Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi San Pedro egunez Lekeition, jauregitik jauregira dantzan

Dokumentuaren akzioak

San Pedro egunez Lekeition, jauregitik jauregira dantzan

San Pedro egunez Lekeition, jauregitik jauregira dantzan

Kaxarranka Abaroa parkean, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

San Pedro egun berezia espero genuen aurten Lekeition, dantzarik ere ez zela izango pasa zitzaigun burutik; baina Etorkizuna dantza taldeko kide bati galdetu eta baietz! Ezohiko lekuan eta formatua aldatuta, baina aurten ere aterako zituztela bai kutxa eta bai soka. Abaroa Jauregian ekitaldia itxia izango zela aurreratu ziguten eta kazetarientzako gonbidapen bat eskuratu ziguten.

Dantzazaleontzat ekainaren 29a egutegian borobiltzeko moduko eguna da eta aitortuko dizuet nire egutegian ez ezik bihotzean ere halaxe dudala gordeta. Ez naiz sinestuna, baina batzuetan pentsatzen dut San Pedroren giltzetan badudala fede pixka bat. Ekainaren 29 batean hartu nituen gurasoen etxea utzi eta nire txokora joateko giltzak eta ekainaren 29 batean bukatu nuen unibertsitateko gradua ere. San Pedro eguna ospatu beharreko eguna dudarik gabe eta zer hobeagorik, Lekeitiora joatea baino.

Urolatik Artibaira

Urola kostatik abiatu naiz Gipuzkoan barrena, Eibarren geldialdia egin, lankidea jaso eta Lea Artibaiko itsasertzerantz. Helmuga zulo-zuloan zegoela geneukan buruan, baina errebuelta aldrebes batzuk pasa eta konturatzerako iritsi gara Lekeitiora. Herrira sartu orduko ikusi dugu jauregi elegante bat, lorategi zoragarri baten erdi-erdian. “Uribarren Abaroa egoitza” kartel handia eta alboan azalpena: jardin botanikoa eta hegazti exotikoen bilduma pribatua. Denboraz iritsi gara, bertan aparkatu eta paseoa eman dugu inguruan, dantza non egingo ote zuten eta irudiak hartzeko lekurik egokienak zein izan zitezkeen pentsatzen.

Lekeitio: San Pedro 2020 eguzki-dantza
Eguzki-dantza kofradiako patioan, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Lekeitioko Udala

Okerreko giltza

Garaiz eta fin hasi dugu eguna gure ustetan, baina zitatutako ordua gainean eta ez da dantzari, ez txistulari, ez da inor ageri. Entzuten dugun soinu bakarra jardineko hegazti exotikoen kantua. Beldurtzen hasi eta udaleko webgunean begira hasi gara, azken orduko aldaketaren bat izan ote da? Ezetz ematen du, kofradian dantzatu dutela irakurri dugu eta jarraian Abaroan izango direla kaxarranka eta eguzki-dantza.

Lekeitio: San Pedro 2020 Kaxarranka
Kaxarranka kofradiako patioan, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Lekeitioko Udala

Gu, ordea, ez gaude lasai. Minutuak aurrera doaz eta bakar-bakarrik gaude. Bueno bakarrik ez, txoriak ez dira isildu ere egiten. Halako batean pertsona bat gerturatu da, egoitzako langilea eta galdetu diogu ea noiz diren etortzekoak dantzariak. Ipini digun aurpegia ikusita, orduan bai larritu garela. Ez dakiela ezer, adinekoen egoitza dela hura eta han ez duela uste dantzarik izango denik. Nagusiari galdetu dio eta... “hemen ez, hori komentuan!”. 11:30erako 10 minutu falta dira! Traste guztiak hartu eta erdi korrika kalean gora abiatu gara egoitzako langilearen atzetik. Pena eman diogu eta aldi berean grazia ere egin diogu, algaraka, berak lagundu digu Abaroa parkeraino. Posible al da Lekeitioko kaskoan bi jauregi egotea, zein baino zein ederragoak, biak lorategi zoragarriekin eta kasik izen berarekin?

Abaroako atean

Iritsi eta segituan konturatu gara huraxe zela lekua; atearen inguruan, hori da ilara! Ehun eta berrogeita hamar lekeitiar ate kanpoan zain-zain. Zortekoak beraiek, zozketaz aurtengo kaxarranka eta eguzki-dantza ikustea egokitu zaien herritar pribilegiatuak. Idoiari tresnekin lagundu diot, baina bera bakarrik sartu da, aurrez jakitun ginen batek bakarrik zuela sartzeko baimena.

Lekeitio: San Pedro 2020 eguzki-dantza eta kaxarranka
Lekeitiarrak kaxarranka eta eguzki-dantza ikusteko Abaroa parkera sartzeko iladan, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Kanpoan gelditu naiz, giroa jaso eta ondorengo elkarrizketak prestatzen. Despistaturen bat ere hurbildu zait, ea zer ari zen pasatzen galdezka. Ateko hesira hurbildu naiz, behin han egonda, musikarekin bakarrik ezin ba konformatu eta ea dantzak ikusten nituen, barrote artetik bada ere. Halako batean ordea, “lau leku soberan daude, norbaitek sartu nahi?” entzun dut, San Pedroren ahotsa ote da? Arduradun batek keinua egin eta sartzeko esan dit. Azkena sartuta, atze-atzean kokatu behar izan dut, baina loteria tokatuko balitzaidan bezala poz-pozik. Ia bukatzen, baina Uskola kaxan dantzan ikusi ahal izan dut aurtengoan ere.

Lekeitio: San Pedro 2020 eguzki-dantza eta kaxarranka
Lekeitiarrak Abaroa parkera sartzen kaxarranka eta eguzki-dantza ikustera, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Euritan eguzki-dantza

Arraunlarien laguntzaz sartu da Asier Uskola kaxarrankaren gainean Abaroako jardinera. Txistu doinuen erritmo berean hasi dira euri tantatxo batzuk. Aterki batzuk ireki dira, baina kutxa gainean dantzan jarraitu du. Sarrera, fandangoa eta arin-arina dantzatu eta konturatzerako ezkutatu da jauregi atzera. Txalo zaparradak eta irrintziren bat edo beste entzun da, baina ezin konpara Sanpedropeko edo plazako giro eta berotasunarekin.

Lekeitio: San Pedro 2020 kaxarranka
Kaxarranka Abaroa parkean, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Amaiur Aristi- Dantzan CC-BY-SA

Jarrian emakumeak sartu dira aurreskuan-dantzan. Eguzki-dantza hastearekin batera gelditu dira euri tantak ere. Kattalin Aranzeta ahizpak aurresku eta atzesku direla atera dute soka Etorkizunako dantzariek. Zertxobait laburtu dute dantza eta bukaeran sokara ikusleak gonbidatu beharrean kaxarrankako dantzaria eta arraunlariak gonbidatu dituzte.

Lekeitio: San Pedro 2020 eguzki-dantza
Eguzki-dantza Abaroa parkean, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Esan bezala, azken iladako eserlekuan kokatu behar izan dut eta ezin irudi onik hartu nire mobil eskasarekin; baina lasai egon naiz Idoia Lahidalga lankidea aurrean ikusten bainuen kamera handiarekin. Hemen hasierako eserlekuetatik jasotako irudiak eta elkarrizketekin osatutako bideoa:

Aurreskua eta atzeskua ere zozketaz

Umoreko hartu gaituzte Aranzeta ahizpek, nahiz eta bietako bati emakume bat ari zitzaion esaten ea dantzan barrerik zergatik ez zuen egiten, “ez duzu aitaren alaba ematen, harek duen barrearekin”. Barrez eta eskertuta jarri dira kamera aurrean, ez kamerak gustatzen zaizkielako, baina normalean bigarren planoan gelditzen direla diote. Kaxarrankara zuzentzen dira foku gehienak eta kazetari askok ez dituztela kontutan hartu ere egiten.

Lekeitio: San Pedro 2020 eguzki-dantza
Eguzki-dantza Abaroa parkean, Lekeitio, 2020-06-29. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA
 

Normalean apirilaren hasieran hasten direla entseatzen azaldu digute, “baina aurtengoan espres izan da”. Saiatzen dira urtero aurreskuak eta atzeskuak txandakatzen, denek izan dezaten aukera postu horietan dantzatzeko. Aurten, ordea, ikusita prestatzeko denbora gutxi zegoela erabaki dute aurreko urteren batean ateratakoren batek dantzatzea. Txanpona airean bota eta bi ahizpei tokatu ez zaie ba!

Kaxarranka pribatua

Segidan Asier Uskola elkarrizketatzea izan da asmoa, baina bistatik galdu dugu. Aranzeta ahizpek ez dela urruti ibiliko esan digute eta segitzeko beraiei. Abaroatik metro batzuetara dagoen Kutur Etxearen kanpoan harrapatu dugu, arropak eta tresnak jaso nahian eta telefonoz hizketan, segituan eskegi du. “Gaurko egunez handik eta hemendik deitzen didate, orain zuek ezta? Nongoak zarete ba?”. Guk galdera gutxi egingo genizkiola esan diogu, Dantzan.eus-ekoak ginela eta urratsak jaso nahiko genituzkeela. “Nola ez ba!” eta Kultur Etxeko atarian bertan kamera prestatu eta eguneko azalpenak eta kutxaren gainean egiten duen dantza urratsez urrats azaldu digu, baita dantzatu ere!

Bukatu du eta goitik eta behetik txaloak. Konturatu ere ez gara egin, baina leihoetatik jendea begira genuen eta kalearen punta banatara ere lagun batzuk gerturatu dira. Abaroa parkera sartzeko pribilegioaz gain, Uskolak kaxarranka osoa dantzatu digu. Eskerrik asko! Auzokideek ere gustura asko hartu dute sorpresazko dantza saioa. Eguna aldrebes samar hasi dugu, baina azkenean ederki asko borobildu ahal izan dugu.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.