Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Gaztelan ere dantzatzen da aurreskua?

Dokumentuaren akzioak

Gaztelan ere dantzatzen da aurreskua?

2021/09/23 08:00
Gaztelan ere dantzatzen da aurreskua?

Danza de las mudanzas, Curiel de Duero.

Hiru belaunikatze egin, txapela airera bota eta danbor eta dultzainaren doinuan dantzan hasi da dantzaria, gurutzearen aurrean parez pare kokatuta dela. Danza de las mudanzas edo mudantzen dantza deiturikoak egiten dira Gaztelako Curiel de Duero herrian. Dantzaren hasieran eta bukaeran belaunikatzeak egin eta banaka gurutzeri jota dantzatzen diete maiatzeko Santakutz jaietan.

Gaztelako dantza horri aurreskuaren tankera hartu dionik ere bada. El aurresku de Castilla se baila en Curiel de Duero artikuluan aipatzen da badirela zenbait antzekotasun aurreskuaren eta mudantzen dantzen artean koreografiari zein jatorriari dagokionez. Banakako dantza erakustaldiak egiten dira omendu nahi denaren aurrean aurreskuan egin ohi den bezala, eta, dudarik gabe, dantzariak txapela gorantz botatzean, desafioaren aurretik gure soka-dantzetan aurreskuak eta atzeskuak egiten duten keinua gogorarazten du.

Curiel de Duero mudanzas

Aurreskuaren zantzu batzuk izanagatik, Arrastarian dantzatzen diren entradillen itxura handiagoa hartu diogu “Gaztelako aurreskuari”, bai koreografiari, baita jaiaren testuinguruari ere. Maiatza hasieran dantzatzen dira biak, meza ondorenean eta eliza atarian. Arrastarian aurretik prozesioa egiten da eta Curiel de Dueron ondoren.

 Otxomaioak, entradillak, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan  CC-BY-SA

Otxomaioak, entradillak, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan  CC-BY-SA

Lekeition San Pedro egunean dantzatzen den kaxarrankaren airea ere izan dezake. Gurutzearen aurrean dantzatu beharrean santuari dantzatzen zaio kasu honetan. Belaunikatzeak ez, baina erreberentziak egiten ditu dantzariak, eta horien ondoren jota dantzatzen du bakarka. Oñatiko dantzariak, berriz, Korpus prozesioan zehar erreberentzia egiten dute ekisainduaren edo kustodiaren aurrean. Belaunikatzeak eta txapela kendu ondorengo buru makurtzeak ere egiten dituzte korpus dantzetan.

Kaxarranka
Kaxarranka, Lekeitio, 2016-06-29. Argazkia: Olaiz Agirrebeña - Dantzan CC-BY-SA

 

Korpus erreberentzia
Erreberentzia, Korpus prozesioa, Oñati, 2018-06-01. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Kataluniako aurreskua

Badirudi norbait edo zerbait omentzeko gure aurreskuaren eredua erakargarri suertatu dela, eta 2015ean, gure aurreskua oinarri hartuta, Ball d'homenatge edo Omenezko dantza sortu zuten Katalunian. Sorkuntzak eztabaida ere ekarri zuen eta gurean argitaratu genuen Angel Vallverduk eginiko gogoeta eta kritika. Besteak beste, tradiziokoak ez diren osagaiak adoptatzearen inguruan hausnarketa egiten du Vallverduk; edo aipatzen du kataluniarrek banaka dantzatutako aurreskuari erreparatu diotela eta ez Euskal Herrian tradizioz dantzatu izan den aurreskuaren edo soka-dantzaren osotasunari.

Ball d’homenatge
Ball d’homenatge, Dansàneu, 2013.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.