Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ezpalak jaialdia Iruñeko Ezpalak karaktere dantzen jaialdiaren kronika

Dokumentuaren akzioak

Iruñeko Ezpalak karaktere dantzen jaialdiaren kronika

2009/08/13 09:18
Maiatzaren 23an izan genuen Iruñean, 2009 urte honetako Ezpalak jaialdiaren emanaldia.

Azken urteotako ohiturari jarraikiz, zerura begira hasi genuen eguna, izan ere, ekaitza ematen baitzuten iragarpenek arratsalderako. Bazkal ostean, hodei eta hodei artean ostarteren ikusten zenez, arriskatu eta jaialdia kalean egitea erabaki genuen. Hartara, 5:30ak inguruan, Salestarren ikastetxetik abiatu ginen kalejiran aurtengo emanaldian parte hartuko genuen taldeok. Estafeta, Mercaderes, Gazteluko plaza, San Nicolas eta Pozo Blanco kaleak girotu ostean, Udal plaza eta azkenik Burgoen plaza zeharkatu genituen, bertan emateko hasiera jaialdiari.





Duguna dantza taldea izan zen jaialdia irekitzeko arduraduna. Taldeko txikienek izan zuten zeregin hori. Jaialdiko zutabea, dantza preklasikoak edo karaktere dantzak izanik, Zuberoako tradizioko urrats sinpleak eta gutxieneko abilezia nahasten dituen Zuberoako makil-dantza egin zuten txikitxoek.

Ondotik, nagusien txanda izan zen. Gipuzkoako dantzen urratsen sorta bat erakusteko asmoz, "Ehun ta bikoa" izeneko doinu zaharra egin zuten Akier Percaz eta Aritz Ibañez dantzariek.









Iurretako dantzarien txanda heldu zen segidan. Dantzari-dantzatik Agintariena, Zortzinangoa, Banangoa, Makil-joko nagusia eta Txontxongilo egin zuten Karmelo Barruetabeña txistulariaren doinupean. Ondoren Erregeletan aurreskuaren eta atzeskuaren dohainak ikusteko aukera izan genuen. Bukatzeko, herriko nesken laguntzaz, fandangoa eta arin-arina egin zuten.









Iurretatik Eskoziara egin genuen salto. Highland Dancing motako dantzak eskaini zituzten bertatik hurbildutako dantzariek. Bakarlari gisa aritu ziren eta bi emanalditan erakutsi zuten haien lana, izan ere, dantza hauek eskatzen duten indarra eta teknika dela eta, nekagarria omen da saio luzeegiak egitea. Highland Fling, Seann Triubhas eta lehenago Dugunako txikiek egindako makil-dantzarekin lotura eginez, Sword Dance dantzatu zuten eskoziarrek.







Zuberoako Aitzindariak taldearen txanda izan zen ondoren. Hainbat herritako dantza taldeen batasuna osatzen du Aitzindariak elkarteak eta beraz, Zuberoako herri ezberdinetako dantzariak izan genituen aldi berean dantzan Iruñean. Maskaradetako lau aitzindarik (Gathuzaina eri zen eta ezin izan zuen Iruñera etorri) barrikada, branletik haustia, jauzi bat eta godaleta eskaini zituzten, trebe.







Pirinioak alderik-alde gurutzatu eta Mediterraneoaren ertzean kokatzen da Proventza, bere dantza ohiturak gordetzen asmatu duen beste herri bat. Iruñearekin lotura handia duen eskualdea da izan ere, San Zerningo Burgo franko zaharra, Proventzatik etorritako biztanleez osatuta egon baitzen neurri batean. Dantzetan eta musika doinuetan ere ikusi ahal izan genuen hurbiltasun hori. Doni eta urratsetan esaterako, Zuberoako dantzekiko antzekotasun handiak nabarmentzen ziren proventzakoen emanaldian. Arlequine, Gavotte, Fille de Marbre, Anglaise, Matelotte, Pas de basque, Farandole technique eta Farandole dira egin zituzten dantzak.







Eskoziako dantzarien bigarren emanaldi motzaren ostean (Blue Bonnets eta Irish Gig izeneko dantzak egin zituzten), Duguna dantza taldeak bere bigarren partehartzeari ekin zion, jaialdiari bukaera emateko. Euriak ia bi orduz bakea eman bazigun ere, tantatxo batzuk botatzen hasi zen une honetan eta euritako festa izan genuen Burgoen plazan. Hala ere dantzariek gogotsu dantzatu zituzten Gipuzkoako tradizioko beste bi pieza, Uztai-txikiena neskek eta Brokel-makilena mutilek.









Herriak elkarrengandik bereizten gaituzten ezaugarriak nabarmentzeko erabiltzen da maiz kultura tradizionala. Ezpalak jaialdiaren helburua justu alderantzizkoa da, batzen gaituzten elementuak, komunean ditugun osagaiak (konketa eta hortzetako eskubillaz gain...) nabarmentzea. Ezpata-dantzak, makila-dantzak eta arku-dantzak ardatz izan dituzten jaialdiak bezalaxe, karaktere dantzen inguruko jaialdi hau asmo horrekin burutu dugu.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ezpalak jaialdia

Ezpalak jaialdia

Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.

Ezpalak2018-txiki

Orain arteko Ezpalak

2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak