Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HERRIXA DANTZAN DANTZA AFARI TEMATIKOAK

Dokumentuaren akzioak

DANTZA AFARI TEMATIKOAK

2015/02/09 16:40
DANTZA AFARI TEMATIKOAK

Repasseado mirandès

Zer da: Lagun arteko afari pasa eta dantza, Europako lurralde bat edo dantza genero bat hartuta.

  • Afari sinple baina berezia, landuko dugun lurraldeko janari motekin.
  • Afaldu bitartean, bertako musika.
  • Afalostean, bertako dantzak deskubritu eta gozatzeko tailer-dantzaldia.
  • OHARRA: Dantzan eskarmentua dutenei zuzendutako jarduera da.

 

Zergatik proposamen hau: 

Zaletasuna dut gure inguruko herrialdeetako dantza sozialak ezagutzeko. Halaxe, azken urteotan aukera izan dut Europako eskualde ezberdinetako dantzak probatzeko, tokian-tokiko irakasleekin.

Niretzat oso aberasgarria izan da. Disfrutatu dut, deskubritu ditut doinu, musikari eta dantza zoragarriak, deskubritu dut musika eta dantza tradizionala gaurko ikuspegitik bizitzeko beste modu bat, eta baita ere, etxera etorrita, eman dit 'euskal dantza' testuinguru zabalago batetan kokatzeko ikuspegi berria.

Baina aldi berean pena handia dut, jasotako dantza eder mordoxka ez dudalako apenas aprobetxatzen, ez praktikatzen. Eta faltan sentitzen dut zuei ere probatzen ematea, neronek bezala goza ditzazuen.

Hutsune hori nolabait bete nahian antolatu ditut Dantza-afari tematikoak.

Dantza-afari hauen helburua xumea da: jasotzeko aukera izan dudan dantza eta doinu eder hauek konpartitzea, une batez elkarrekin goza ditzagun.
 
 

Lurraldeak / Generoak:

Dantza sozialak proposatuko ditut, izaera ludikoa dutenak, dibertimendurako.
 
Zintzo jokatu nahian, bakarrik ausartzen naiz konpartitzen iturri zuzenetik eta ustez modu nahikoa egokian jaso ditudanak. Momentuz, hauek:

  • PORTUGAL: izugarri gustuko ditut Portugaleko dantza tradizionalak. Errazak eta alaiak. Herri dantzaldietarako oso egokiak. Azken urteotan mugimendu handia dago Portugalen, bertako dantza tradizionalak jaso eta berriro dantzaldietan gozatzeko (modu informalagoan, jakina). Bertako hainbat irakaslerengandik jaso ditut zuzenean. Dantza-doinu hauek jaso eta gaurko airean grabatzen ari diren hainbat musika talde sortu dira, eta hauek erabiliko ditugu gure tailer-dantzaldian.

  • HERRI BEHEREAK / FLANDRIA / WALLONIA: Lurralde hauetako kontradantzak praktikatuko ditugu. Hauek ere bertako irakasle eta musikariengandik jaso ditut. Polka, balts edota schottisch erritmoan, doinuak ederrak izateaz gain, oso gertuko sentituko ditugu. Korruan, ilaratan, kadrilean, bikoteak aldatzen... Kontradantza dotoreak, dibertigarriak.

  • ERRUSIA ETA ESTONIA: Hennie Konings irakasleak lan eskerga egiten dihardu Errusiako tradizioko musika eta dantzak jaso, gorde eta zabaltzeko. Harengandik jaso nituen launa eguneko bi ikastaro trinkotan Errusiako kontradantzak eta Horovod deritzon emakumezkoen irradaka dantzak (korruan lotuta egiteko dantza samur, eder, hunkigarriak). Doinuekin... maitemindu nintzen. Kontradantzak, energikoak. Irradakak, gozo eta hunkigarriak. Bestalde, bertako Klapp musika taldearengandik jaso nituen Setomaa herrialdeko musika eta dantza (hauek ere kontradantzak, Errusiakoen oso gertu). Errusia eta Estoniaren artean dago banatuta Setomaa herrialdea, Seto hizkuntza propioa duena.

  • EUROPAKO NEO-TRAD FOLK DANTZALDIAK: Europan zehar dantzaldi mota 'berria' ugaltzen ari da azken urteotan; eta fenomeno horren eskutik, musika tradizionala (edo aire berriak) dantzarako moldatzen duten neo-trad musika taldeak. Dantza jaialdi hauetan Europan zeharreko dantza estilo eta musikak nahasten dira, ez hainbeste 'fusio' baina bai halako entsalada tradizional modukoa sortuz (pozteko beste kritikatzeko duena), batere irizpide puristarik gabe, dantzarien gozatzeko helburu soilaz. Genero honetan ohikoak egin diren dantza batzuk dastatuko ditugu, bertan erabili ohi diren neo-trad aire berriekin. Tartean badira oso dantza gozagarriak eta musika oso ederrak. Tradizioko musika eta dantzaren dimentsio berri bat.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.