Dokumentuaren akzioak
Ezpalak 2013. Eibarko emanaldiaren kronika
Urkizuko plazan elkartu ginen denok ere, dantzari eta musikari. Batzuen azkenengo atontze beharren eta besteen entsegu inprobisatuen artean, 12:00etan kalejiran ustezko errekako uretan gora egin eta, 12:30 pasatxo, Untzaga plazara iritsi ginen. Plaza, jendez lepo, zain; aurkezpen berba laburrak eta etxeko Kezkako lagunek plaza hartzearekin ekin zitzaion erakustaldiari. Arrateko makil-dantzaren moldaketa, Orbaizetako eskudantza eta azkenik J.M.Guilcher-en " La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français" horretatik berregindako fricaseéak eragindako irri eta barreek borobildu zuten saioa.
Atzetik, entzun berri genuen doinua errepikatuz ia, Antzuolako Oinarineko lagunek haren sorgin-dantza erakutsi ziguten, gizonezkoak denak ere, buruan koloredun kapela konikoak zituztela batzuek eta beste horrenbeste andrazko jantzita bikote joku dibertigarrian.
Hurrengo atera ziren gizon-emakume bikoteen garaierak eta urdindutako adatsak ikusteaz batera antzeman zuen publikoak Antzuolatik baino harataxeagotik zetorrela Osloko Byttomfoten folkedansgruppeko beterano kuadrilla. Gozagarri eskeini zizkiguten bikoteen arteko liskar joko eta maitasun tratuak.
Callús-eko bastonersak ziren hurrengo programan. Melodia berari tiraka, bikoteko jokoak barik paloteado ederra eskeini ziguten.
Fricaseé doinuak Zuberoara egin zuen salto Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohien eskutik Maskaradetako estraktu alai batekin. Pitxu eta Kabanaren hitzaldi eta joko ironikoen testu inguruan, kerestuek haiena dantzatu ziguten nagusia eta haren laguntzailearen.
Lanen erdiak eginda, Zuberoatik Aretxabaletara jo genuen. Loramendi taldekoek 1975garren urtean berreskuratutako txinodantza eman ziguten. Urteko kintoek dantzatua, 1988az geroztik neskak ere aritzen dira "kamixa" zuria eta kapela buruan dutela dantzan.
Okzitanieraz fricaseé hitzak haserrealdia esan nahi omen, eta Toulouse inguruetatik etorritako L'Unioneko Le Quadrille Occitan taldeak bikote dantza alaiak dantzatu zizkigun beste behin ere haien arteko liskarrak antzeztuz eta zenbait tartetan akrobaziaz beteriko mugimendu ikusgarriak erakutsiz.
Jaialdiarekin amaitzeko berriz ere Kataluniara salto eginez, Bartzelonako Esbart Catalá de Dansaires talde beteranoa etorri zitzaigun. Modu pausatu eta koreografiatuan Sant Ferriol izeneko dantza erakutsi ziguten, aurrekoen ezpaletik hauek ere, aurtengo enborra osotuaz.
Eta eguerdia ondotxo pasatu genuela, tripa zorriak bueltaka, baina irribarrea jaialdi osoan gainetik kendu ezinda jardun eta gero, hurrengo urtera arte bertan utzi genuen Ezpalak 2013 jaialdiko erakustaldia. Bazkal ostean oraindik, talde gonbidatu eta kanpotik hurreratutako laguneri azken agurra egin aurretik Aiko taldearen erromeria gidatuaz gozatu ahal izan genuen giro ezin hobean, goizeko plaza berriz ere dantza eta dantzariz betez, tokatzen zen modu ederrean.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ezpalak jaialdia
Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.
Orain arteko Ezpalak
2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak
Jasotako azken erantzunak
- Ezpalak jaialdia on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Ion Lizarazu on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Kezka dantza taldea on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
- Patxi Montero on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
-
axeri on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
axeri2009/05/06
-
Urki on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
Urki2009/05/06
-
on Jo makilak, dantzatu oinak!
-
Kezka - Duguna on Egitaraua
Kezka - Duguna2007/05/10
-
matx on Egitaraua
matx2007/05/10