Dantza-jauziak, 2010eko ezpalak

2010/05/05
Dantza genero zahar eta intesgarria osatzen dute dantza-jauziek eta mutil-dantzek. Jean Michel Guilcherrek dioenez, XIX. mendean hainbat idazle ohartu zen jauzien garrantziaz, baina ongi ezagutzen ez dituenarentzat konplexutasun handia dute. S. Harruguet-ek 1927an idatzitako hitz hauek jasotzen ditu Guilcherrek: "Dantza guztien artean, originalenak, berezienak, originalenak, zientifikoenak esan genezake, dantza-jauziak dira".

Zenbait adituren iritziz, berpizkundean maiz dantzatzen ziren branle eta soka-dantzen bilakaera berezi bat osatzen dute dantza-jauziek. Sokak eten dira, baina zirkuloaren irudia eta zirkuloari begira dantzatzeko joerak eutsi dio. Horrekin batera, doinu eta urrats segida luze eta bitxien errepertorio izugari aberats bat ekarri digute dantza-jauziek.

Desagertzeko kinka  larrian izan dira ordea. 60ko hamarkada hasieran jauziak oso urrituta ziren plazetatik eta ikertzaile eta sustatzaile sorta bati esker berpiztu eta plazetan sendotu dira berriz jauziak. Pierre Betti Betelu, Jean Michel Guilcher, Migel Angel Sagaseta, Juan Antonio Urbeltz eta Claude Iruretagoiena dira berpizkunde horren eragileetako batzuk.

Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Baztan eta Bearn dira dantza-jauzien, mutxikoen eta mutil-dantzen gordeleku naturalak. Baina horietatik haratago zabaldu eta errotu dira eta gaur egun badira taldeak hilean behin elkartu eta plaza agerian nahiz areto itxietan dantzatzen dituztenak, Baiona, Biarritz, Angelu, Donostian, Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta beste hamaika herritan, festatan nahiz festatik kanpo.

Aurtengo Ezpalak jaialdian dantza-jauziak izango ditugu ardatz, eta maiatzaren 29an Iruñean, eta 30ean Eibarren, talde eta dantzari bikainen eskutik dantza-jauzien eredu, estilo eta tradizio desberdinak ikusi eta ezagutzeko aukera izateaz gain, dantzaldia ireki eta edonoren parte hartze eta gozamenerako dantza-jauzien ekitaldiek osatuko dute ekitaldia.