Ezpalak 2011. Iruñeko emanaldiaren kronika
Aurten behintzat eguraldiaren aitzakiarik izango ez genuela argi geratu zen goiz samarretik. Alde zaharraren eguna ospatzen zen gainera Iruñean eta giroa ere ziurtatuta zegoen. Dantzari eta musikarien lana baino ez zen falta.
Bazkaldu aurretik heldu ziren Iruñera Aragoi, Asturias, Galdakao, Italia, Frantzia eta Transilvaniako lagunak. Bazkaldu ondotik, 17:30etan ekin genion lanari, Alde Zaharretik egindako kalejirarekin. 18:00etan eman genion hasiera emanaldiari.
Dantzan lehenak etxekoak izan ginen. Duguna dantza taldeko kideok bi fandango eta beste bi arin-arin dantzatu genituen taldeko txistularien eta Iñaki Leibar trikitilari eta Itxaso Oregi panderojolearen laguntzaz.


Dugunaren dantza saioren ondotik heldu zen Aragoiko Xinglar taldearena. Ez dago esan beharrik jotak aparteko indarra dutela Aragoin eta horixe da Ezpalak jaialdian Zaragozako talde horrek eskaini zuena: Urrats berezi eta estilo indartsuz, bikotean eta soltean dantzatzen diren jotak.


Italiatik, Vesubio eta Calabria eskualdeetatik zehazki, etorritako Rareca Antica taldeak eman zion segida dantza-solte jaialdiari. Italiako ingurune horretan bada dantza mota bat bikoteen arteko jokorako bidea ematen duena: Tarantella.


Italiatik, berriro etxera bueltatu ginen, Galdakaoko Andra Mari dantzari talda jota eta porrusaldak dantzatzen ikusteko. Garai batean Euskal Herriko hainbat plaza eta erromeriatan egiten ziren dantza hauen gisako dantza motak. Denborarekin beraien agerraldi esparrua murriztuz joan bada ere, Andra Mari dantzari taldeak lan handia egin du Bizkaiko maisu eta dantzariekin pausu desberdin asko ikasi eta antolatzeko. Lan horren emaitza ikusi ahal izan genuen Ezpalak jaialdian, Iruñean.


Andra Mariren gisan Transilvaniako Kikerics taldeak ere euren eskualdeko adineko dantzariekin eta dantzari profesionalekin ikasi eta landu zituzten. Barru-barrutik bizi dituzten dantza eta musika hauek eskaini zituen Kikericks-ek Iruñean, Transilvanian bikoteka dantzatzen dituzten ijito-dantza bizi eta indartsuak alegia.


Gorteiatzea helburu zuten Asturiaseko tradiziozko dantza solteen adibideak ekarri zituen Iruñara Vezos Astures taldeak. Larunbat arratsalde horretan jotak, a lo ligero (arin-arin, alegia), el baile de arriba eta el baile de los viejos gisako dantzak erakutsi zizkiguten. Denak, bikoteka dantzatzen diren dantzak dira.


Azkenik, "La Bourrée Gannatoise" Auvergne (Frantzia) eskualdeko dantza taldea izan zen hango dantza ezagunenetakoak eskaintzen: Bourreak. Bikoteetan dantzatzen diren dantzak dira Bourree-ak, nahiz eta, bikoteak lerroetan antolatzeko joera izan ohi duten, horrela, Nafarroako ingurutxoen tankera hartzen dutelarik dantzaok.


Dantza taldeon emanaldia amaituta, ikusleen artean zeuden dantzarien txanda heldu zen, izan ere, Iñaki Leibar eta Itxaso Oregi lagunen eskutik dantzaldi irekia izan baikeguen postrea! Fandago eta arin-arin ederrak dantzatuz eman genion amaiera jardunaldiari.