Dokumentuaren akzioak
2022ko Sanferminak Iruña Taldean
Behartutako bi urteko geldialdia eta gero, ilusio handiz bizi izan ditugu Iruña Taldean 2022ko Sanferminak, programa zabalaz gozatzeko aukera izan dugularik kultur elkartean.
Praktika galdua genuen eta tsunami handia izan genuen festen aurreko prestaketa lan guztiekin: kamisetak, zapiak, basoak, egoitzaren prestaketa lanak… eta noski, dantza-emanaldietarako entseguak.
Urteroko Iruñeko eta Iruñerriko gainontzeko dantza taldeekin Foruen plazan uztailaren 6an egiten dugun emanaldiaz gain, aurten uztailaren 11n Sarasate pasealekuan beste dantza emanaldeia bat eskaini dugu.
Tamalez, uztailaren 6ko eguraldi euritsuak lehenengo dantza-emanaldi horretaz gozatzeko aukera kendu zigun, bai dantzariei baita Foruen plazara hurbildu ziren dantzazale guztiei. Emanaldia bertan behera utzi behar izan genuen bai, baina ez ziren pertsona gutxi izan dantzarako gogoari ezin eutsiz, euripean tartetxo batez behintzat dantzan aritzea erabaki zutenak. Guk pena handiz gure egoitzara itzultzea erabaki genuen. Jantzien egoera ona zegoen jokoan. Hala ere, egunaz gozatzen jarraitu ahal izan genuen egoitzan egindako bazkaria eta giro paregabearekin.
Sanferminek aurrera egin ahala termometroek egunetik egunera goraka egin dute Iruñean. Gure hirian esaten da Sanferminetan bi urtez errepikatzen dena ohitura bihurtzen dela, eta hala gertatzen ari da Iruña Taldeko mojito festarekin. Eguraldi beroei aurre egiteko, mojito fresko bat hartzea izan zen egun horretako moduetako bat.
Nahiz eta ez den gure taldeak antolatutako ekitaldi bat, gure programazioan txistularien alardeari tokitxo bat egitea aproposa iruditu zitzaigun, horren berri zabaltzeko asmoz, eta taldeko txistulariren batek beti parte hartzen duelako.
Eta konturatu gabe iritsi ginen uztailaren 11ko emanaldira. Dantza taldeak 50 urte egiten ditu aurten eta belaunaldien arteko emanaldia bihurtu genuen dantza-ekitaldia. Aukera paregabea eskaini zigun taldeko kide ohiekin berriz dantzatzeko, edo dantzatzen animatu ez zirenekin arratsalde polita pasatzeko.
Emaldian taldearen historiari errepasoa egin genion. Urte asko izan dira taldea euskal dantza eta musika zabaltzen aritu dena, Euskalerri osoan, bai eta atzerrian ere. Eta zalantzarik gabe, hasiera hasieratik, emanaldi gehienetan faltatu ez diren dantzekin hasi genuen emanaldia. Horretarako garai ezberdinetan Iruña Taldetik pasa diren dantzari eta musikariak gonbidatu genituen, nola ez, Pamplonas eta ondoren Luzaideko dantzak egin zituzten.
Azken urteotan, Euskal Herriko toki aunitzetan bezala, Iruña Taldea ere generoa eta dantzaren inguruko hausnarketa batean murgilduta egon da. Euskal dantzak azken hamarkadetan emakumeari ezarria zion papera aztertu eta berdintasunerako bidean, ordura arte mutilek bakarrik egiten zituzten dantzetan emakumearen parte hartzea bultzatu da. Aldaketa honen hastapena ondoren egin genuen Kortesko paloteadoa izan zen. Bertan oraindik ere emakumeak jantzi ezberdinarekin parte hartzen zuen.
Taldeko historian pixka bat atzera eginez, 1997an, bere ibilbidearen 25 urteen ospakizunen karietara, garai batean Iruñera zetozen konpartsen estiloan, Iruña Taldeko dantzari ohi batzuk elkartu eta Jesús Pomares taldeko dantzari ohiaren gidaritzapean San Lorenzoko dantzak sortu zituzten. Haien parte hartzea izan zen emanaldiaren hurrengo dantzak.
Generoaren eta dantzaren inguruko hausnarketarekin jarraituz, generoa markatzen ez zuten dantzen aldeko apostua egin zuen taldeak. Horren erakusgarri, Iurretako Dantzari Dantza egin genuen, non dantzari guztiek jantzi bereizketarik gabe eta berdintasunean parte hartzen duten.
Azken urteotan eta aurretik izandako esperientzia puntualei segida emanez (San Lorenzoko dantzen edo Kauteren festarako Animalien dantzen kasuan bezala), taldeak sorkuntza lanari ekin dio. Horren erakusgarri bi dantza egin genituen:
-
Euskal Herrian euskaraz dantza, abenduaren 3an, euskararen egunean, dantzatzeko sortutako dantza.
-
San Lorentzoko Ingurutxoa: San Lorenzoko festetan eskaintzen duguna.
Taldeko dantzari ohi asko genuen ikusleen artean eta fandango eta arin arina dantzatzera gonbidatuz eta bukaeran kalejira erraldoia eginez eman genion amaiera arratsaldeari. Zinez zirraragarria izan zen emanaldia.
Emanaldiaren argazki gehiago ikusteko klikatu hurrengo esteka: Iruña Taldea. Sanferminak. Uztailaren 11. Belaunaldien arteko emanaldia
Eta atsedenik gabe iritsi zen taldeak prestatu zuen Sanferminetako azken ekitaldia: kantu bazkaria. Hau ere ohitura bihurtzen ari dena. Paella ederraz disfrutatu eta gero, bazkalostea kantuan pasa genuen giro paregabean berriz ere. Arratsaldean Elektropikala elektrotxarangarekin buletatxoa eman genuen Alde Zaharreko karriketan barna eta bukatzeko, berriz gure egoitzara.
Hainbeste maite ditugun festa hauen balorazio ezin hobea egiten dugu. Orain atseden hartzea tokatzen da eta merezitako oporraldiaz disfrutatzea.
Eta ez ahaztu. Gutxiago falta da 2023ko Sanferminetarako!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Iruña Taldea
Iruña Taldea 1972an folklore esparruan euskal kultura hedatzeko asmoz sortu zen. Gaur egun taldea osatzen duten musikari zein dantzariek aurretiko belaunaldiek bezain gogotsu lanean jarraitzeko ilusio bera dute.