Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN Gérard Godon-ekin dantzaldia: kronika eta argazkiak

Dokumentuaren akzioak

Gérard Godon-ekin dantzaldia: kronika eta argazkiak

2017/05/19 12:15
Gérard Godon-ekin dantzaldia: kronika eta argazkiak

Gérard Godon Espaloian

Goxoa. Hori izan daiteke Gérard Godon-ekin izan genuen dantzaldia deskribatzeko hitz egokiena. Goxoa, eta interaktiboa, Gérard-ek 'behean' jo bait zuen, dantzarien artean, baita dantzariekin elkar-jokoan ere.

Herrixa Dantzan 2017-05-07: Gérard Godon

Argazki galeria hemen

Maiatzaren 7an izan genuen Godon-ekin dantzaldia Elgetako Espaloia Kafe Antzokian, Herrixa Dantzan egitarauaren barne eta Elgetako Udalak lagunduta. Espero baino dantzari gutxiago bildu ziren (hain aukera apartekoa izanda), baina halere hirurogei lagun pasa. Ez dago gaizki, eta leku aldetik dantzarako gustura.

Lotuan egiteko dantzak ditu Godon-ek gustukoen, eta horiek eman zituen batez ere: baltsak, scottish edo txotisak, polka, mazurka... Horien artean, bere beste zaletasun handi bat, erritmo irregularrak: azaldu eta eskaini zigun berak asmatutako scottish impair (irregularra), eta zortzi pultsuko baltsa. Batzuk azentuan, beste batzuk pultsu guztiak zapaltzen... Musika sentituz, dantzara! Lotuez gain, Frantziako bal folk dantzaldietan ohikoak diren Chapelloise eta Circle circassien (Borobila), geurean ere sobera ezagunak.

Frantziako Berry eskualdekoa da Godon, bertatik zetorren. Horregatik, proposatu zigun bere eskualdeko dantza genero ohikoena: bourrée. Bikoteka soltean egiteko dantza generoa da, gure jotaren baliokidea edo. Euskal Herrian arrotza zaigu, baina bere etxekoa zenez, proposamena onartu, eta han aritu ginen, lehenbizi 3/8 erritmoko bourrée bat ingurutxo eran inprobisatuta (doinua geure dantza-moldeetara ekarrita). Gero Agnès Perez-ek azaldu zizkigun binaka lerrotan egiteko molde erraz bat, eta beste bat korruan.

Ah, eta eman zizkigun ere Zazpi jauziak, Lantzeko zortzikoa (inoiz entzun dudan goxoen, eta gustura dantzatzekoa), eta fandango eta arin-arina.

Gustura. Bai dantzariak, bai antolatzaileak, baita musikaria ere. Guretzat gozamena, halako musikariak geurera ekarri, eta ohiko dantzarako beste sonoritate batzuk dastatu ahal izatea.

Bezperan Baionan

Bezperan Baionan izan zen Gérard Godon, Agnès Perez-ek antolatuta. Arratsaldean ikastarotxoa eman zuen Ahetzeko Denen xokoa dantza-gelan. 48 lagun bildu ziren Gérard-en eskutik baltsa, balts irregularrak (bost, zortzi eta hamaika pultsukoak), txotisa, txotis irregularra (scottish impair), eta mazurka lantzera. Tartean, baita Hegoaldetik joandako taldetxoa ere. Erritmo eta melodia oinarri hartuta, musika entzun eta sentitzetik landu zituen guztiak, oinak oso xuabe pultsatuta, goxo.

Eta gauean, Baionako Forum-eko dantza-gelan dantzaldi luzea. 70 lagun. Lehenbizi Godon. Ondoren, Mikel Perez-ek bal folk zirkuituan ohikoak diren beste dantza-pieza batzuk eskaini zituen. Eta amaierarako, Gasteizko Ilunabarrean Dantzan saioetako musikari taldeak bere dantzalditxoa eman zuen.

Agnès Perez-ek izan du Gérard Godon Iparraldera ekartzeko ekimena. Herrixa Dantzan-ek aprobetxatu nahi izan du, bi aldeen mesederako, eta Hegoaldera ere ekarri. Jasotako emaitza ona ikusita, animatuta gaude errepikatzeko. Dantzaldiaren osteko afarian tratua egin genuen datorren urterako. Adi, beraz.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.