Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ezpalak jaialdia Ezpalak 2010. Eibarko jaialdiaren kronika

Dokumentuaren akzioak

Ezpalak 2010. Eibarko jaialdiaren kronika

2010/06/04 11:15
Mutxikoak, azkaindarrak, bilantziko, mando zaharraine, lakartarrak, le monein, marmutx, xinple, gabota, branlea,...Erdizka, zote, dobla, pika, biga, ebats, eta hiru, ezker, eskuin, aitzina... Dantza-jauzi faltan ez ginen izan behintzat. Dantzari saiatuak, dantza-maisu jakitunak, musikari bikainak... dantzarako gogoa bazen eta dantza-jauzi faltagatik ez zen inor kexatuko behintzat. Dantzatu genuen eta gozate genuen.

Euria ohi bezala hurbil izan genuen, baina oraingoan ez gintuen urduri jarri, eta langar tanto batzuk Untzaga plazan utzita aurrera egin zuten hodeiek. Ez genuekan astirik euritarako, dantzarako geunden zita eginda.

Ezpalak, nazioarteko dantza tradizionalaren jaialdian dantza-jauziak izan ditugu ardatz. Larunbatean Iruñeko emanaldian lehen saioa eginda, igandean dantzariak mutxikoetan jarraitzeko asmoz bildu ginen Eibarren.

2010-05-30_Ezpalak-Txebi-Arriaga_8039

Kezka dantza taldeko dantzari eta dantza eskolako ikasleek ireki zuten plaza. Uztaritzeko inauterietako bi pieza, marmutx eta xinple, eta zapatain dantza ofizio-dantza egin zituzten dantzari heldu eta gaztetxoek. Andoni Altzibar, Roberto Altzerreka, Iñaki Barua eta Garikoitz Otamendi arduratu ziren musikaz.

2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-7801

Baztandarrek hartu zuten txanda segidan. Ohi bezala Aunitz urtez-ekin plazaratu ziren eta agurtu zituzten ikusleak. Patxi Larraldek, txistua eta ttun-ttunarekin plazaren erditik gidatu zuen dantza, eta Rafa Baron dantzaren buru zela zazpi jauzi zaharra eta mutxikoak dantzatu zituzten baztango dantzariek. Ez dira talde antolatua, jaialdirako elkartu diren mutil-dantzen multzo bat baizik. Baztango zortzikoarekin atera ziren plazatik baztandarrak ikusleen txalo zaparrada artean.

2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-7812 2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-7820

Argia dantzari taldea plazaratu zen segidan. Taldeko dantza-maisuak izan ziren Untzagako plazan. Juan Antonio Urbeltz buru zutela, Fernando Aristizabal, Jexux Larrea eta Claude Iruretagoienak bi jauzi eman zituzten zuberoako dantzakeran: Aitzina pika edo marianak eta ostalertsa, bai karaktere dotorez eman ere. Marian Arregi, Mikel Urbeltz eta Arantzazu Mujikak jarri zioten doinua dantzei, eta bai eder jarri ere.

2010-05-30_Ezpalak-Eibar-IZ-7853 2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-7875

Biarnotik,  Jean Luc Mongaugek musika eta dantza maite duten lagun taldea ekarri zuen Ezpalak jaialdira. Ossau haranean Sauts Basques izenekoak egiten dituzte, alegia, euskal jauziak, eta horietako batzuk dantzatu zituzten Eibarren: la crabo, le munein eta le moutchicou hain zuzen ere. Aipagarria mutil-dantzariek eta iparraldeko dantzari zaharrek darabilten suspentsio bikoitzarekin dantzatzen dutela biarnoarrek, eta interesgarria izan zen ikustea, dantzari batzuk aldian behin beren buruaren inguruan biratzen zutela besteek ohiko urratsekin jarraitzen zuten bitartean.

2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-7935

Biarnoarrek plaza utzita, Aiko taldea eta Maritzuli konpainiaren txanda iritsi zen. Azkaindarrak dantzatu zuten lehenik Beteluk irakatsitako Lapurdiko dantza-moldean eta Alvaro Garciaren kitarraren doinura. Ondoren, lakartarrak eta ahuntxa egin zituzten, desafio erara dantzatuta. Maritzuli eta Kezkako dantzarien artean Amikuzeko gabota egin zuten eta mutxikoak egin zituzten segidan.Azken honetan, Claude Iruretagoiena eta Patxi Labordak dantza-jauziak dantzatzeko izan diren beste eredu eta estilo batzuk erakutsi zituzten.

2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-7963 2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-8058

Dantza-jauzien erakustaldia bukatzeko, baztandarrak eta Kezka taldeko dantzariek añuar ttipia dantzatu zuten Aiko taldearen doinura. Batzuk mutil-dantza erara eta besteak jauzi erara, aritu ziren dantza bera egiten.

2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-8183

Taldeen erakustaldia bukatuta, plaza ireki eta ikusleek ere jauziak egiteko aukera izan zuten. Patxi Larraldek bilantziko txiki, bilantziko zaharra, zahar-dantza eta mando zaharraine jo eta denek dantzatu zituzten, eta segidan Aiko taldeak hainbat jauzi jo zituen, Patxi Labordaren gidaritzapean denok dantzatu ahal izateko moduan: lapurtar motxak, mutxikoak, tellagorri, branlea,...

2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-8309 2010-05-30-Ezpalak-Eibar-IZ-8209

Bazkalostean, dantzaldiak jarraitu zuen Aiko taldearekin, jota, pasodoble, jauzi eta ingurutxoak tartekatuz. Aurtengo ezpalak jaialdia bukatu da, baina jauziak dantzatzeko gogoa piztu zaionak badu aukera aparta, datorren ekainaren 12an, Aiko taldeak Urraska, dantza-jauzien inguruan prestatu duen CD eta liburua aurkeztu, eta dantzatzeko aukera eskainiko baitu Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Lauetan erdizka!!!




Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ezpalak jaialdia

Ezpalak jaialdia

Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.

Ezpalak2018-txiki

Orain arteko Ezpalak

2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak