Dantzari nafarrak Zaragozako Expo-n
Iragan udaberrian, Nafarroako Gobernuaren kultura sailetik deia jaso genuen: 2008an Zaragozan egitekoa zen Expo unibertsalean gure taldearen parte hartzea eskatu ziguten. Nafarroari eskainitako egun bat ospatuko zuten ekainean eta hemengo dantza taldeen ordezkari gisa nahi zuten Duguna dantza taldea, besteak beste. Halako ikuskizun bat presta genezan nahi omen zuten.
Telefonoa eskegita 2 sentsazio izan genituen. Alde batetik poza, egindako lanaren nolabaiteko aitorpena izan zitekeelakoan, baina bestetik, mesfidantza pixka bat ere bai, gure erakundeetako zenbait kudeatzaile nolakoak diren ezagututa edozein gauza espero baigenezakeen. Edozein kasutan, baiezkoa-edo eman genien, kontuak argitzen joanen ziren esperantzaz.
Urtea joan da eta datak estutzen zihoazela ikusirik gonbitea egin zigutenekin harremanetan jarri ginen aurreko astean. Eta hara non esaten diguten Nafarroako Gobernuko goi instantziek betoa jarri digutela (programa goitik behera aldatu dute, beste batzuk ere baztertuz), abertzaleegi-edo ote garen. Zein eta gure taldea, beste batzuendako munduko heretiko handiena, hain zuzen justu kontrakoarengatik, omen.
Gure ordez, Tuterako udal dantza taldea eramanen omen dute. Talde horren zuzendaria UPNko zinegotzia da Tuteran.
Gogaituta nago kanpokoen aurriritzi petralekin. Utziko al digute lasai dantzan egiten?