Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Plazako dantzen sukarra Iruñea aldean

Dokumentuaren akzioak

Plazako dantzen sukarra Iruñea aldean

Plazako dantzen sukarra Iruñea aldean

Urtarrileko Karrikadantza. Arg: Aitor Urkiza

2011. urtean abiatu zuten Iruñean Karrikadantza ekimena Karrikiri, Zaldiko Maldiko eta Nafarroako EDB elkarteek eta zenbait norbanakok, eta orduz geroztik egin du bere ibilbidetxoa. Batzuetan arrakasta handiagoz, besteetan gutxiagoz. Batzuetan toki batean, besteetan beste batean. Batzuetan karrikan, besteetan aterpean. Edozein gisaz, hilabete bakoitzeko hirugarren larunbatero biltzen dira Iruñea aldeko dantza zaleak jauziak, fandango eta arin-arinak, baltsak, pasodobleak eta enparauak dantzatzera.

Orain arte, eguraldi ona aurreikusten ahal den hilabeteetan soilik egin izan da Karrikadantza, euriaren eta hotzaren beldur. Baina duela gutxi Iruñeko alde zaharrean Kafe Zentral izeneko kafe antzoki gisakoa ireki dutela probestuz, urtarrilean eta otsailean bertan egin dira, eguerdiz, neguko dantzaldiak Kafekadantza izenpean. Izenarekin ez dakit (tira, bai, badakit), baina ekimena ostatu horretara eramatearekin bete-betean asmatu dute antolatzaileek. Arrakasta erabatekoa izan da. Inoiz baino jende gehiago, lehenago agertzen ez ziren lagun asko eta ostatuko zerbitzariak ere dantzan. Dena den, eguraldia heltzearekin berriz ere karrikara aterako da Karrikadantza (Martxoko dantzaldia, 21ean, oraindik ere Kafe Zentralen eginen dute).

Karrikadantza4-Urkiza

Karrikadantza2- Urkiza

Baina hilabetean behingo dantza-zita hau gutxi iduriz, eta zenbait dantzari beteranok "Jauziaren gaua" antolatzen hasi ziren iaz, Biarritzeko "Muxiko gaua" erreferentzia gisa, Iruñeko Hiru Erregeen hotelean. Afaria eta dantzaldia. Joan den otsailaren 28an egin zuten bigarren edizioa eta 380 lagun bildu ziren. Ikaragarria! Aurten, non eta Baluarten egiteko asmoa zuten baina goranahia apaldu behar izan zuten eta hotel xumean afaldu. Kiki Bordatxo eta bere taldea izan zuten musikan (iaz, Karrikadantzako musikariak). Lastima bakarra (eta agian, aztertzekoa) dantzari gaztetxo askorik ez dela agertzen zita horretara!

IMG-20150310-WA0013

 

Edozein gisan, dantzatzeko grina asetzeko aukera badela Iruñea alde honetan!

Dokumentuaren akzioak

2015/03/13 20:07
Zorionak eta aurrerabide oparoa Karrikadantzari!! Dantzaldi ederra da zuena. Gogo handia dut Kafe Zentraleko saioak ezagutzeko.

Herrixa Dantzak hileroko saioak ere aterpean dira. Horietatik bi, tabernatan. Dudarik ez, tabernak beste giro bat ematen dio dantzaldiari, eta beste oihartzun bat. Ederra Iruñeako leku berri hori aprobetxatzea, eta zoriontzekoa / eskertzekoa Kafe Zentralek Karrikadantzari babesa ematea.
2015/03/16 10:57
Bai ba! Ostatukoek lehenengo egunean galdetu zuten:
-Baina hau zer da urtean behin? -Jende oldea ikusita-.
-Ez, ez, hilabetero!
-Benetan?
 Uste dut haiek ere pozik daudela. Zerbitzari batzuk behintzat dantzan, ta besteak ikasten. Eta denak (Karrikadantzaren egunetan behintzat) euskaldunak!!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.