Dokumentuaren akzioak
Iruñeko 2016ko Ezpalak jaialdiaren kronika
Ezpata bailitzan, arkatza zorroztu eta idatz dezagun aurtengo Ezpalak jaialdiaren kronika.
Gaizki hasi genuen jaialdia bezperan. Huelvakoak ongi heldu ziren Bilboko aireportura, Newcastleldarrak ere bai, baina ez haien ekipajeak. Musika tresnak eta ezpatak bai, baina ez dantzarako arropak. Kezka horrekin ekin genion maiatzaren 28ko egunari. Eskerrak Eibartarrek rapper ezpatak ezezik, morris dantzarien jantziak ere ba omen dituztela haien jantzitegian, eta haiekin jantzi genituen inglesak. Espezial!
Urko Aristiri galdetu eta esan zigun eguraldi ona enkargatu zigula goizerako, baina ez sobera luzatzeko, arratsaldean ekaitza zetorrela. Garantia horrekin ekin genion egunari. Maritzuliko Biarriztarrak izan ziren heltzen lehenak. Ondotik Eibarko busean, Eibartarrak, San Bartolome de la Torrekoak eta Newcastleldarrak. Lesakarrak autoz heldu ziren berehalaxe.
Kafetxo bat, lasai-lasai arropak aldatu eta 11:45etarako denak prest ginen Iruñeko Club Natacion-eko sarreran. 12:00ak aldera hasi genuen kalejira eta bazterretan hamaika lagun zintzarri doinuko desfile koloretsuari so. Halako batean heldu ginen Burguen plazara.
Duguna-Iruñeko dantzarion dantza-eskolako haurrena izan zen lehen txanda. Ezpata-dantzen irudi koreografikoetan oinarrituriko esperimentu moduko bat egin zuten bi taldetan banatuta, haien irakasleetako batzuekin batera.
Ez ziren denak aritu. Izan ere, Maritzuli konpainiaren San Martinen ezpata-dantzako arku-dantzarien artean Dugunako 12 infiltratu txiki zeuden. Iaz Biarritzen dantzatzekoak ziren, azkenean ezin eta txirrinta kentzeko aukera heldu zitzaien berriz Iruñean. Beraz, Biarritzeko talde jendetsuaren txanda izan zen jarraian. 28 ezpata-dantzariko tropela, 12 arku-dantzariz osatutako beste bi talde, 6 ezpata-txiki, buruzagia... Jendetsu eta koloretsua izan zen lapurtarren jarduna.
Biarriztarren ikusgarritasunetik San Bartolome de la Torrekoen sotiltasunera. Jaialdia bukatu eta lagun batek baino gehiagok aipatu zigun zeinen ederra egin zitzaien andaluziarren dantzakera. Guri ere bai. 7 aldairez osatutako ezpata-dantza erakutsi ziguten gaita -gure txistuaren gisako tresna- eta danborraren aginduetara. Mugimendu dotore, duhin, zehatz, pausatu baina energiaz beterikoak. Oso dantza zeremoniala. Oso dantza ederra. Gozada bat!
Andaluziarren solemnitatetik Lesakarren bizkortasunera. Txistuen erritmo biziarekin bat, zubiak eta makil-gurutzeak, batetik-bestera. Jendeak txaloz eskertu zituen lesakarren ahaleginak. Mutil-dantza, Zeharkakoa eta Zubi-gainekoa eman zituzten indar handiz.
Newcastleldarrak bihurri sartu ziren plazara. 5 rapper ezpata-dantzari eta dantzak aurkeztu eta publikoarekin interakzioa bilatzen zuen kapitaina. Mugimendu azkar eta korapilatsuak zapateatuekin tartekatu zituzten dantzariek, kapitainak zirikatzen zituen bitartean. Uneka, ezpatekin sorturiko izarrek edo dantzarien itzulipurdiek ikusleak txaloka jarri zituzten. Ederra ingelesen lana ere!
Etxekoekin hasi eta etxekoekin bukatu behar... Eibarko Kezka dantza taldekoak etxekotzat ditugu eta haiekin batera "Aunitz urtez" ezpata-dantza plazaratu genuen Burguen plazan. Arrateko ezpata-dantzaren eta Sanfermin Aldapakoaren arteko senidetzetzat har genezake muntaitxo hau eta publikoak zinez eskertu zuen. Emanaldiaren argazkiren bat jar genezake, baina agian hobe ezpata-dantza osoa ikustea?
Pentsa liteke, ordu t'erdiko emanaldiarekin amaitu zela Iruñeko Ezpalak jaialdia, baina ez! Bazkariaren ondotik, eta jada bere ekipaje eta arropak berreskuraturik, ingelesak tabernaz taberna kurritu zuten Iruñeko alde zaharra garagardo truke hainbat orduz. Eguna Eibarren nola argitu zien, eibartarrek kontatu beharko dute...
Hasier Moreno-ren argazki bilduma ederra ikus dezakezue hementxe:
Eta jaialdi osoaren bideoa, hemen, Nafar Telebistaren eskutik:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ezpalak jaialdia
Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.
Orain arteko Ezpalak
2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak
Jasotako azken erantzunak
- Ezpalak jaialdia on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Ion Lizarazu on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Kezka dantza taldea on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
- Patxi Montero on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
-
axeri on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
axeri2009/05/06
-
Urki on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
Urki2009/05/06
-
on Jo makilak, dantzatu oinak!
-
Kezka - Duguna on Egitaraua
Kezka - Duguna2007/05/10
-
matx on Egitaraua
matx2007/05/10