Dokumentuaren akzioak
Ttun-ttunak Erronkaribarren
Gertukoak sentitzen ditut Erronkaribarko Xeiak eta bertako ttun-ttunak, batez ere Izabakoak. Bikoteka zirkulu irekian dantzatzen da ttun-ttuna, gehienetan emanaldi gisa aurkezten da plazan, baina era irekian ere dantzatzen du herriak gauetan, adibidez. Jaiegunetan plazan edo Aiza Bulgu (udaletxe) aurrean dantzatzen da. Ttun-ttuna dantzatzeko bi doinu ezagutzen dira, Izabakoa eta Uztarrozekoa eta bi ttun-ttun horiek dira luzaroan bailaran dantzatu direnak. Azken hamarkadetan bi doinu horietan oinarritu diren beste dantza proposamen batzuk plazaratu dituzte, Gardekoa eta Erronkarikoa.
Aurtengo udan bailarako hainbat herritan izan naiz dantza hauek kanpotik bizitzen eta aukera izan dudanean herritarrekin ere parte-hartzen. Hemen uztailetik abuztura egin diren Erronkaribarko ttun-ttunak.
Uztarroze
Herriko jaietan, uztailaren 16an dantzatu da aurten ttun-ttuna herriko plazan jauzi batzuk dantzatu ostean Uztarrozen. Bailarako janzkera tradizionalarekin dantzatzeko ohitura ez dagoen arren, plaza hartu eta hamaika bikotek egin dute ttun-ttuna iluntzean. Uztarrozeko ttun-ttunaren doinua hartuta Garden dantzatzen den proposamena plazaratu dute.
Izaba
Uztaila bukaeran, Santiago egunez dantzatzen da ttun-ttuna eta bandera Izaban. Festetako egun nagusian, meza ostean bandera-dantza egiten du lehenik Julio Beretensek eta ttun-ttuna plazaratzen dute gero. Kurruskla Kultur Elkarteak bultzatuta, bailarako janzkera tradizionalaz jantzita daudenek dantzatzen dituzte lehenbizi Izabako eta Uztarrozeko ttun-ttunaren doinuak azken hamarkadetan herrian dantzatu izan diren bezala. Jarraian nahi duen oro batzen da Izabako ttun-ttuna berriz ere dantzara.
Izaban badute haien ttun-ttunean dantzan ari direla kantatzeko ohitura, bai dantzatzen dutenek eta ikusten ari direnek batera kantatzen dutena:
Ttun-ttun la Juana
ttun-ttun la Inés
ttun-ttun Genaro
ttun-ttun los tres.
Ttun-ttun la flauta
ttun-ttun tambor
ttun-ttun la gaita
de Nicanor.
Ikusi eta entzun bideoan Santiago egunean, uztailaren 25ean, dantzatu duten Izabako ttun-ttuna:
Erronkari
Abuztuaren 14an, Ama Birjinaren egunaren bezperan abiatzen dira Erronkariko Xeiak. Egun nagusia ordea abuztuaren 15ean izaten da, Ama Birjinaren egunean bertan. Eguna hasteko, meza ostean, Erronkariko udaletxe aurrean banderaren arbolatzea eta Erronkariko kintoen Ttun-ttuna dantzatzen dira urtero. Hortaz aparte, egunero iluntzetan dantzaldia izaten da.
Aurten Haritz Jamarrek (1996) eutsi dio herriko banderari eta berak dantzarazi du. Zerua urdin eta eguzkia bete-betean egon arren, haizeak ez dio erraz dantzatzen utzi, “igual dantzatu dudanen artean zailena izan da, haizeak eragin handia du norantza aldaketa horretan, bandera pilatzeko arriskua egonik, mugimendu batean edo bestean igarri dut...”. Duela hamar bat urte hasi zen Jamar Erronkariko bandera dantzatzen. Hasieran Andoni Iribarren hasi zen lan horrekin eta Julen Garjonek hartu zuen haren erreleboa. Geroztik Jamar eta Garjonen artean txandakatzen dira urtez urte. “Oso hunkigarria da, oso polita. Nik esaten dut, hau erronkariar orok dantzatu beharko luke behintzat behin. Baina dantzatzeko eskatzen dizu `indarra izatea´ eta zaila da hori denontzako dela esatea” dio Jamarrek.
Lehen aldiz dantzatu dute aurten 2006ko kintoek Erronkariko udaletxe aurrean bertako ttun-ttuna. Andoni Iribarrenek antolatu zuen gaur egun ezagutzen den Erronkariko ttun-tuna duela 15 bat urte. Amaia Mozo aritzen da gaur egun gazteei ttun-ttuna erakusten Iribarrenen erreleboa hartuta. Mozok dioenez "Hemen dantzatzen dugun ttunttuna ez da jatorriz hemengoa, hemen badaude Uztarrozekoa eta Izabakoa, Erronkarin ez zegoen berez doinurik". Hori horrela, Iribarrenek lagun batzuekin moldatu zuten doinua, gaur egun erabiltzen dutena prestatuz. "Ikasteko nahiko desastre izan da [barre artean]. Egia da neskak aurreko urteetako entseguetara etorri zirela eta nahiko ongi kontrolatzen zuten. Baina aurten nahiko zaila izan da denak elkartzea, uste dut ez dugula egin entsegu bat ere 5 bikoteekin, baina bueno". Urtero 5 bikotek egiten dute dantza, hala ere, aurten, lau bikote aritu dira, aurreko eguneko festagatik eta egunean bertako beroak eraginda bikote bat ezin izan baita dantzara atera.
2006. urtean 11 ume jaio ziren Erronkarin, hamar neska eta mutil bakarra, berau, Eneko Erbiti izan da ingurutxoan lehenengoa Julia Lopezekin batera. Bikoteak osatze aldera 2006ko beste hiru neskek aurreko kinta batzuetako mutilen laguntza izan dute. “Dantza gutxi gorabehera betidanik dakigu” diote kintoek, “Amaia Mozok irakasten digu ttun-ttuna, oso irakasle ona da, oso ondo azaltzen digu”. Urduri hasi dira ttun-ttuna dantzatzen baina segituan hasi da herria txaloka eta laguntzen. Jendea dantzara batu denean lasaiago aritu dira “politagoa da jendea gurekin dantzan hasten denean” diote.
Garde
Zazpi bikotek dantzatu dute aurten Gardeko ttun-ttuna. Oier Mendiolak zuzenduta bost egunez entseatzen egon ostean plazaratu da aurten abuztuaren 22an. 2001ean plazaratu zen lehen aldiz gaur egun ezagutzen dugun bezala. Oierren aitak, Josema Mendiolak eta Juan Antonio Urbeltzek egokitu zuten. Arkaitz Añorgako dantzarien talde txiki batekin dantzatu zuten aurrenekoz, Gardeko herritarrak zirikatzeko, “orduan jendea berotu zen eta aita prest egon zen erakusteko”. Oierrek Gardekoa du ama eta horregatik du halako lotura herriarekin, 2001etik urtero dantzatu izan du bi urtetan izan ezik, bata lesioagatik eta aurten jende nahikoa izan delako dantzan.
Hasieran arazoak egoten ziren dantzarako prest egongo zen jendea lortzeko, baina gaur egun jende gazteak dantzatu nahi du eta dantzatzen dutenek jarraitu egin nahi dute. “Gaur egun nik erakusten diet egun batzuk lehenago goiz, arratsalde... behar den guztia entseatzen dugu aurreko 5 egunetan. Ez da dantza zaila 3 pauso dira eta koreografia da ikasi behar dena, urtero-urtero ikusten dute eta ez da zerotik hasi behar den zerbait” dio Oier Mendiolak.
Ttun-ttuna entseatzen denean bandera ere lantzen dute Mendiolarekin. Normalean Ienego Marcok dantzatu izan du bandera, “hurrengo urterako badaude aldatzeko lanean, neskaren bat edo...”.
Eta hala, beste uda batez ttun-ttunak batu du Erronkaribar berriro ere. Adin guztietako herritarrak batu eta herriari dantzatuz.
Erronkaribarko ttun-ttunez gehiago: Erronkariko ttun-ttunaren historia osatzen
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Idoia Lahidalga Baglietto
Eibar, 1999.
Dantzaria eta argazkilaria naiz. Txikitatik Eibarko Kezka Dantza Taldeko kide eta gaur egun Eibarko Kezka eta Eskoriatzako Gorosarri Dantza Taldeetako irakasle.