Ezpalak 2011. Eibarko emanaldiaren kronika
Ohi bezala, kalejiran egin genuen Urkizutik Untzagarako bidea. Txistulariak eta trikitilariak aurretik, eta dantzariak atzetik.
Behin Untzaga plazan, herriko taldeak, Kezkak egin ireki zuen jaialdia. Josu eta Irati fandangoan hasi...
eta konturatu orduko plaza dantzariz beteta zegoen, dantza soltean egiteko gogotsu. Kezka dantza taldeko eta dantza eskolako ikasleak ziren.
Ondoren Ezpalak jaialdirako etorritako lehen taldeetako baten txanda izan zen. Zaragozatik etorritako Xinglar taldearena. Aragoiko jota neurtu eta estilizatuak aletu zituzten, dotore eta lerden.
Italiatik, Calabriatik, Rareca Antica taldekoek tarantella ekarri zuten Untzaga plazara. Doinu bizi eta alaiak, eta giro berora ohituta daudela frogatuz, bizi-bizi dantzatu zuten.
Euskal joten erakusgarri, Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea izan genuen. Bikoteka eta laukoteka, jota eta porrua, lehenengoa eta bigarrena, ezaguna zaien indar, grazia eta zorroztasunez dantzatu zituzten.
Transilvaniatik bi bikote dantzari eta sokazko musikari taldeak, Errumanian bizi diren ijito hungariarren dantzak egin zituzten. Batzuk ijitoen tankeran jantzita eta besteak hungaroen tankeran jantzita.
Asturiasko Vezos Astures taldeak, jotetan "a lo pesado" dantzatzea zer den garbi erakutsi zuten, indarrez markatuz jotetako urrats desberdinak.
Ezpalak jaialdiko talde gonbidatuen ekitaldia La Bourre Gannatoise taldeak osatu zuen. Dantzari gazte eta musikari bikainez osatutako taldeak Gannat inguruko zenbait bourre aletu zituen, eta bikoteko dantza soltearen dituen loturak agerian geratu ziren.
Behin joten erakustaldia bukatuta, jotekin eta bestelako dantzekin gozatzeko txanda iritsi zen, bai dantzari eta bai ikusleentzat irekitako dantzaldietan. Jainaga eta Narbaizarekin lehenengo, eta Arrabots taldearekin ondoren, plaza erromeria nagusitu zen eta festak iluntzerarte iraun zuen.
Argazkiak: Iñaki Zugasti, Jon Iraola eta Felipe Loyola.