Zinta-dantza, edo patua irutearen dantza

2012/05/17
Zinta-dantza irute-lanaren eta, areago, patua bera irutearen alegoria litzateke. Esaterako, Afrikako fulani herrian halaxe omen diote: "Iragana eta orainaldia ezagutzen badituzu, etorkizuna ere ezagutuko duzu. Izan ere, iruleak darabilen haria geroa duzu; ehundutako oihala oraina da; eta behin ehundutako eta tolestutakoa, berriz, iragana".

Antzuola-zinta-dantza

Dantzaren egitura honakoa da. Erdi-erdian kokatzen den makil luze batetik -lagun batek edo bi lagunen artean tinkatuko dutena lurrean- dantzan parte hartuko duten dantzari bezainbeste zinta esekitzen dira. Dantzariok zortzi edo hamahiru izan ohi dira, makilaren inguruko disposizio borobilean, eta eskuineko eskuaz hartuko dute norbere zinta. Zinta zilborrestearen sinboloa da, eta dantzari bakoitzak, orain ezkerraldetik, orain eskuinaldetik, behin gainetik eta behin azpitik -bizitzan bezalaxe- denok garela elkarrentzako traba eta osagarri aurkituko du. Parez pareko etenaldi eta geldiuneak saihestuko ditu, eta dantzariek euren patua ehunduko dute. Trama osatu denean, zenit-era iritsi gara.

17_Bergara-1905-Zinta-dantza-San-Marcial

Gorenaldi honetatik talde osoak hasieran begiratu duen aurkako aldera begiratuko du. Lehen ehundutakoa desegiteko garaia da orain: kontrako gurutzamenduen bidetik, dantza sartalderaino iritsiko da; zenit-etik nadir-eraino. Dantza amai dadinean, dantzariak hasierako tokian izango dira, sinboloa osotu da, eta eskuek zinta -bizitzara lotzen gintuen zilborrestea- askatu ondoren, beste egoera bat zabaltzen zaigu...

Hala Gipuzkoan, nola Galizian, Valentzian eta iberiar penintsulako beste leku batzuetan, zinta-makilaren buruan pare bat uso izkutatzen zituen gailu bat kokatu ohi zuten, eta dantza errematatzen zen momentuan, askatu egiten ziren usoak. Beste kasu batzuetan, ordea, Bizkaian esaterako, zinta-makila enpalatutako “mairu” distortsionatu baten panpin edo txotxongiloaz ornatu izan da.

02_mayday1911

Euskal Herrian zeremonia beste dantza-ziklo batzuetako azken pieza gisa eman izan da zinta-dantza: halaxe da bai Bizkaiko ezpata-dantza zikloan, baita Gipuzkoako brokel-dantza zikloan ere.

Juan Antonio Urbeltz