Dokumentuaren akzioak
Ezpalak 2014, Iruñeko jaialdiaren kronika
Joan den maiatzaren 24ean egin genuen Iruñean, ttunttuneroak protagonista izan dituen 2014ko Ezpalak jaialdia. Aurtengoa goizera pasa genuela-eta, ikuskizun zegoen ia guztia: taldeak garaiz iritsiko ote ziren, ikusleek erantzun ona emanen ote zuten eta beti bezala, eguraldia. Honako honetan ere ez zigun batek ere hutsik egin.
Ohi baino garaizago esnatu behar izan genuen aurten, beraz, baina oraindik ere goizago esnatu ziren Cambrills-eko lagunak. 9:30etarako Iruñean ziren. Gainontzekoak ere poliki-poliki, baina ordu onean ttanko, heldu ziren gurera: Zamorarrak eta Ingelesak Eibarko lagunekin busean, Itsasuarrak eta Berriztarrak autoetan... Lehen zalantza argitua. Kafetxo bat hartzeko denbora ere izan zuten janzten hasi aitzin.
12:00etarako denak prest ginen Iruñeko Club Natación kirol elkarteko ate aitzinean. Oraindik azken aldi batez begiratu behar izan genuen zerura. 4 tanta txiki. Deus! Bigarren zalantza ere uxatua. Estafeta karrikaren buruan segizioa montatu eta han hasi ziren txistu, xirula, flabiol, pipe eta flauta hotsak. Ziklisten karrera bat udal plazatik pasatzen ari zenez, gure ohiko ibilbidea aldatu behar izan genuen, baina arazorik gabe heldu ginen Burgoen plazara. Jendez aski betea zen eta musikaren doinuak entzutearekin bat, beteago oraindik. Azken duda ere argitua. Eguzkia ere atera zen... pentsa!
Giro horretan hasiera eman genion jaialdiari. Etxeko ttunttuneroak izan ziren lehenak plazara ateratzen. Iñaki Sagardoi eta Julen Leuzak haien musika tresnak astintzen hastearekin bat, hasi ziren San Fermin Aldapakoaren Ezpata-dantzariak kriskitinak ere astintzen. Bandera-dantzatu eta oinarria ehundu ondotik, kapitainek haien belauntxingoa egin eta egindakoa desegin zuten. Azken galeria bat eraiki eta handik sartu ziren plazara taldeko txikiak Zuberoako "buhameak" eta "makil-dantza" egitera. Makilen gainean dantzan nagusi batzuek baino abilezia handiagoa erakutsi zuten! Honakoan, plazaren erdian txülülari eta atabalari, Eiande Aranburu eta Julen Leuza, berriz.
Angel Vallverdú izan zen plazara irteten, hirugarren "ttunttuneroa". Cambrils-etik heldutako bere dantza lagunekin bat, bertako 3-4 Ball de Bastons edo makila-dantza interpretatu zituzten. Tarteka, zenbait gomendio ere eman zizkien Angel-ek dantzariei (mugi pixka bate harago...) hala, bere musikari baina dantza-maisu papera ederki betez.
Gertuko beste "musikari baina dantza-maisu" bat atera zen plazara ondotik. Itsasutik heldu zen Xabier Itzaina xirularia, beste 3 musika-lagunekin. Itsasuko dantzak gordetzen eta zabaltzen aritzen den Ataitze dantza taldea izan genuen dantzan haiekin. Zenbait jauzi, gabota eta dantza-korda erakutsi zizkiguten modu eder eta goxoan dantzatuak. Plazerra begi zein belarriendako.
Zamoratik Mario Martinez Roncero flauta eta tanboril jotzailea heldu zitzaigun, ondotik, Muelas del Pan-eko paloteadoreekin. Muelas del Pan-eko dantzariak hainbatetan ikusiak genituen Youtuben, haien makilak jotzeko modu bizi eta koreografia laberintikoekin. Etxean eta zuzenean ikusi ahal izatea berezia izan zen, guretako zein gainontzeko ikusleendako. Jo zizkieten txaloak horren lekuko.
Ingalaterratik Stephen Rowly "Pipe and tabor" jotzaileak hartu zuen plaza, jarraian. Berarekin batera, Feet Together Jump taldeko dantzariak. Alex Merryk zenbait morris dantza egin zituen bakarka eta ondotik, "hobby horse" edo zaldiko batekin (hurrengo Ezpalak baterako gaia?). Estephen Rowlyk ere erakutsi zuen plaza gizona izan badela eta Burgoen enparantza osoa jarri zuen dantzan haiekin batera.
Etxean hasi eta etxean bukatu zen Iruñeko aurtengo Ezpalak jaialdia. Berriz-etik heldu zen German Aldekoa txistularia eta berarekin batera San Lorenzo dantza taldeko dantzariak. Dantzari-dantzako zenbait parte, Erregelak eta Banango-zaharra jo eta dantzatu zituzten, maisuki. Ederra izan zen ohituta gaudena baino dantzari beteranoagoak modu horretan dantzan ikustea. Pena haietako batek min hartu zuela dantzan. Hemendik, ahalik eta lasterren osatu dadila desiratzen diogu!
Emanaldia muxikoak dantzatzen bukatu genuen eta ondotik bazkaria, bazkalburukoa eta alde zaharretik zenbait trago, euripean. Eskapada ederra egin genuen! Ia heldu den urtean nola moldatzen garen eguraldi txarrari ixkin egiteko. Seguraski goizez!
Iñaki Zugastik hartu zituen argazki ederrekin apaindu dugu kronika hau. Argazki guztiak ikusi nahi izatekotan, klik egin hemen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ezpalak jaialdia
Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.
Orain arteko Ezpalak
2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak
Jasotako azken erantzunak
- Ezpalak jaialdia on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Ion Lizarazu on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Kezka dantza taldea on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
- Patxi Montero on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
-
axeri on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
axeri2009/05/06
-
Urki on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
Urki2009/05/06
-
on Jo makilak, dantzatu oinak!
-
Kezka - Duguna on Egitaraua
Kezka - Duguna2007/05/10
-
matx on Egitaraua
matx2007/05/10