Dokumentuaren akzioak
Gaueko dantzaldian batzen da Erronkari
Urtero lez, 21:15 puntuan hasi da jaietako lehenengo gaueko dantzaldia, Pxiten txirula doinua entzun eta bat-batean osatu da korroa Erronkariko frontoiko plazan Errumaniako Alunelul dantzaren bueltan. Denek dakite doinu horrekin batera ordu-erdiko dantzaldia hasten dela. Adin guztietako neska-mutilak, kilikiak, herritarrak direnak eta ez direnak, dantzak dakizkitenak eta aurrekoari segika dabiltzanak… Naturaltasun osoz hasi da herria dantzan. Hainbat euskal dantza dantzatzeko aukera izaten da ordu erdiz, eta dantzaldia bukatzeko Erronkariko ttun-ttun irekia egiten da. Ondoren zezensuzkoa. Txikitatik bizi izan ditut gertutik Erronkariko Xeiak. Aurten beste betaurreko batzuk jantzi eta dantza aldetik bizi ditut abuztuaren 14tik 17ra.
Urteak daramatza Amaia Mozo Munduatek gaueko dantzaldiaren ardura hartzen. “Erronkariko dantza irakaslea naizela esatea asko da”, esan dit barre artean. “Urtean zehar badago dantza talde bat, baina orain jaietan ttun-ttuna eta jauziak eta hainbat dantza dantzatzeko egiten ditugu hiruzpalau eguneko hitzorduak. Eta egiten ditugu entseguak, eta horietaz arduratzen naiz”. Etxekook askotan joan izan gara 21:15etako dantzaldira, izan ere, gure etxean jada izen hori du saioak. Hasieran hau guztia Andoni Iribarrenek gidatu eta antolatzen zuen. Txikia nintzenetik gertukoa izan zen Andoni gure etxean. Esango nuke bera izan zela nire eta nire ahizparen lehenengo dantza maisua. Berak erakutsi zigun plazara ateratzen, Izabako ttun-ttuna berarekin dantzatzen eta dantzan gaudela beti irribarrearekin egoten, “horrela konfunditzen bazara, ez da igarriko eta jendeak ikusiko du ondo ari zarela pasatzen”. Itzul gaitezen Erronkariko gaueko dantzaldira. Andonigatik hasi ginen etxekook 21:15ean Erronkarira joaten.
Mozok gogorarazi dit, hau guztia Iribarrenek sortu zuela duela 12-15 urte. Ttun-ttuna Erronkarira egokitzearekin batera hasi zen Andoni jauzien pausuak eta arin-arina erakusten. “Orduan hau dena Andonik sortutako zerbait da. Andoni zendu zenean (2016), nik hartu nuen lekuko hori, habilezia gutxiagorekin, baina bueno, eta egia da polita dela, zeren eta plaza jendez betetzen da”. Entseguetara ume asko joaten dela aitortu dit. Entseatzen duten errepertorioan hogei bat dantza dituzte “Jauziak ez ditugu egunero guztiak egiten, joaten gara txandakatzen eta gero badaude batzuk, txikiak engantxatu nahi baditugu ba haiek jolas moduan hartzen dituztenak; esku-dantza, txapeloaz bikotea aldatuz, borobila… umeentzat oso erakargarriak dira jokoa ematen dutelako!”.
Gozatu ederra eman genuen guztiok plazan, ordu erdiz guztiok bat izan ginen eta guztiok bat egin genuen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Idoia Lahidalga Baglietto