz egunean eta Mirandaola egunean, Santikutz egunaren ondorengo igandean.
  • Non: Legazpiko plazan eta Mirandaola baselizan.
  • Nork: Sustraia dantza taldeak.
  • Noiztik: XV. mendeko agiriak daude.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

Santa Krutz ezpata-dantza (Andoain)

Santa Kruz ezpata-dantza
Santa Kruz ezpata-dantza, Andoain, 2022-05-03. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Maiatzaren 3an, Santa Krutz egunean.
  • Non: Andoainen.
  • Nork: Urki dantza taldeak.
  • Noiztik: 2008tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

Legazpiko ezpata-dantza (Legazpi)

Mirandaola ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Mirandaola Eguna, Legazpi. Argazkia: Legazpiko Udala

  • Noiz: Mirandaola egunean, maiatzaren 4 ondorengo igandean.
  • Non: Mirandaola baselizan.
  • Nork: Sustraia eta Korosti dantza taldeek.
  • Noiztik: XV. mendeko agiriak daude.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Loinazko San Martin ezpata-dantza (Beasain)

Loinazko San Martin ezpata-dantza
Loinazko San Martin ezpata-dantza, Beasain, 2022-05-30. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Jasokundearen ondorengo astelehenean.
  • Non: Beasaingo Loinazko San Martin Basilikan.
  • Nork: Herriko gaztetxoek.
  • Noiztik: 1808koa da aipu zaharrena.
  • Tresnak: Ezpata txikiak

 

Korpus ezpata-dantza (Zangoza)

Zangoza korpus-dantzak
Korpus ezpata-dantza, Zangoza. Argazkia: Rocamador dantza taldea

  • Noiz: Korpus igandean.
  • Non: Zangozan.
  • Nork: Rocamador dantza taldeak.
  • Noiztik:
  • Tresnak: Ezpata ertainak.

 

Korpus ezpata-dantza (Donostia)

Korpus ezpata-dantza
Korpus ezpata-dantza, Donostia, 2020-06-18. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Korpus igandean.
  • Non: Donostiako Artzain Onaren katedral inguruan.
  • Nork: Goizaldi dantza taldeak.
  • Noiztik:
  • Tresnak: Ezpata txikiak.

Portugaleteko ezpata-dantza (Portugalete)

Portugaleteko ezpata-dantza.
Portugaleteko ezpata-dantza.

  • Noiz: Ekainaren 15ean.
  • Non: Portugaleten.
  • Nork: Elai Alai dantza taldeak.
  • Noiztik: 2016tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Ezpata-dantza (Arizkun)

Arizkungo ezpata-dantza
Ezpata-dantza, San Joan bezpera, Arizkun, 2022-06-23. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Ekainaren 23an, San Joan bezperan.
  • Non: Arizkun.
  • Nork: Arizkungo ezpta-dantzariak.
  • Noiztik: 2022tik.
  • Tresnak: Egurrezko ezpata luzeak.

Bordon-dantza (Tolosa)

 

Bordon-dantza
Bordon-dantza, San Joan, Tolosa, 2017-06-24. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Ekainaren 24an, San Joan egunean.
  • Non: Tolosan.
  • Nork: Udaberri dantza taldeak.
  • Noiztik: 1321ko Beotibargo batailan dituela sustraiak diote.
  • Tresnak: Alabardak

Irungo ezpata-dantza (Irun)

Irun ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Irun, 2022-06-26. Argazkia: Kemen

  • Noiz: San Martzial aurreko igandea.
  • Non: Irunen.
  • Nork: Kemen dantza taldeak
  • Noiztik: 2022tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Antiguako ezpata-dantza (Zumarraga)

Zumarraga ezpata-dantza
Zumarragako ezpata-dantza, Zumarraga, 2015-07-02. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Uztailaren 2an, Santa Isabel egunean eta abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean.
  • Non: Zumarragako Antiguako ermitaren inguruan eta Zumarragako plazan.
  • Nork: Irrintzi dantza taldeak.
  • Noiztik: Antiguako erromeria 1539. urtean sortu zela adierazten duten datuak daude eta zenbait adituren arabera ezpata-dantza ordutik egiten da. Hala ere, 1656tik dago dokumentatuta. 
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

San Fermin ezpata-dantza (Lesaka)

San Fermin dantzak Lesaka
San Fermin dantzak, Lesaka, 2016-07-07. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Uztailaren 7an, San Fermin egunean.
  • Non: Lesakan.
  • Nork: Lesakako ezpata-dantzariek.
  • Noiztik: 
  • Tresnak: Makilak.

Ezpata-dantza (Añorga, Donostia)

Ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Añorga, 2018-07-16. Argazkia: Beñat Urrutia - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Uztailaren 16an, Karmen egunean.
  • Non: Añorgan.
  • Nork: Arkaitz dantza taldeak.
  • Noiztik: Karmen egunean 1968tik, egungo formatuan 2009tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

Ezpata-dantza (Burlata)

Burlata ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Burlata, 2025-06-24. Argazkia: Larratz dantzari taldea

  • Noiz: Ekainaren 24an, San Joan egunean.
  • Non: Burlatan.
  • Nork: Larratz dantzari taldeak.
  • Noiztik: 2024tik
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.



Bordon-dantza (Bera)

Bordon-dantza
Bordon-dantza, San Esteban, Bera, 2022-08-03. Argazkia: Saioa Zabala - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Abuztuaren 3an, San Esteban egunean.
  • Non: Berako plazan.
  • Nork: Gure Txoko dantza taldea
  • Noiztik: 1880koa da jasoa dagoen lehen informazioa.
  • Tresnak: Pordoiak, sokak.

 

Dantza (Lanestosa)

Lanestosa
Lanestosako dantza, Lanestosa, 2022-08-05. Argazkia: Saioa Zabala - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Abuztuaren 5ean.
  • Non: Lanestosan.
  • Nork: Lanestosako dantzariak.
  • Noiztik: 500 urte baino gehiagoko dokumentuetan ageri da.
  • Tresnak: Makila malgu eta luzeak.

Begoñako ezpata-dantza (Bilbo)

Begoñako ezpata-dantza
Begoñako ezpata-dantza, 2023.

  • Noiz: Abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren egunean, eta urriaren 11n, Begoñako Amaren egunean.
  • Non: Begoñako baselizan.
  • Nork: Beti Jai Alai dantza taldeak.
  • Noiztik: 1997tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Ezpata-dantza (Donostia)

Ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Donostia, 2022-08-15. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Abuztuaren 15ean.
  • Non: Donostiako Alde Zaharrean.
  • Nork: Arkaitz dantza taldeak.
  • Noiztik: 2012tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

San Roke ezpata-dantza (Deba)

Deba San Roke 2013
Deba, 2013-08-16. Argazkia: Iñaki Zugasti / dantzan.com - CC-BY-SA

  • Noiz: Abuztuaren 16an, San Roke egunean.
  • Non: San Roke ermitan.
  • Nork: Gure Kai dantza taldeak.
  • Noiztik: 1845ekoa da aipamenik zaharrena.
  • Tresnak: Makilak.

Arrateko ezpata-dantza (Eibar)

 

Arrateko ezpata-dantza
Arrateko ezpata-dantza, Eibar, 2023-09-08. Argazkia: Felipe Loiola

  • Noiz: Irailaren 8an, Arrateko Amaren egunean.
  • Non: Arrateko baselizaren inguruan.
  • Nork: Kezka dantza taldeak.
  • Noiztik: Egungo formatuan 2005etik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

Hondarribiko ezpata-dantza (Hondarribia)

Ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Hondarribia, 2022-09-09. Argazkia: Kemen

  • Noiz: Irailaren 9a.
  • Non: Hondarribian.
  • Nork: Kemen dantza taldeak
  • Noiztik: 2022tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

Igartzako ezpata-dantza (Beasain)

 

Joseba Juarez - Igartza 2014 ezpata-dantza 01
Igartzako ezpata-dantza, Joseba Juarez Mendizabal kapitain dela. Beasain, 2014-09-14. Argazkia: Iñaki Erauskin

  • Noiz: Iraileko bigarren larunbatean.
  • Non: Igartza jauregi inguruan.
  • Nork: Aurtzaka dantza taldeak.
  • Noiztik: 2007tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.


Xemeingo ezpata-dantza (Markina-Xemein)

Xemeingo ezpata-dantza
Ezpata-dantza, San Migel, Markina-Xemein, 2022-09-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Irailaren 29an, San Migel egunean.
  • Non: Markina-Xemeingo Arretxinaga auzoan.
  • Nork: Zerutxu dantza taldea.
  • Noiztik: Lehen datuak 1906koak dira.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

Igantziko ezpata-dantza (Igantzi)

Igantziko ezpata-dantza
Ezpata-dantza, Igantzi, 2014-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Irailaren 29an, San Migel egunean.
  • Non: Igantzin.
  • Nork: Herriko gazteek.
  • Noiztik: 2004an berreskuratu zuten.
  • Tresnak: Makilak.

 

San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza (Iruñea)

Dugunako ezpata-dantzariak
Ezpata-dantzariak kaska loredunekin, San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza, Iruñea, 2013-09-29. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Irailaren 25tik gertuen dagoen igandean.
  • Non: Arrotxapean, San Fermin Aldapakoan.
  • Nork: Duguna dantza taldeak.
  • Noiztik: 2009tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Errosarioako Amaren ezpata-dantza (Elgoibar)

Elgoibar Errosarioko Amaren ezpata-dantza 2010 IZ 3790
Elgoibar Errosarioko Amaren ezpata-dantza, 2010. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: Errosario egunaren ondorengo igandean.
  • Non: Elgoibarren.
  • Nork: Haritz dantza taldeak.
  • Noiztik: 2009tik
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

San Martin ezpata-dantza (Miarritze)

San Martin ezpata-dantza
San Martin ezpata-dantza, Biarritz, 2014-11-09. Argazkia: Iñaki Zugasti-Dantzan CC-BY-SA

  • Noiz: San Martin egunetik igande hurbilenean
  • Non: Miarritzen.
  • Nork: Maritzuli dantza taldeak.
  • Noiztik: 2014tik (azken urteetan ez da egin).
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Urrezko Dominaren ekitaldiko ezpata-dantza (Donostia)

Ezpata-dantza Urrezko domina
Ezpata-dantza urrezko dominaren ekitaldian, Donostia, 2022-12-16. Argazkia: Gorka Bravo

  • Noiz: Abenduan, Gabon aurreko astean edo aurrekoan.
  • Non: Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren egoitzaren aurrean.
  • Nork: Gipuzkoako hainbat dantza taldetako dantzariek.
  • Noiztik: 2003tik.
  • Tresnak: Ezpata luzeak eta txikiak.

 

Azpilagañako ezpata-dantza (Iruñea)

Azpilagañako ezpata-dantza
Azpilagañako ezpata-dantza. Argazkia: Oberena

  • Noiz: Abenduaren 23an.
  • Non: Arrosadia eta Azpilagaña auzoetan.
  • Nork: Oberena danzta taldeak.
  • Noiztik: 2018tik.
  • Tresnak: Makilak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.